kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Bar Gloria / Nerea Ibarzabal Salegi / Susa, 2022

Barraren atzetik mundua Nerea Loiola / 111 aldizkaria, 2022-10-21

Nerea Ibarzabalek ahots indartsua duela banekien lehendik ere, bertsolari moduan askotan erakutsi izan du eta. Eta lan honi begira, ez dut ukatuko maila horri eustea espero nuenik; baina, gauza batek ez du derrigorrez bestea ekartzen eta hemen ere aitortu behar diot egindako lanaren maila. Indartsu sartu baita, nire ustez, Ibarzabal narratibaren uhartean bere lehen eleberriarekin. Ezin dugu ahaztu, idazleak bazuela alor horretan eskua trebaturik, Txakur Gorriak kolektiboaren partaide izanik, hainbat lan auto-ekoitzi baitituzte 2017a geroztik (Ziklope, Orainmenean, Lauhazka,…).

“Bar Gloria” liburuan familia baten taberna jarri du agertoki nagusitzat, eta, hiru protagonisten bizipenen bidez, lana, heldu egitea, desira eta komunikazioa hartu ditu hizpide. Galzorian dagoen espezie bat dira Bar Gloria bezalako tabernak, nire adinkideok eta helduagoek hain gertuko eta ezagun izan arren, oraingo garai hauetatik hain urrun ikusten ditugunak. Disekatutako idi burua ate gainean, egur iluneko barra altua, azuleju gorriak; istorio bat kontatzeaz gain, esango nuke idazleak garai bateko paisaia bat marrazten duela Ana, Rakel eta Miguelen bizipenen bitartez. Baserritik herri industrial batera aldatu den familia bateko alabak dira lehen biak; Espainiatik etorritako sendi bateko semea da bestea, lankide ez ezik, etxekotzat ere badaukatena, familiaren Bar Glorian ia umetatik egin baitu lan. Herriaren eta hiriaren arteko alderaketa jarriko du idazleak agerian, homosexualitatea eta bortxa, biolentzia; bi ahizpen arteko harreman estuaren gainbeheraz ere hitz egingo zaigu, konparazioez, besteek egiten dituztenez eta norberak egiten dituenez: “Errukiz onartu dio bere buruari berak ere alde egingo lukeela Anaren lekuan egonda, lurrunez eta argiz egina balego haren antzera eta beti gorantz sakatuko dion haize hori baleuka barruan, eta ez porlanezko zapatadun arima hau”.

Bere bakarkako lehen lan honek nire aurreikuspenak bete ditu. Ahots indartsuaz gain, idazkera landua eta kontatzeko trebezia ikusi dizkiot Ibarzabali; pertsonaia bakoitzari bere tonua emanez eta bere hizkera modua eraikiz. Autoreak berak esan bezala, bizitza batzuen filmaketa bat egiten saiatu da, eta nabarmena da asmo hori, oso idazketa bisuala jasoko baitu irakurleak; bai pertsonaien kanpo munduari buruzkoa, baina baita barne munduari buruzkoa ere: “Greba amaitu zenetik, ordea, amaren begiak zerbaiten bila bizi ziren, beti metro batzuk edo egun batzuk harago bere gorputza baino”. Beharbada, dena hain modu zehatzean irudikatze horrek, narrazioaren erritmoa moteltzen du une batzuetan; nahiz eta ez dion liburuaren osotasunari eragiten.

Oso gustura irakurri dut Ibarzabalen lehen eleberria eta bere hurrengo liburuen zain geldituko natzaio, hau gomendatu eta beste liburu batzuk irakurtzen ditudan bitartean.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak