« Soinuen dantza | Errepika hipnotikoak »
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 2024
Euskararen zoriak euskaldunon nahikaria behar duelakoan Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-02-06
Sar hitza I
Jose Angel Irigarayren Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz saiakera, tipia adina mamitsua duzu. Izenburuak ageri-agerian jartzen du jorratzen duen gaia. Hizkuntza eta mintzoa ditu gai-hizpide. Giza komunikazioaz dihardu. Saiogilea poeta den aldetik, saio baitezpadakoa, erran nahi baita: aparta.
Elea baitezpadakoa da komunikazioan, ahozkoan nola idatzizkoan. Alta bada, ez dira adiera bakarrak. Zeinu-hizkuntza ere gure izatearen berebiziko espresiobidea da eta. Munta handikoak izanagatik, gure nortasun anbibalentearen adierak izaki horiek oro.
Saiakera, jakina, ez da berariaz giza-psikologiaz ari. Alabaina, hizkuntzak burua argitzera eraman gaitzakeen bezala, zenbaitetan zoramendu gisako zerbait eragiten digu buruan eta gure baitan. Egileak saioaren amaieran dioenez —interpretazioa haizu bekit—, poetek beste poeten testuak itzultzen dituztenean burua “galdu” egiten dute. Kasuon, “galdu” hitzaren bi adiera hartu ditut aintzat. Nolanahi den ere, ez dezadan galdu nire burua saiakera gotor hau interpretatu nahiz.
Sar hitza II
Egilea ahozkotasunaz ari da, baita gure izanaren barne-barneraino sartu ere. Laburrean dihardu baina sakon-sakonean, eta trinko: ez dago hizkuntza bizirik jendarte bizirik gabe. Ez dago hizkuntza bizirik, ahozkotasun-jarduerarik gabe. Izan ere, ba al dago sozietate osatu gabeko herririk? Honatx konklusioetako bat: komunikagarritasunak goi-gradua irits dezan hagitz muntazkoa dugu hitza eta mintzoa egokiro uztartzea.
Ahozkotik idatzizkorako jardunbidea menturazkoa izan da gurean, eta sano esanguratsua izaten jarraitzen du. Orain arte urratu dugun bidean barna garamatza saiogileak. Euskaldunok ez gara besterengandik bereizten, hargatik, gure ahozkotasuna ez zen higatu idatzizkora iragatean. Halarik ere, indar exogenoek berealdiko munta izan dute idatzizkoa gauzatzean. Jose Angel Irigarayren introspekziozko begirada zolitua funtsezkoa dugu, euskaldunok garena ezagutuko badugu.
Jendarte edota sozietate minorizatu bateko partaideak garen aldetik, gure hizkuntzak gaurdaino jasan duen endekapen prozesuaz ohartarazten gaitu. Ahozko ondareari dagozkion lan exogenoak hala nola endogenoak darabilzkigu iruinxemeak. Ederto batean jakinarazten dizkigu gure hizkuntzaren paradigmak. Jakina, liburu hau ez da lehenbizikoa ez bakarra jardunbide horretan.
Bide malkartsu horietan, hainbestetan patartsuak ere badirenak, bertsolaritzaren gaineko berezko ikuspegia eskaini digu. XX. gizaldiko 60-70 urteetan izan zen berpizkundeari eskaini begirada berarekin partekatu ahal izatea zorizko mentura da. Berpizkunde hartan Jorge Oteizaren eragin berebizikoa nabarmendu du. Irigarayren ibilbidea apur bat ezagutzen dugunontzako, jakinekoa. Oriotarraren Quousque tandem…! liburua mugarria izan baitzen egundainoko bidean.
Bertsogintzak arrazoia eta emozioa uztartzen ditu. Hizkuntzaren zirimolan gauzatzen (bide) da komunikazioa, mintzoak gurutzatzen edota elkartzen diren mugan gertatzen da zoramendua. Hizkuntzaren bitartez “zibilizatuak” —sozietatean osatuak— bilakatzen garenean, naski, orduantxe ordaintzen dugu zoramendutik salbuetsiak izateko petxa. Izan ere —saiogilearen ele eta hitzen jarraikitzen betiere—, erabateko kaosa inon eta ezein espezietan existitzen ez den fantasia baita.
Giza-jarduera oro kaos-eromen dialektika horretan gauzatzen da. Jardun dialektiko horrek kutsatzen du gure aiurria, zuzen edo zeharka. Konparazioenera, jaia dugu espresiobide berezia eta nagusietako bat. Jaia denbora linealetik at garatzen da, denbora zirkularra osatuz. Orduantxe nabarmentzen (bide) da hizkuntzaren orgia.
Intertestualitatea, plagioak eta beste. Alegia, deus ez. Laugarren atalean gaude daborduko. Orain arteko hiru ataletan gure izatearen kontrobertsiak ageri izan badira, laugarren honetakoak dituzu esanguratsuenak. Kontrobertsia horiek ez dira behiala aspaldikoak. Gaur-gaurkoak dituzu.
Irakurle, testuak eta kontrobertsiok zure eskuetan uzten ditut berauek ezpaldu ditzazun.
Irten hitza III
Sartu, sartu naiz bada. Erran nahi baitut, liburuan nahiz beraren iruzkina gauzatzeko bidean sartu naizela. Nola irten, ordea? Honelaxe: gure historiako hizkuntz-pasarte horiek egungo aldira ekartzen lagundu aldera, gibelera begiratze horretan, irteera moduko bat aurkitu dut. Eta da:
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz saiakera ez dela lehena ez bakarra adierazi dut arestian. Izan ere, berau irakurri bitartean, Enrike Zabalaren Euskal alfabetatzeko literatura (PAX argitaletxea, 1979) liburuarekin topo egin dut. Tira, topo egin dut, apalategitik apalategira haren peskizan jardun ostean. Saiakera duzu honako hau ere bai. Juan Mari Lekuonaren Hitzaurrea eta Enrike Zabalaren Sarrera testuak dituzu liburuaren abiaburuan. Gure letren historian ezezagun samarra den Enrike Zabalak “Zer da literatura?” galdera pausatzen du. Aburu interesgarria eman zigun aspaldi hartan.
O tempora, o mores. 45 urte joan dira liburua publikatu zenetik. Liburu horrek izan zuen adinako munta opa diot Jose Angel Irigarayren saiakera oparo honi. Biek ala biek merezi dute. Saiogileak eta saioak.
Zer bertzerik nahi nuke? Bada, gure belaunaldikook euskaldun bilakatzeko bidean, euskaldun alfabetatuak izateko eta literaturaz jabetzeko izan genuen irrika izan dezaten gaur egungo belaunaldietako herritarrek. Nahikunde soil hutsalaz harago joanez, euskararen zoriak euskaldunon nahikaria behar duelakoan.
Post Scriptum
Erran gabe behar luke, baina betiere enkaxka errana: J. A. Irigaray eta E. Zabalaren liburuak ez dira alderagarriak, ez gaietan ez bertzelako moldetan ere, ez bada, bi liburuen funtzioetan. Hots, euskaldunok eleetan kultibatzea.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Amaia Alvarez Uria
Arrabioen gerra
Karel Capek
Jon Jimenez
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Asier Urkiza
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Nagore Fernandez
Negu batez Mallorcan
George Sand
Aritz Galarraga
Trilogia
Jon Fosse
Hasier Rekondo
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Mikel Asurmendi
Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Epilogorik gabe
Elena Sanchez
Aitor Francos
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Asier Urkiza
Pleibak
Miren Amuriza
Nagore Fernandez
Euskaldun fededun
Pruden Gartzia
Jon Jimenez
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Ibon Egaña
Amok
Stefan Zweig
Paloma Rodriguez-Miñambres