kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Trilogia / Jon Fosse (Joannes Jauregi) / Elkar, 2024

Errepika hipnotikoak Hasier Rekondo / Deia, 2025-02-08

Jon Fosse-ri (Haugesund, Norvegia, 1959) 2023an Nobel Saria eman ziotenean, epaimahaiak aipatu zuen egile norvegiarrak “ahotsa ematen diola ezin esan daitekeenari”. Mota horretako epaimahaikideek erabili ohi dituzten definizio kriptikoez harago, egia da, haren lanaz irakurri dudan Trilogia honetan bederen, idazten denaz gain idatzi ezin daitekeenaz ere ari dela Fosse, maila ezberdinetan ehuntzen diren txatal narratibo errepikakorrez hornitua.

Joannes Jauregi itzultzaileak hitzaurre ederrean aipatzen duenez, Fosseren ezaugarririk aipagarrienetako bat atmosferak errepikapenen bidez sortzea da. “Errepika izaten da atmosfera horiek ehuntzeko baliabide nagusia”. Egilearen narratiba osoa zeharkatzen du, Jauregiren hitzetan, errepika horrek: “nobelaz nobela pertsonaiak, tramak, gaiak, motiboak eta abar errepikatzen dira…”. Nolabaiteko epifania bat lortzeko xedez, hauek nire hitzak dira, astunak izan litezkeen errepikok zentzu osoa hartzen dute haren unibertso erabat pertsonalaz jabetzeko. Fosseren estilo “bitxia”k badu irakurlea hipnotikoki haren mendean mantentzeko gaitasunik. Dena den, bitxitasun horrek, aldi berean, badu zenbait irakurle atzera botatzeko ahalmenik ere, zenbait pasartetan interesgarritasunak ez baitu hausporik.

Dramaturgiaren mundutik datorren egilea izanik, eszena bakoitzaren antolaketak izugarrizko garrantzia du Fosseren mundu narratiboa entelegatzeko. Pertsonaiek, askotan, ugaritan errepikatzen baitute esandakoa eta denbora ezberdinetan jausiak eginez eman ditzakete haien artekoa. Halaber, Fosseren narratiban irudi poetikoak ere pertsonaia bilakatu daitezke. Hizkuntza poetiko eta sinboliko boteretsu baten jabe, fiordoaren argitasuna, itsasoaren presentzia, udazkeneko euria edota giro lanbrotsua pertsonaien arteko harremana zapuztuetan errepikatzen diren motibo narratiboak dira. Alta bada, Fossek ez du soilik maila horretan geratzeko inongo asmorik. Musika eta maitasuna bihurtu baititu mundu izpiritualean kokatzeko ezinbesteko bidaide.

Istorio sinplea kontatzen zaigu. Asle eta Alida bikote gaztea, arrantzatik bizi zen Norvegia txiro batean bizirauteko ahaleginetan dabil jaiotzear dagoen Sigvald-i aterpe eman nahian. Bigarren plano batean, Asle legearen kontrako zenbait kontu bortitz burutu beharrean izango da. Petrolioaren garaiotako Norvegia aurreratuaren gaineko ikusmolde idealizatua zapuzteaz gain, Fosse-k erreferentzia biblikoak eta mitikoak barreiatuko ditu nolabaiteko errealismo magikoaren eta fabulen arteko eremuan. Asle eta Alida jazarriak Jose eta Maria izan litezke, Jesusen esperoan. Alta bada, bortizki erantzungo dute, edo beste alde batera begiratuko erantzun hori susmatzean, munduaren bortizkeriaren aurrean. Epelean biziraun nahi izateak ororen gainetik baitago. Orobat, badira zenbait pertsonaia, hala nola, Gizon Zaharra edo Neska Gaztea, fabularen lurraldeetara garamatzatenak. Sinboloak izanagatik, haragizko pertsonaien grinak partekatzen dituzte. Egia da lurralde gogor eta hits bezain ederraren atmosferak garrantzi handia duela Fosseren narratiban baina ez da alboratu behar zer kontatzen duen eta zer ez duen kontatzen.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak