« Literatura ez da farmakopea | Beto parentala euskarari »
Moby Dick / Herman Melville (Juan Garzia) / Balea Zuria, 2023
Esadazue Ismael, esadazue Moby Dick Anjel Lertxundi / Berria, 2023-12-03
Irakurleon konplizitatea. Nobela onenek ederrak izan ohi dituzte hasierak ere. Hara non Pedro Páramo-k, Sistema periodikoa-k eta Bartleby-k, hirurak Juan Garziak itzuliak. Halaxe Herman Melvilleren Moby Dick-ek: “Esadazue Ismael” hitzekin hasten da nobela. Ismael edo dena delako batek kontatutako narrazioa dauka irakurleak eskuetan. Kendu gainetik aurreiritziak, esaten ari zaigu Ismael: kontatzera noanak du garrantzia, ez nik; esadazue Ismael, aski duzue horrekin, eta segi ezazue balea zuriaren arrastoa; ezagutu ezazue itsasoa, eternitatea sakonen islatzen duen lur-partea.
Ismaelek ez du dirurik, eta lehorrean ez duelako aurkitzen “gogo-pizgarri apartekorik”, liburuaren hasieratik aitortuko digu itsasontzi batean abiatzea bururatu zaiola ikusteko zertan den “munduaren urezko aldea”. Itsasoaren lilura eta arriskua bizi ondoren kontatzen digu Ismaelek Moby Dick narrazioa. Herman Melvillek ez zion lan erraza jarri.
Ismaelek lehen pertsonan kontatzen duena ez da ohiko itsas abentura bat. Itsasoaren izaera alegorikoa, Ahab kapitainak balea zuriari dion gorroto ia metafisikoa eta marinelen bizitzaren errealitate latza kontatzen dira bertan, tarteka itsasoak ere entzuteko moduko algarak egiteko aukerekin. Leviatanen erresuma mitikoan gaude, balea zuri egundokoen habitat naturalean. Marinelek ontzietan bizi duten giroa homerikoa eta biblikoa da aldi berean, gaizkia eta ongia dira eguneroko bizitzaren aurkia eta ifrentzua, sakratuaren eta paganoaren artean ez dago mugarik. Giza harreman zailenen probaleku da Pequod ontzia. Itzulera ziurrik gabeko destino baten izuak itsasoaren sakonera du ispilu.
Bi aste da Juan Garziak Herman Melvilleren Moby Dick-en itzulpena aurkeztu zuela Donostian. Gertakari benetan garrantzitsua euskal literaturarentzat. Nobelak eta itzulpenak arrastoa utziko dute hemengo nobeletan eta itzulpenetan. Dugun adiskidetasunak ez dauka zertan ezkutatu nire miresmena Garziak hartu duen lanari eta lortu duen emaitzari. Motibo asko aipa ditzaket. Hona batzuk: euskaraz maisuki eutsi izana originalak duen indarrari; hainbeste geruza duen testu luze bati ekiteko ausardia; marinelen hizkera sinesgarria, efektiboa, askotarikoa, marinelen sinesteen, pasioen, uste esoterikoenen berri emanez.
Moby Dick nobelak ehun eta hogeita hamabost atal edo kapitulu labur ditu, baina azkeneko hirurek kontatzen dute balea zuriaren ehiza: Jazarpena izenburua daramate hiru atalek. Gainerako kapitulu guztiak jazarpenaren prestakuntzarako dira. Ahab kapitain hankamotzak balea zuriari dion gorroto ia metafisikoa gizentzeko. Balea zuriaren mitoa goratzeko.
Kerosenoa balearen olioari tokia kentzen hasi zeneko garaian gaude, beste ekonomia bat ari da jaiotzen. Melvillek sasoi historiko hartan kokatu du nobela. Horra beste geruza bat geruzez beteriko nobela gogoangarrian. “Liburu infinitutzat daukat Moby Dick“, zioen iaz Edorta Jimenezek berripaper honetan.
Gizakia biluzian. Irakurleon artean inor ez gara gai Melvilleren mundu-ikuskera bere betean jasotzeko. Melvillek berak kontrolatzen al zuen bere osoan prestatzen ari zitzaiguna? Ez egilea ez irakurle jantzienak ere iristen dira guztiz kontrolatzera maisu-obra baten esanahia eta geruzak. Obraren egileari ere esplikaezinak zaizkio bertako elementu asko: obra originala da adjektiboaren zentzu guztietan, artistak ezin ditu argitu ertz asko, are gutxiago kontrolatu ditzake geruzak. Garai jakin bateko obra izanik ere, denbora artistikoak eta denbora kronologikoak ez dute bat egiten.
Melvilleren eleberrian edo Garziaren itzulpenean edo benetako testu literario batean miraria da ez dagoela hizkuntza baino haragoko deus, hizkuntzaren dohainei esker bihurtzen dela testu bat misteriotsu, eta, aldi berean, hizkuntzaren bidez hurbiltzen garela —ez inoiz erabat— gizakiaren muin biluzira.
Hizkuntza dago. Hizkuntzari, hizkuntzaren bidez lortu zitekeenari, ahalik eta etekin gehien atera izana da idazle baten ereinotza. Eta, segidan, obra baten jatorrizko misterioa hizkuntza batetik bestera garraiatzen asmatzea da itzultzaileen ereinotza.
Bi hitz labur (esadazu Ismael) eta zenbat interpretazio, zenbat zuku hain testu arruntari, baina bakar batek ere ez du bi hitz horien sekretu guztia deszifratzen. Horra egilearen formulazio zorrotz eta aldi berean anbiguoa bi hitzeko hasiera itxuraz sotilean. Garai artistiko bakoitzak bere begirada du, baina ondorengo belaunaldiek beren perspektibatik irakurtzen dute testua, begirada berriak erantsiz. Testua beti bera da, baina ez interpretazioa. Obra benetako batek —bertako hitz-uztak— guk jasotzen duguna baino gehiago esaten du.
Unibertsoak dira goren mailako obrak (Kixotea, Danteren Komedia, Hamlet, Moby Dick…): orain mende batzuk idatzitakoak izan arren betikotasuna bizi dute. Melvillek liburuaren nahiko hasieran Ismaeli esanarazten dio: “Unibertsoa buruturik dago; ezarria da giltzarria”. Premonizio bat ematen du.
Hutsaren sakoneratik. “Ahab kapitan hankamotzaren gorrotoak hondamendira darama ontzi arina ontziko balezaleekin”. Koldo Mitxelenak horrela laburbildu zuen Moby Dick nobelan oinarritutako John Hustonen filmaren mamia. Mitxelenak irakurria ote zuen nobela? Ez digu esaten. Filma ikusgarritzat jotzen du, Gregory Pecken lana txalotzen du “Ahab kapitain hankamotzaren” rolean.
Mundua aldatu da Melvillek nobela idatzi zuenetik, mass–medien hastapenetan gaude, zinea gero eta protagonismo gehiago hartzen ari da liburuaren gainetik, baina liburuak baliatuz, hala nola Moby Dick.
Moby Dick nobela 1851koa da; 1956koa filma. Ordutik, telebistan ikusi dugu, marrazki bizidunetan, dokumentaletan; liburuaren bertsio laburtuak eta komikiak irakurri ditugu… Nork ez ditu Moby Dick eta balea lotzen, nork ez du uste ezagutzen duela Moby Dick? Aski ditugu bi zertzelada geure buruak jantzitzat jotzeko. Hamabi bat urte nituela, konbentzituta nengoen Shakespeareren obra osoa ezagutzen nuela Charles Lamb-en Shakespeareren ipuinak (antzerkien egokitzapen laburtuak) irakurri nituelako.
Hutsaren sakoneratik, irentsi egiten dugu saldu nahi digutena. Galdu dugu denboraren perspektiba. Pixkana itsutzen eta abolitzen ari gara memoria, ura urritzeraino garenaren iturriari.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres