kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Carvalho Euskadin / Jon Alonso / Susa, 2023

Deus ex machina! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-03-26

Ohar zenbait abiaburuan

1. Urte luzea joan da Carvalho Euskadin eleberria kaleratu z(ut)enetik. Liburua irakurri berri dut. Irakurle eta literatura-kritikari askoren aldean, berandu samar. Argitara eman zen garaian, eleberrigileari pare bat elkarrizketa potolo egin zizkioten, baita liburuari lau iruzkin-kritika ere. Horiek, gutxienez. Horiek denak leitu ditut. Egiaz, arin samar, azaletik, eta zeharka-meharka batzuetan. Bestalde, liburuak bigarren irakurraldi bat egiteko zapore gazi-gozoa utzi dit. Hori ona ote den, nork jakin. Liburuaren gabezia izan daiteke, baita irakurle honena ere. Hain ziur, ez naiz irakurlerik onena.

2. Eleberriaren iruzkin-interpretatzaile haizen horrek, hara, dagoeneko erran ez den ezer ekarri al dezakek? Horixe nire buruari egin diodan itauna. Itauna, to! To eta no! Itaun berba funtsezkoa duk polizia-nobela batean. Baina, poliziakoa al duk honako hau? Genero beltza ote?

3. Nire kautan, zera: ez da arras poliziakoa ez beltza. Nobela hau politikoa duzue. Hara, artaburua! Bai, bai, bai… Dena politikoa duk! Ados eta akort! —Enekoitz Ramirez Lanbas pertsonaiaren rolean ari nauzue, ausarki itxuran edo—. Demagun, nobela jendarte baten erretratatua dela. Aizak, jendarte zein? Zer jendarte? Hainbat jendarteren erretratua. Zein jendarte baina? Euskadirena. Nafarroarena. Kataluniarena. Espainiarena…

4. Hi, morroi alaen hori! Zer? Eleberrigileak Hegoalde bitan banatzen ditu, espainiarrek legetxe? Ba, bai. Baietz erranen nuke. Gero, badakizue, Nafarroan ere mugak eta mugak daude: Tafallatik beheiti, handik goiti… Ez duzue nobelako muga fisiko bakarra. Iparralde ere deskribatutako jendarte horren partea da. Zehatzago erranik, jendarte anitz horiez beste jendarte —parte— bat. Jendarte nobela, beraz. Zer genero literario suerte duk hori? Nobela honen generoa politikoa dela erran nahi dizuet.

5. Baiki, politikoa: gizarte baten nobela sozio-kulturala duzue. Sozio delako horren barruan politikako arlo sozial guztiak sartzen ditut, sartzen dizkizuet… Kulturan eskultura aurkitu dezakezue, eta batez ere literatura. Konturatu al zarete Jon Alonsoren literaturan tura delako atzizkiak duen mentura? Erran nahi baitut, kul-turak duen munta? Zein kultura? Bada, jendartearena? Zeinena bertzela?

6. Aizu, baina zertaz doa nobela? Arrazoia duzue. Seigarren oharrean ari naiz jadaneko. Bada, ez duzue samurra esplikatzen. Izan ere, Lanbas ez ezik, Carvalho detektibea ere istorio harrigarri eta gorabeheratsu honetako parteak eta partaideak dituzue. Eta bai! Eta bi pertsonaia-nagusien atrebentziaz errana: nobela sinestezin samarra. Politikoen hizkuntz jargoi-mordoiloari kasu egitera: sinesgaitza.

7. Hi, aizak! Eleberrigilearekiko begirune pixka bat, ezta? Zergatik? Aizue, jakina da ezta? Literatura kontu sinestezina duzue, baita sinesgaitza ere. Fikzioa egiazkotzat jotzen duenak ez du literatura ulertzen, modu laikoan erranik, fikzioa errealitatearekin nahasten duenak ez daki literatura zer den. Otoi eta arren: so egin ezazue liburuaren lehen orrialdean. Irakurri eleberri honen egile nagusiak gaztigatzen duena, dizuena, diguna… Arrunt funtsezkoa, zera.

8. Bai, baina… Zer baina eta zer leka ondo. Errepara ezazue idazle honen literaturaz harago edota honatago liburuetan. Berbarako, honen aurretiko Naparra, kasu irekia saiakeran. Alegia, fikzioa errealitatearen isla izan daiteke eta saiakera liburu baten funtsa kontu asmatua ere bai. Zenbait saiok badute beren zera, badukete asmaketaren usaina! Kasu! Enkas erranik, ez nauzue aipatu saiakeraren gainean ari preseski. Ez, ez, ez. Erran nahi baitut, ezen eta fikziozko testu batek erreala ager dezakeela eta saiakera batek fikzioa asmatu. Bertzerik ez. Hara! Haratago eta honatago! To eta no!

9. Hara, hara… erran behingoz zertaz doan nobela, to? Ez dut uste nobela baten iruzkinean liburuaren nondik norakoak azaldu beharrekoak direnik. Are gutxiago, thriller denean. Spoiler dagizula, hau hori hura eta bertze. Beraz, hartu eta sartu: Iruñea, Donostia, Bilbo eta Baionan ibiliko zarete. Gasteizen ez? Ba, ba, ez dakit. Uste dut baietz! Tira, hori euskal handi-mandien itxuragabeko hiriburua duzue. Ez du munta handirik. Nobelan diot. Bestela ere, nola gerta… Jendarte baten hiriburua izateko asmatua izan zen. Babazorro alaenak!

10. Bartzelonan ere ibiliko zarete. Iruñean hasi (2016an), Euskadi eta Bartzelona tarteko (2002-2003an), Iruñean amaituko duzue (2016an). Nobela alegia. Feedbacka delakoaren bilin-balanka ibiliko zarete. Lasai, ez duzue horren konplikatua. Oharraren barne ohartxo bat segidan:

Feedbacka kontzeptu hori nahasgarria bada, are nahasgarriagoa da —edo izan daiteke— euskaraz erranik: atzeraeragin, atzeraelikadura, berrelikadura…

Aitzina! Ez kexa! Ez zarete edonoren asmoen peskizan ibiliko. Lanpas eta Carvalhoren bideetan eta arrastoetan ariko zarete. Bai horixe! Erran nahi baitut, Jon Alonsoren eskuez beste, Manuel Vazquez Montalbanen eskutik. Alajainkoa! Montalban, jainkoa? Ez, ez, ez. Ez duzue deus ulertu! Izorra hadi, zozo alaena!

Hamar oharren ostean, hainbat eskaintza eta gomendio

Oharrak paratzen hasi eta hamar idatzi dituk. Hori marka! Beno, nireak ez dituzue aginduak ez manamenduak. Beraz, zer dituk? Neronek ere ez dakit, ez dakizuet. Ageriko! erran omen zuen itsu batek. Nireak ez dituzue manamenduak ez aginduak —berriz ere erranik—, eskaintza sorta bat baizik. Carvalho Euskadin eleberriaren irakurketaren harian hartutako apunteak dituzue. Aizak, idatz ezak oharrak, orain arte legez. Bon, zuek nahi duzuen bezala. Demagun, agindu hitzaren beste adiera batean erranik, nireak eskaintzak dira.

1. Jon Alonsoren eleberrigile jardueran, asmo-handiko nobela duzue Carvalho Euskadin izenekoa. Honen aurrekoak barik, ezin zezakeen hau idatzi. Nire uste zuloan betiere. Beraz, behin eta hasteko, lehen gomendioa: irakurri itzazue Lanbas detektibearen sagako nobelak. Etakide ohia morroia! Jite hori ona al da detektibe bilakatzeko? Nork daki hori ere, ezta?

2. Asmo-handiko liburuak —nobela hau, kasu— ez dituzue normalean erdiesten, ez eta ezein dela literatura asmo edo nahia, apala izanagatik ere—. Tarteko Carvalho en Euskadi delakoaren istorioak ez du laguntzen Carvalho Euskadin delako hau. Aburuak aburu, horixe artaburu (h)onenarena.

3. Edonola den ere, literaturan nola bizitzan, aitzina egin ahal izateko aurrekoa gainditzen saiatu beharra dago. Ezin bestela taxuz eta ganoraz aitzina egin. Horrela jokatu ezean zuenak egin du. Kasurako, nobela honetako asmo literarioak berea egingo zuen. Jon Alonso nobela hau berau idazten saiatu izan ez balitz, bere asmoaz bertze eginen zukeen. Beraz, chapeau!

4. Izan ere, nobela hau idaztea Jon Alonsoren eskura baino ez dago. Kokotxa pertsonaiaren istorioa ezin da eraiki idazleak fikzioaz harago idatzi duena idatzi barik.

5. Carvalhoren —edota Lanbasen— larrutan sartzeko, gauerdiko hiltzaileen eztula entzun behar duzu gibelean. Horretarako, eta kasurako, Manuel Vazquez Montalbanen hatsa sentitu behar duzu sama gainean. Baita Kokotxaren lagunen arnasa ere. Benetako fikzioa ezin duzue idatzi balizko Kokotxaren kideen arrastoetan ibili gabe. Ez da edozein txoropitoren kontua. Jon Alonsoren emana eskergarria da, baita duina ere.

6. Alabaina, Carvalhok Lanbas ezabatu du. Aurreko nobeletako Lanbas detektibea eskas atzeman dut. Ez nadin hipokrita izan, halere. Ez duk Montalban irakurri! Daitort! Eta orain arte ez diat Carvalho ezagutu ere. Eiki, domaia duzue. Alabaina…

7. Montalban nola Alonso hala. Carvalho nola Lanbas hala. Edota viceversa. Halarik ere, nobela honek ez dit behar beste intriga sorrarazi. Nobelaren atal luzearen amaiera aldean baino ez dut sentitu dut intriga amiñi bat.

8. Alonso nola Montalban hala. Edota alderantziz, Lanbas hala Carvalho nola. Oraingoan, idazle bien ezaugarri ei eta omen edota bide den gastronomia delakoari gantza soberakina antzeman diot. Noski, jakien gatz-puntua harrapatzea ez da aise. Ez da aise ere nobelaren gatza eta piperra erdiestea. Janari plater batetik behinolakoan jaso zenituen usainak eta zaporeak berriz ere aditzea ez duzue edonoren esku. Ezta Zuberoa errestauranteko Hilario Arbelaitz sukaldari erretiratuaren eskutik ere.

9. Ausarki aritu zaigu Jon Alonso. Eta ez, ez hainbeste, Montalbanen ildoan literatura liburuak erre dituelako —tira, Carvalhok erre egiten ditu, beraz, kasu egin fikzioari—; Obabakoak obra kasuon. Baizik eta erretzearen zergatiak ematean —metaliteratura eginik berak ere— euskaldunok taxu horretako literaturaren bitartez nolatan iritsi garen Estatuaren barruan zoriontsuak izatera azaltzen dizuelako. Beno, azaldu eta bidenabar kritikatzen duelako.

10. Jon Alonsok literaturarekiko daukan jaidura agerikoa da nobelan, baita ondorioz, bere jaidura politikoa ere bai. Jakina, ausaz, fikziozko jaidura duzue. Hara, dena dela ere, zuei —irakurle potentzial horiei— dagokizue berau interpretatzea.

11. Gastronomia aipatu dut arestian. Zaila duzue gaiaren beraren bueltan —sukaldaritzan nola— originala izatea. Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) arabera betiere, originala izatea obra edo izkribu bati dagokio. Orijinala, berriz, bekatu orijinalari. Hots, gastronomia duzue euskaldunon bekatua orijinala. Hots eta hotz. Gai epela. Horretan munduko inor baino orijinalagoak gaituzue, gaituzte, alafede!

12. Gastronomia aipaturik, ezin turismoaren afera aipatu barik laga. Nobelan nola, alegia. Ez dago amonaren sukalde zaharra berritzerik, turismoa landu barik. Eleberrigileak turismoari buruzko bere aburuak agerian laga ditu nobela honetan. Ongixko! Soberazkoak ote? Ez. Lanbasengana —Jon Alonsoren bitartez, bistan da— lehen aldikoz hurbiltzen direnentzat primerakoa. Alta bada, espero dut nobelak 500 irakurle berri baino gehiago izatea. Alta erratea ez ezik, lata bada ere.

13. Ez diat uste nobela honek euskal literaturaren Apocalypse new berria arrunki iragatzen duenik —barka erredundantzia—, alabaina, ia, abantzu eta kasik, ausaz, baietz erranen nuke! New eta berria berbak —elkarren segidan paratuta betiere—, oximorona legetxe hartu daitezke. Beraz, agian gureak egin du. Kokotxa eta haren ildoak gogoan horiek ere. Kokotxaren auzia ez duzue fikzio kontua, ez horixe! Argitu gabeko auzi erreala duzue. Reala futbol taldea bezain erreala! Athletic adina. Osasuna lain! Aviron eta Alaves lako!

14. To, ez duzue hamahiru, ez soilik. Ez to ez no! Alegia, hamalau eskaintza hauek interpretatzaile hamalau honenak dituzue. Gomendio bat gehiago ere emanen dizuet: Jon Alonsoren fikzioko lanak hobeto entelegatzeko, barneratzeko, irakurri bere saioak. Kasurako, arestian aipatu Naparra, kasu irekia saiakera. Eta alderantziz, bistan da. Haren liburu saioak hobeto ulertu aldera, irakurri itzazue Lanbasen bitartez gauzatuak.

15. Hamalau honen hamalau gomendio ez ezik, hamabosgarrena laudorioa duzue. Tramak trama, intrigak intriga, tentsioak tentsio, Jon Alonso eleberrigileak darabilen hizkuntza birtuosoa begitandu zait —ikuspegi bat da, bertze artean—. Ez bertutetsua, horregatik. Hizkuntzaren birtuosismoaren tasunak, zelanbait, sarritan eta usu, maiz ere bai, hizkuntzaren beraren zabarkerien alboan loratzen dira. Izan ere, bestelakoan, nolatan deskribatu gaur egungo “gure” jendarte zabartu hau?

Post Scriptum (garratza betiere)

— Berandu heldu ote naizen nobelara? Duela 40 urte luze desagerrarazi zuten Kokotxak gehiago itxaron behar izan du. Eta ez da izan eleberrigile honen ganora eskasa dela eta. Memoria dugu huts egiten diguna. Iraganari so egin eta jendartearen memoria gero eta lausoagoa begitantzen zait. Ez duzue kontu berria: historia eta istorioak oroitzapen kontu gero eta arruntagoak dira, arruntak eta axolagabeak.

— Jendarteak aipatu ditut, jendarte anitzak. Are anitzago katalana tartean izanik. Izan ere, zeren antza dugu katalanek eta euskaldunok? Ez bada, historiaren bilakabidean Estatua eraiki gabe geratu izanean.

Apunte ez ezik oharra: Estatuaren agintze garaia —beraz eraikitze garaia ere bai— iraganeko kontua duzue. Gaur egun, eskubide merkantilak eskubide zibilen aurretik eta gainetik daude. Hots, merkatuek agintzen dute eta ez estatuek. Horregatik, —ergel honek bere kautan ezin dena adierazten saiatu gabe jardun— ezinbestekoak ditugu turismoa, gastronomia —ulertu mastercher classenak— eta eliteko kirolaren burrunba, futbola —zangopilota, hots— goiaren goian.

— Gure jendartea ulertzeko Lanbas eta Kokotxa bezalakoak ezagutu beharra dago, bistan da. Duela 40 urteko euren arerioak eta etsaiak ezagutzea ez da hain zaila. Izan ere, gure burua apur bat ezagutuz gero, ez da hain kontu arrotza. Denok bilakatu gara espainol-frantximanta ezker-eskuindar despota moldekoak, edo apurtxo bat bederen. Areago, guztiok daramagu jeltzale molde bat gure baitan.

— Jendarte anitza(k): egungo demokraziaren ezaugarri baitezpadakoa duzue. Ez mofarik ez trufarik bilatu nire eleotan, ez ironiarik xerkatu ere. Konstatazio bat bertzerik ez duzue.

Ohar aparteko bat edo aparteko oharra:

— Turismoa eta gastronomia gaiak berebizikoak dira eleberrian. Turismoa euskal izatearen izatea bihurtu dugu: Ven y Cuéntalo! Baita gure amonaren sukaldea elitekoen sukaldaritza —hori pagotxa!— bihurtu ere: Come y cuéntalo! Eliteko kirola ez duzue nobelan agertzen, baina toki har lezake, gure jendartean nola: Ven y reviéntalo!

Hara, para gaitezen literatura aldera begira:

Deus ex machina! eta abar eta abar eta abar… Eta bertze!

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak