kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Barrengaizto / Beatrice Salvioni (Fernando Rey) / Txalaparta, 2024

Desobedientziaz Nagore Fernandez / Berria, 2025-03-23

Beatrice Salvioniren La Malnata (Einaudi, 2023) estreinako eleberri saritua —Scuola Holden saria eta 2023ko Nollegiu saria jaso ditu— gutxi gorabehera berrogei hizkuntzatara itzulita dago, eta orain euskaraz ere irakurtzeko aukera daukagu. Fernando Reyk itzuli eta Txalaparta etxeak argitaratu du Salvioniren nobelaren euskarazko bertsioa, Barrengaizto izenburupean. Obra Italian, Lambro ibaiaren magaleko herrixka batean ainguratzen da, Mussoliniren diktaduraren urteetan, opresioz eta indarkeriaz mukuru. Hala ere, testuinguru soziopolitikoak garrantzi handia badu ere, ez da lehen lerroan dagoen gaia; kontakizunak bi neskaren arteko laguntasun istorio sutsu eta berezi bat dakar, eta biek eraikitzen duten sareak eta babesak edozein jazarpeni aurre egiteko kemena ematen die. Nobelak, laguntasun harreman horren bitartez, desobedientziaren garrantziaz eta diskurtso kultural hegemonikoa zalantzan jartzeaz hausnartzera garamatza.

Alde horretatik, obrak erantzun zuzenak baino gehiago galderak iradokitzen dituela iruditu zait, edo behintzat galderak egiteko aukera ematen diela bi pertsonaia femeninoei, bai eta irakurleari berari ere. Disposizio narratologikoak hori pentsatzera garamatza, hain zuzen ere, bukaera irekiak emaitzari baino gehiago prozesuari erreparatzeko gonbita egiten baitigu. Eta prozesu horretan, lehen pertsonako narratzaile nerabe baten ahotsarekin egingo dugu topo, Francesca izeneko protagonistaren diskurtsoarekin. Zenbaitetan mundu ikuskera adoleszente horretatik atera nauten jarrera helduagoak aurkitu baditut ere, oro har, autoreak, gaztetasunak berea duen inozentziaz eta zintzotasunez, tabuek eta zentsurak ezaugarritutako gizarte oso baten erretratua osatzea lortzen du.

Dena den, obraren indarra ezaugarri narratologiko ageriko horietan baino gehiago, han-hemenka agertzen diren detaile eta keinu txikietan dagoela iruditu zait eta estimatu dudan alderdia izan da hori. Salvionik, gorputzen eta sinbolo kulturalen bitartez, txikitasunaren aldeko estetika bat ekarri digu. Pertsonaien arteko begiradek, besarkadek, ukituek nobelako sare afektiboa osatzen dute, eta faxismoari dei egiten dieten sinboloek, berriz, garaiko ideologiaren soslaia. Maitasunez betetako konplizitate keinuak baimenik gabeko laztanen kontrapuntua dira. Edo bihotzaren parean jarritako eta harrotasunez laztandutako faxismoko medailek talka egiten dute Italiako banderaren intsignian behera egiten duen karkaxarekin. Hala, iruditeria ez-figuratiboaren bitartez, hitzezko lengoaiaren egiazkotasuna eta izaera absolutua zalantzan jartzeaz batera, pertsonaiak eurak ere kategorizatzen zaizkigu: edo faxismoaren alde edo kontra; injustizia sozialen alde edo kontra; bazterkeriaren alde edo kontra, desobedientziaren alde edo kontra. Sailkapenak joera manikeoa duen arren, autoreak detaile horiei eskaini dien arretak eta horien bitartez transmititu denak nobelari izaera propio bat ematen diote, bai eta desobedientziaren ideiari indarra ere, duda barik. Izan ere, David Henry Thoreauk adierazi zuen bezala, desobedientzia da askatasunaren benetako funtsa; benetako esklaboak esanekoak dira.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak