« Gazteak eta poesiaren akuilua | Odola eta euliak »
Rosa Parks: Nire istorioa / Rosa Parks / Jim Haskins (Amaia Astobiza) / Katakrak, 2025
Ezaren guda Nagore Fernandez / Berria, 2026-01-11
1955eko abenduaren 1ean gertatu zen. Rosa Parksek, 42 urte zituela, NAACP Askapen Afroamerikarren Kontseilu Nazionalaren mintegi bat antolatzen jardun ostean, lineako autobus bat hartu zuen Montgomeryn, Alabaman. Hutsik zegoen jarleku batean hartu zuen atseden, eta bertan jarraitu zuen, hurrengo geralekuan gizon zuri bat autobusera igo eta esertoki zuria erreklamatu zionean ere. Gidaria ere Rosa Parks eserleku zuritik altxa zedin tematu bazen ere, eta atxilo hartzeko mehatxatu bazuen ere, bere tokian jarraitu zuen, orduko segregazio legea guztiz desafiatuz.
Desobedientzia ekintza horixe izan zen, hain justu, AEBetako garraio publikoan zegoen segregazio lege arrazista inkonstituzionaltzat jotzeko detonatzailea, baita Rosa Parksen figura, haren izen-abizen eta guda pertsonalak ekintza horretara mugatzeko gertakizuna ere. Baina Rosa Parksen izana horretara bakarrik mugatzea, hein handi batean, horretara heltzeko egindako esfortzu eta bide guztia ukatzea litzateke. Eta horri erantzutera dator Katakrak etxeak Amaia Astobizaren itzulpen bikainarekin argitaratu duen Rosa Parks: Nire istorioa autobiografia.
Gizartean zabaldu den diskurtsoak ez bezala, liburuak, protagonistaren beraren ahotsa gidari izanda, parentesi artean eta oharkabean kontatu gabe pasatu diren horietan egiten du hazka, gertakizun sinboliko eta entzutetsu horretatik haratago, Parksen (gainontzeko) gudei ere egiten baitie argi. Liburuan biltzen dira, nola ez, autobuseko jazoera gogoangarriaren ingurukoak, aurrekoak, bitartekoak eta ostekoak, baina, baita (eta esango nuke batez ere) horra heltzeko Parksek ibilitako bide malkartsu eta nekeza, haren memoriak, sentimenduak eta ñabardurak ere. Xehetasunak ere lanbrotu egiten direlako, maiz, gertaerak eta pertsonaiak epiko egiten direnean. Arrazakeriaren arazoak, ostera, milaka aurpegi eta ñabardura dituela aldarrikatu zuen Assata Shakurrek bere Autobiografia bat liburuan, eta bilogia bat osatuko balute bezala, ñabardura eta konplexutasun horietan jartzen du arreta, hain zuzen ere, Rosa Parksek, Jim Haskinsekin batera ondutako obran.
Detaile horiek guztiak kontatzeko Parksek hautatu duen ahotsak eta erregistro linguistikoak limurtu naute gehien duda barik. Ez dihardu, inondik ere, posizio didaktizista edo dibulgatzaile batetik; ez dirudi gertaera gogoangarriaren inguruko azalpen xehe eta dokumentatu bat ematea denik helburu nagusia. Nitasunetik hitz egiten digu, bere erraietatik, eta idazlearen eta irakurlearen arteko elkarrizketa pribatu eta intimo bat proposatzen du horren bitartez. Barrura begirako horretan, Parks zaurgarri agertzen zaigu baina ez horregatik ahul; zaurgarritasunak sendotasuna ematen diola iruditu zait, bai protagonistaren figurari, bai obrari berari ere. Izan ere, diskurtso kulturalaren epikotasun eta iragazgaiztasun ororekin apurtu, eta hainbat jazarpen ardatzek zeharkatutako hezur-haragizko emakume baten gisan papereratzen zaigu. Gertaerak pertsonalizatzea eta haren izena eta izana aldarrikatzea ez ezik, esango nuke aitortza intimo horrek irakurlea bera ere interpelatzea lortzen duela. Niri hala gertatu zait, behintzat.
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza