kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Hobe nuen etxean gelditu / Horace McCoy (Fernando Rey) / Igela, 2002

Amets amerikarraren ifrentzua Paula Iribertegi / Berria, 2003-09-13

Duela urte batzuetatik hona Nobela Beltza deitzen den hori literatur kultuaren eremura jasotzeko hainbatek egin ahalegina gorabehera, dagoeneko badakigu irakurle, kritikari eta idazle sail oso batek —hagitz aristokratikoak— ez diola generoari bere jatorri apala sekula barkatuko. Dakigun bezala, hizkuntza eta toki guztietako milaka edo agian milioika irakurlek polar, pulp edo izen horren pean datorren ororen bila abiatu, erosi eta irakurri egingo dutela sukartuaren grinaz. Sail batekoa izan, bestekoa izan, honela da, kito. Hitz gehiegik, pelikula gehiegik, iritzi gehiegik, epigono gehiegik zamatzen dute generoa, aurreiritzirik gabeko irakurketa ezinezkoa egiteraino.

Eta, hala ere, ustekabean harrapatzen du irakurlea Hobe nuen etxean gelditu honek, ez delako generoaren ohiko ezaugarriak aurkezten dituen nobela: ez dago detektiberik, ez armarik, ez tirorik, ez krimen odoltsurik. Sistema batek saltzen duen plastikozko amets faltsuaren atzean gordetzen denaz dihardu nobelak, Hollywoodera zinema munduan izar bihurtzeko esperantzan joandako bikote baten gorabeheren bidez.

Chandler, Hammet edo James M. Cain bezalako idazle dagoeneko ilustreen ondoan, ezezagun samarra zaigu Horace McCoy hau, bere izena kasik orduko idazleen errolda osatzen duten zerrenden betegarria baizik ez dela. Madarikatuetan madarikatuena, nire datuak zuzenak badira bere nobelarik ezagunenak —Igelak ere euskaratua, Zaldiak akatzen ditugu, ba… tituluarekin— Ingalaterran aurkitu zuen argitaratzailea Estatu Batuetan baino lehenago. Orobat, Un linceul n’a pas de poche, titulu horrekin eta frantsesez lehenago agertua ingelesez baino.

Datu horiek eman dezakete McCoyren ibilbidearen neurria, hau da, adierazten dute bere lanak herrikideen artean jaso zuen indiferentziazko mantuaren nolakoa. Entzun nahi ez direnak erraten ausartzen denaren patua, usu. Zaldiak… berak ere argitaratu eta askoz ere geroago arte ez zuen arrakastarik bildu, 1969. urtera arte, zehatz, egilea ordurako 14 urte zetzalarik hobiraturik; eta arrakasta bildu ere, zinemari esker bildu zuen, urte horretantxe egin baitzuen Sidney Pollack zuzendari ezagunak frantsesezko izenburuaz On achéve bien les chevaux (Zaldiak akatzen ditugu ba…) izeneko pelikula, Jane Fonda eta Michael Sarrazin protagonista nagusi zituela. Arrakasta berantiarra… salbu eta Frantzian: Camus, Sartre eta Beauvoirren onespena jaso baitzuen McCoyk, lehen amerikar esistentzialistatzat hartua izateraino. Woody Allenek aspaldi gaztigaztu gintuen: eskerrak Frantzia baden… Arrakasta beti erlatiboa izaki.

Eta Hobe nuen etxean gelditu hau bigarren mailako lana baizik ez omen da, baita honelako idazle apal eta ez arras balioetsiaren obraren barruan ere. Arraskastaren misterioak. Niri asko-eta on-ematen duen nobela iruditu zait: lehenik, eta oroz gain, apalak eta azpiratuak gehienetan —eta damurik!— eman ezin duen bere apalaratzearen eta azpiratzearen bertsioa, konpreni dezagun sistema-errotaren engranajeetan gordetzen den berezko bortxaren eta injustiziaren nolakoa. Bortxa isila, itzalekoa. Injustizia anker eta koldarra, bi aldiz injustizia hitz bihurtuko duenik ez dagoen ber.

Eta gero, pertsonaia batzuk maitagarriak, nola baitira Ralph inozo eta enajenatu samartua, eta Mona, batez ere, hasmentatik finitzeraino hazten eta duintasuna irabazten doan Mona.

Eta gero, sekula gauzatzera iristen ez den eta, haatik, kontakizunaren azpitik taupadaka ari den bion arteko harremana, orri guztiak atmosfera berezi batez blaitzen dituen erromantze ukatua.

Eta gero, generoan ohikoak diren dialogo ironiko eta zorrotz batzuk (“Tolerante bihurtuko zaitut, baita horretarako akabatu behar bazaitut ere”). Eta gero, gaur ere baliagarria den lekukotasun bat, mundu honetako inozo eta enajenatu guztiontzat. Urrutiko intxaurrak hamalau…

Asko eta on eman trukean arras guti eskatuz, irakurketa atsegina eta leuna baita, zarata, zabor eta interferentziarik gabea. Hemen justiziazkoa da Fernando Rey itzultzailearen aipamen egitea, noski. Dagoeneko zonbait itzulpen irakurri dizkiogu, eta beroriek argi aski erakutsi dute lehen mailako itzularia dela, azken garai hauetan galtza bete lan dabilena, kemenez. Eta eskertzekoa da. Eskertzekoa den bezala eskaintzen duen hizkuntza eredua orekatsua eta egokia izatea, liburu honetan bederik. Eskertzekoa den bezala, finitzeko, Igela argitaletxeak bere gain hartu eta zintzo betetzen duen lan eskerga. Horregatik egiten ez dutelarik ere… norbaitek emango ahal die merezi duten pagamendua!

Nik ez dut duda izpirik gaurko Hollywoodek ere kara handiagoa edukiko duela McCoyk orain 50-60 urte margotu zuenarekin, gaurko edotariko glamour-saltzaileek sinetsarazi nahi digutenarekin baino.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak