kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Madame Bovary / Gustave Flaubert (Patxi Apalategi) / Elkar, 2012

Literatura ez da farmakopea Aritz Galarraga / Berria, 2023-12-03

Bovary andereari —ezen ez andereñoari, izenburutik beretik argi gera dakigun haren ezkon-egoera—, hasiera batean gauzak ez doazkio hain gaizki: Vaubyessardera gonbidatzen dute, Andervillierseko markesaren etxera —eta oroi markesaren aitaginarreba zela Laverdiere duke zaharra, Artoisko kondearen begikoa izana; eta, ziotenez, Marie-Antoinette erreginaren amorantea izana ere bai, monsieur de Coignyren eta monsieur de Lauzunen artean. Labur: aberastasunaren larrantza zeukatela, Eau de Bling-bling—. Baina alaitasunak ez dio askorik iraungo: senar medikuak ez dauka inolako handinahirik —“ez zekien ezer, ez zuen ezer desio”—, eta, egun betiberdinen aurrean, kanpoan bilatuko du etxean aurkitzen ez duena. Ez naiz spoilerrik egiten ari: ezaguna da Flauberten maisulanaren gai ofiziala: adulterioa. Barka, agian hobeto horrela: adulterioa.

Tribunaletara eraman baitzuten liburua, tira, autorea (tarteka eginarazten dizkiete halako atsegin bidaiak). Moralaren kontrako atentatuagatik. Epailearen arabera, eleberrian adulterioa agertzeak adulterioaren apologia egiten zuen; abokatuaren arabera, kondena. Azken horrek irabazi zuen, zorionez (Flaubertentzat, behintzat). Nik zalantza gehiago daukat: emaztearen gaineko judizio moralik ez dut ikusten eleberri guztian zehar, ez narratzaile ez pertsonaien partetik (Flaubertek autorearen ahotsa desagerrarazi zuen eleberrietatik); egia da azkenerako hil egiten duela, idazleak pertsonaia, diot, baina diru zorren pilaketagatik; eta bere burua hiltzen du gainera, heriotza askatzaileagorik. Liburua argitaratu zenetik mende eta erdi baino gehiago pasa den honetan, ordea, eleberriaren gaineko interpretazioak ez dira urritu, irakurle bakoitzak berea leukake, gutxienez. Ez zait liburu bat laudatzeko argudio hoberik bururatzen. Galderak hor dirau, halere: emakumea gutxiesten du Madame Bovary-k, edo feminista da, avant la lettre?

Dena den, halako eleberri bat gai bakar batera mugatzea asko pobretzea litzateke. Bada beste lerro bat, liburuan gaindi dabilena, eta da, nola esan, errealitatearen eta fikzioaren arteko dema, fantasiak errealitatea mugitu, lekualdatu, ordezkatzen duelako ideia, irudimenak errealitate printzipioa hutsaren hurrengo bihurtzen duelakoa. Bizitza, esan dezagun erreala, ez nahikoa, urria, eskasa izango balitz bezala. Zeina liburuen irakurketatik letorkeen —zertan ematen du eguna Emmak? “Nobelak irakurtzen, liburu txarrak, erlijioaren kontra dauden obrak, eta Voltairerengandik ateratako diskurtsoak medio apaizez trufatzen direnak”. Ai, Voltaire—. Eta, hirugarren gai bat, aurreko bien aldean maiz ahantzi egiten dena: jendearen inozokeria, batez ere burges jendearena, batez ere Homais botikariaren figuran zentratua —eskutitz batean, Flaubertek: “Demokraziaren ametsik handiena da proletarioak burgesiaren ergelkeriaraino igotzea”—. Jordi Llovet: burgeskeriaren kontrako gerra bat abiatzen du eleberri honek, jarraipena izango duena L’Éducation sentimentale eta, are, Bouvard et Pécuchet eleberrietan. Atzerakoia da Madame Bovary, beraz, edo progresoaren aldeko? Zientzia goraipatzen du, edo erlijioaren pare uzten? Mansplaining ote, edo aliatua? Bada, horiek guztiak eta bakar bat ere ez, segur aski, horiekiko guztiekiko halako distantziamendu batek zeharkatzen baitu irakurketa osoa, eszeptizismo dei genezakeena. Badugu beste 150 urterako eztabaidagaia.

Gainera, zer nahi duzue esatea, ni honetan nahikoa nabokoviar nauzue; alegia, Europako literaturari buruzko ikastaro hartan zioena: ez zait iruditzen aurreiritziak pilatzea denik liburu baten irakurketari ekiteko modurik onena (“lehen zeregina da eleberriak eskaintzen duen mundu berri hori arreta handienaz aztertzea, erabat berria den zerbait bezala ekinez, ezagutzen ditugun munduekin ageriko loturarik gabe”; gerturatze osasungarri bezain ia ezinezkoa). Eta gero dago, noski, idazkera; Estiloa vs. Argumentua eskatima betierekoan, liburu honetan irabazle-galtzailerik ez dela. Bietatik dauka! Flaubertek berak esan zuen: “Ondo idatzitako liburu bakar bat ere ezin da izan arriskutsua”.

Madame Bovary, beraz, eleberri ospetsu, entzutetsu, famatua, eleberri goraipatu, handietsi, laudatua, eleberri perfektua, eleberri modernoa abiarazi zuena, eleberria goi literaturaren kanonean sarrarazi zuena, gaur eguneko hegemonia konkistatzeraino. Hori baino garrantzitsuago, Julian Barnes, eta testu honek orain arte izan ez duen solemnitatez: “Flaubertek erakusten digu egiari aurrez aurre begiratzen, eta begiak ez kliskatzen haren ondorioen aurrean; erakusten digu, Montaignek bezala, zalantzaren burkoaren gainean lo egiten; erakusten digu liburuak pilula sozial edo moral baten bila ez irekitzen: literatura ez da farmakopea”.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak