« Fikzioaren bidezidor malkartsuak | Oihalkiak »
Jakintzaren arbola / Pio Baroja (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2006
Baina bazuen aitzindari-puntu bat Aritz Galarraga / Berria, 2025-05-04
Izan zitekeen Pio Baroja bera, baina Jakintzaren arbola-ko protagonista dugu azkenerako Andres Hurtado; zeinari “bizitza oro har, eta berea batez ere, gauza itsusia, iluna, mingarria eta ezin menderatuzkoa iruditzen zitzaion”; zeinak “bere bizitzako ia une guztietan bakarrik eta abandonatuta zeukatelako sentsazioa sentitzen zuen”; eta zeina, ondorioz, “bakartasun horrek bere baitan bildua eta tristea bihurtu zuen”. Ea, autodefinizio baterako ideiak dira horiek; gero, egiatan, tipoa agertzen zaigu nahiko utopiko, bizizale, are batzuetan errebelde ere, hasmentan zeharo, Batxilergotik fakultateko ikasketetara igarotze horrek eragiten dizkion halako ilusio batzuk tarteko: “Gauza guztien arrazoiak jakitea gustatzen baitzitzaion”. Medikuntzari ekingo dio.
Egia da inguruak ere ez diola askorik laguntzen, eskola bitartean jendea hizketan aritzen zen, tabakoa erretzen, eleberriak irakurtzen, inork ez zion azalpenari jarraitzen; diziplina zorrotza eta aldi berean samurra topatu ordez, zer eta eskola barregarri bat topatu zuen, ikasleek irakasleari iseka egiten ziotena. “Zentzugabeegia zen hura dena”. Garai horretan, gainera, Madrilek geldirik jarraitzen zuen, jakin-minik gabe, aldatzeko gogorik gabe, “Madril honetan behin-behinekotasun bera beti, larritasun bera beti, kroniko bihurtua, ezin bizi bera beti, dena berdin”. Areago, europar kulturak Espainian zuen eragina egiaz urria zen, eta, hala ere, optimismo-giro burugabe batek bizi zuen, Espainia osoa, eta Madril batez ere: “Espainiarra zen beti orotan onena”.
“Andres Hurtado desberdin sentitzen zen”, ez nau harritzen; “orientabide bat nahi zuen aurkitu, aldi berean espirituala eta praktikoa izango zen egia bat”. Medikuntzak, definitiboki, ez dio eskainiko: “Ospitalera joaten hasi zen eta egun gutxitara, Shopenhauerren pesimismoa ia egia matematiko bat zela pentsatuta zegoen”; “gehiago kezkatzen zuten gaixoen ideiek eta sentimenduek, gaixotasunen sintomak baino”; “inolako irtenbide praktikorik ez zuen anarkismo espiritual baterantz ari zen jotzen”. Suntsipenezko ideia aldrebesak bururatzen zitzaizkion, hala nola zezenketen zaleen aurkako hau: “Maiz pentsatzen zuen kaleburu bakoitzean dozena erdi metrailadore jarri eta zein atsegina izango litzaiokeen jai tonto odolgirozko hartatik zetozenetatik bat bere ere zutik ez uztea”. “Bai gauza ederra litzatekeela iraultza bat”, esatera iritsiko da. Arraioa, Baroja, barka, Hurtado jauna!
Izan ere, Andresen ahotik, besteren gainetik, edo haren lagun, bikotekide, emazte Lulurenetik, edo haren osaba Iturriozenetik, baina azken buruan konpendio filosofiko moduko bat jasoko baitugu, auskalo Baroja berarena. 1, esan dugu, eszeptiko, axolagabe, nihilista. 2, liberala: “Hari ez zitzaizkion gaizki iruditzen ez adulterioa, ez bizioak, ezta izugarrikeriarik handienak ere”; eta era berean, 3, moralista: “zurikeria, hipokrisia, asmo txarra, horiek iruditzen zitzaizkion gogaikarri”. 4, indibidualista: “Batek zer nahi duen, huraxe egin behar da”. 5, darwinista: “Bizitza etengabeko borroka bat dela, ehiza anker bat dela, denak elkar jaten ari garena. Landareak, mikrobioak, abereak”. 6, errealista: “bizitzaren aurrean bi irtenbide praktiko baizik ez daudela (…) edo abstentzioa eta gauza guztiei axolagabe begiratzea, edo ekintza, zirkulu txiki batera mugaturik”. 7, higienista: “elikadura mugatzea erabaki zuen, begetal-gauza baizik ez jan, eta ez dastatu ez okelarik, ez ardorik, ez kaferik”. 8, ez-nazionalista: “Uste zuen espainiarra, zientziarako nahiz zibilizaziorako ezgauza izanagatik, aberkoi sutsua izango zela behintzat, eta ez zen halakorik”. 9, materialista: “Moral hori ez da izango, ordea, lur pobre eta baliabide gutxiko batean bizi den arrazaren babesa?”. Eta 10 (nonbait bukatu behar), klasista-baina-onerako: “aberatsaren kontrako gorroto eta behartsuaren aldeko sinpatia ari zen bihurtzen” (ezabatu egokiak ez diren puntuak).
Eta Jakintzaren arbola-ko protagonista Pio Baroja bera izan zitekeela aipatu dugu hasieran, dakitenen ustean, idazlearen libururik biluziena delako, “autorearen gazte garaiko autobiografia bat ia”, Pio Caro Baroja ilobak definitu bezala. Ez zaigu askorik inporta. Alegia, autorearen heriotzan erabat sinesten ez dugun arren, eleberri batek funtzionatu beharko lukeelako idatzi duenaren asmo, biografia gorabehera. Zentzu horretan, interesgarriago, Miguel Sanchez-Ostizek idatzi zuena, bere garaiko egunerokotasunaren erradiografia eraginkorra dela, belaunaldi baten eleberria, 1900 inguru hartan gazte zirenena, baina, hain justu gazteen tasun eta keria batzuk jasotzen dituenez, bizitzea egokitu zaion garaiaren kontrako jaidura, esate batera, edozein garaitako gazteekin aski ondo konekta dezakeena. “Mutil honek ez zuen bizitzeko indarrik. Epikuroar bat, aristokrata bat zen, berak uste ez bazuen ere”, esango du batek Hurtadoz (Barojaz?) eleberriaren azken aldera. Eta beste batek arrapostua emango: “Baina bazuen aitzindari-puntu bat”.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Aitor Francos
Urrats galduen hotsa
Luis Garde
Jose Luis Padron
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi