« Errepika hipnotikoak | Denborak dena aldatzen du »
Negu batez Mallorcan / George Sand (Miren Arratibel / Aintzane Atela) / Ibaizabal, 1999
Kontakizun nahaspilatu, eta agian, bidegabe hau Aritz Galarraga / Berria, 2025-02-09
Aurore Dupinen seme Maurice eri zegoelako utzi zuten Paris grisa atzean eta egin zuten Mallorcarako bidaia, atseden, aire puru, ibilaldi bila. Frederic Chopin konpositorea ere, Dupinen maitale, ez zebilen oso katoliko, eta batu zitzaion espedizioari. George Sand gizon izenarekin publikatuko zituen gerora, publikatuko zituen bezala gainerako literatur lanak, bidaia hartako inpresioak, Negu batez Mallorcan izeneko liburuan. Hasten da wikipedikoki: “Balear nagusiaren deskripzio laburra egingo dugu, geografia hiztegi bateko artikulu arrunt baten antzera”. Baina berehala sartuko da lokatzetan, Bartzelonatik Mallorcarako barku bidaian zerriak bisitari arrotzak baino hobeki zaintzen dituztela ikustean. Zuhurki gaztigatuko gaitu: “Ziur nago inbidia baino gehiago errukia izango didazula”.
Eta errukia ez dakit, baina pena apur bat bai: ez dute ostaturik aurkitzen, euria hasiko zaie, gaixotasuna areagotuko da, autoktonoekiko tratuak konplikatuak dira. Hainbeste, ezen mallorcarraren erretratu aski arre, aski krudel bat aterako zaion azkenerako, esaldi honetan laburbil daitekeena: “Otoitz egiten du, basati bat bezain sinesbera da, baina kide bat jango luke, batere barne zimikorik gabe, baldin eta hori balitz bere herriko ohitura eta ez balego zerrikirik”. Jende salbai, asozial, atzeratu gisa aurkeztuko dizkigu uhartetarrak: “Bizitza intelektualik ez dutenez, hutsak eta hilak dira etxebizitzak, gure artean ez bezala, eta mallorcarrek antz handiagoa dute afrikarrekin, europarrekin baino” —oro arabiar aurkitzeko tema da aztertzeko modukoa, oso garaikoa, bide batez, Flaubertek ere egin baitzuen Bidasoa ibaia gurutzatu eta—. Diogunaren erakusgarri, eszena hau, zeinean indigena batzuek bi hegazti ezezagun ikuskatzen dituzten, eta dauden harridurak itota hiltzeko zorian: “Ez ziren ez kondorrak, ez fenixak, ez hipogrifoak, oilategiko bi antzara eder baizik, jaun dirudun batek bere lagun bati opari bidaliak”. Hain da bihozgabea, parrimurria ere ateratzen dizula.
Dena ez da ankerkeria, ordea, eta Sand kontziente da mallorcarren muga horiek guztiak, ez berezkoak, kontestuak inposatuak direla: “Axolagabekeria dute batetik, zailtasunak bestetik”. Ez alferrik, bidaia 1838an egiten dute, Espainiako Lehen Gerra zibil betean, irla nola-halako babesleku zelarik, “Mallorcako herritarrak estu eta larri bizi zirela gerratik ihesi joandako hogei mila espainiar hartu izanaren ondorioz”. Sententzia da borobila: “Gaitz morala ez da, gizakiarentzat, gaitz materialaren ondorioa besterik”. Bisitari arrotzak ere ez dira oso ongi ikusiak, noski, bikote bat, ezkondu gabea, ez dira mezatara joaten; emakumeak zigarroak erretzen ditu, galtzak janzten: “Egun batean nire haurrak harrikatu nahi izan zituzten nire semea komentuko hondakinak marrazten ari zelako”. Alegia, Europa aurrerazalearen ideiak ez zirela oraino iritsi Mediterraneoaren bihotzean dagoen irla eder horretara. Azken buruan, antzinako erregimenaren eta iraultzaren, Sandek defendatzen zuen iraultzaren arteko talka jasotzen du liburuak, gori-gori jaso ere: “Herritarren besoek birrindutako Inkisizioaren komentu bat ere garrantzi handiko gertaera da historian, erromatar akueduktu bat edo anfiteatro bat bezain garrantzitsua, hura bezain argigarria, eta hura bezain hunkigarria”.
Zergatik bidaiatu, orduan, horren beharrik ez badugu, are, gehituko nuke, halako esperientzia bat bizitzeko arriskua badago. Bada, hitz oso-oso jakingarriak ditu Sandek bidaiatzearen inguruan, gaur egunerako oso-oso baliagarriak: “Ba ote da ahaztu beharreko oinazeren bat ez duen inor, edo askatu beharreko uztarriren bati lotuta ez dagoen inor?”. Kontua da “garai honetan inontxo ere ez gaudela ongi, eta bidaia dela zerbait hobearen sentimenduak hartzen dituen irudi guztietan irribarretsuena eta engainagarriena”. Masa turismoa ezagutu baino mende bat lehenago idatzitako hitzak: “Guztiok bidaiatzen dugu asti eta diru apur bat dugunean; edo ihes egiten dugu hobeki esanda”. Zein da, beraz, bidaiatzearen berezko arrazoia: “Gizakien arteko harreman, lotura eta elkartruke abegitsuaren beharra dela iruditzen zait”. Manifestu bat balitz, nire sinadura leukake, zalantzarik gabe.
Mallorcarrek gaizki hartu zuten liburua, bistan da. Baina ehun urte berantago Llorenç Villalongak esango digu Sanden iritziak ez zirela akaso hain okerrak, are ehun urtean gauzak akaso ez zirela hainbeste aldatu. Gainera, gaizki esanak gorabehera, oroitzapen goxoa utzi zion uharteak idazleari: “Parisko lohiaren eta lainoaren ikusmirak gogaitzen nauenean, ixten ditut begiak eta berriro ikusten dut, ametsetan bezala, mendi berdatu hura, harri basati haiek eta palmondo bakarti hura, zeru gorrixkan galdua”. Sanden kontakizunak, hartara, irakaspen bat uzten digu, “xumea agian baina bene-benetakoa, gizakia ez dela zuhaitzekin, harriekin, zeru garbiarekin, itsaso urdinarekin, lore eta mendiekin bizitzeko soilik, baizik eta gizakiekin, hau da bere kidekoekin, bizitzeko”. Hara zertan den “kontakizun nahaspilatu, eta agian, nahi gabe, bidegabe hau”.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Amaia Alvarez Uria
Arrabioen gerra
Karel Capek
Jon Jimenez
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Asier Urkiza
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Nagore Fernandez
Negu batez Mallorcan
George Sand
Aritz Galarraga
Trilogia
Jon Fosse
Hasier Rekondo
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Mikel Asurmendi
Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Epilogorik gabe
Elena Sanchez
Aitor Francos
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Asier Urkiza
Pleibak
Miren Amuriza
Nagore Fernandez
Euskaldun fededun
Pruden Gartzia
Jon Jimenez
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Ibon Egaña
Amok
Stefan Zweig
Paloma Rodriguez-Miñambres