« Egia hilobitik ateratzen | Odolbildua »
Transgresioa irakasgai / Bell Hooks (Amaia Apalauza) / Katakrak, 2023
Askatasunaren praktikari Irati Majuelo / Berria, 2023-10-15
Idazle, akademiko, erreferente berezia da bell hooks. Izenetik beretik hasita, arauak itzulikatu eta ikusmolde partikularrei balioa ematen dien ahotsa da, argia eta argigarria, norbanakotik kolektiborako jauzia jardun baitezpadakotzat duena, are, norabide biko mugimendu natural eta soil modura marrazten duena. Ezinbesteko horietako bat da hooks. Transgresioa irakasgai lanean haren hamalau artikulu argitaratu berri ditu Katakrakek, Amaia Apalauzaren itzulpenean eta Nora Salbotxen hitzaurreaz lagunduta.
Akaso gurean ezagunagoa bada ere teoria feministan eta arrazakeriaren aurka landutako ideia eta idatzitako lanengatik, hezkuntza eta pedagogia izan ziren idazle estatubatuarraren pasioetako bi. Horiei buruzko hausnarketak biltzen ditu liburu honek. Edo, hobeto esanda, horien guztien arteko harreman, kontraesan, kritika eta proposamenak harilkatzen ditu artikuluotan, intersekzionalitatea baita hooksen pentsamenduaren oinarri behinena, eta haren indargune nagusia. Hezkuntza ardatz, beraz, egiturazko zapalkuntzak eta desberdintasunak zein horien aurkako borrokak ditu hizketagai.
Eskola segregatuan alfabetizatu zen hooks, eta horrek sakonean markatu zuen bere heziketa, baita munduari begiratzeko modua ere. Ez, preseski, soilik ume beltzentzako eskola izateak bazterketa sentiarazi ziolako, baizik eta kontrara, ikasketa prozesua neska-mutiko haien beharretara zuzentzen zutelako euren maistrek, ahalduntzerako esparrua eraikiz. Haurtzaroko esperientzia horri jarraika, hezkuntza askatasunerako praktika gisa ulertzen du intelektual estatubatuarrak, eraldaketarako eta transgresiorako eremu gisa. Aurrerago kide zuriekin partekatu zituen eskola eta metodologia klasikoagoen kontrara, desberdintasunetan oinarritutako hezkuntza aldarrikatzen du hooksek, ikasle bakoitzaren ahotsa eta berezitasunak erdigunean jartzen dituena, eta ikasle-irakasle binomioa lausotzen duena. Hots, ikasleak informazio-hartzaile izatetik aldentzen dituen hezkuntza du goiburu.
Artikuluotan, metodologia zehatzei buruz bainoago, egiteko eta egoteko moduei buruz mintzo da. Ildo horretan, norbanako bakoitzaren esperientzietatik abiatzen den errealitatea problematizatzea proposatzen du, edukiei eta horien inguruko lanketari zein eztabaidari desberdintasunetik heltzea, alegia. Hala ere, ez da pentsalari xaloa, eta bere irakasle esperientziak gidatuta, ez ditu praktika horiek langintza utopikoekin lotzen. Agerian jartzen du multikulturalismoan oinarritutako ikasgelak sortzea zein genero-, arraza-, klase-zapalkuntzak aintzat hartzen dituzten ikas-komunitateak eratzea ez dela erraza, eta, are, gatazkak eta deserosotasunak sortzen dituela. Egiaz, azpimarratzen du deserosotasun horretatik abiatzen dela jakintza kritikorako, eta, finean, askatasunaren praktikarako bidea.
Irakasten zein ikasten dabiltzanentzako ezinbesteko liburua da hau, beraz, hooks bera ezinbesteko den heinean. Idazketa dentsoa da zenbaitetan, errepikakorra ere bai ideia batzuetan, baina esperientzia pertsonaletatik abiatuta eta oinarri teorikoak zein norabide politikoak argi zehaztuta, itsasargi modura funtzionatzen du hezkuntza ereduei buruz hausnartzea derrigorrezkoa den garaiotan.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi