kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Guardasol gorria / Lutxo Egia / Susa / EHAZE, 2024

Maskararen atzean Nagore Fernandez / Berria, 2025-04-20

Guardasol gorria izenburuarekin argitaratu da Lutxo Egiak liburu bakarrean bildutako antzerki- eta performance-bilduma (Susa argitaletxea). Eta, hain zuzen ere, free tour-etako gidak bezala, guardasol gorriari jarraikiz garamatza autoreak eraiki dituen lau unibertsoetan zehar, errealitatea zeharkatzen dituzten gai zentralen inguruan hausnartzera: existentzialismoa dakar lehen lerrora Hamalau antzezlanak, baina existentzialismotik haratago doan umorez eta sarkasmoz josita; egungo turistifikazioa du hizketagai free tour konposizioak, zeinetan hiperboleek eta parodiak eragiten duen komikotasunak berak egoeraren larriaz konturatzera garamatzan; indarrean dagoen diskurtso eta ideologia dimorfikoak hala ezarrita, gizarteak izatea espero duen, garen, eta izan nahi dugun horren inguruan harilkatzen da Identitarteak hirugarren antzezlana. Azkena da Haren da nire performancea, eta horretan ere, nahiz eta formatuz bestelako obra bat izan, perfomatibitatearen —zentzu zabalean ulertuta— atzean, egungo gizarteko arauez eta protokoloez hausnartzera gonbidatzen gaitu.

Argi dago lau konposizioak buruaskiak direla; guztiek ere mozorro bat eta beregaina eransten diote pertsonaia bakoitzari. Hala ere, iruditu zait guztiek bat egiten dutela bi ezaugarritan: batetik, mezuan, denek jartzen baitute moduren batera egungo bizitza kapitalista eta heteropatriarkala auzitan; eta, bigarrenik, umorean, lau konposizioen atzean agertzen baita, zein bere estrategia literarioarekin, irri egiteko asmoa, gidatzen gaituzten diskurtso eta logiken absurdoaren erakusle-edo. Zentzu horretan, guztiek eraikitzen duten diskurtso plural eta poliedrikoak Fernando Pessoaren heteronimoak ekarri dizkit gogora —batik bat azken konposizioak, pertsonaien izenekin egiten den jokoarekin, besteak beste—; pertsonaia bakoitzak du bere pertsonalitate propioa, bere maskara eta mozorroa, baina guztiak dira, oinarrian, gizarte eta sistema beraren aktanteak eta aktoreak. Konposizioek, baliabide teatralei dagokienez, konplexutasun handirik ez badute ere, eta zenbaitetan akats gramatikalen bat edo beste agertu arren, esango nuke obrak maila sinbolikoan eta parodikoan hartzen duela arnasa.

Uxue Apaolazari entzun nion, Bihurguneko nasa ipuin liburuaren karietara, ekintza barregarriak eta erridikuluak iraultzaileak direla hein handi batean. Izan ere, erridikulua izatea, inondik ere, ausarta izatea da, iraultzailea, normala ez izateak eta egin behar duguna ez egiteak egiten baikaitu irrigarri besteen begietara. Esango nuke Lutxo Egiaren obran, eta, zehazki, azken konposizioan badagoela horren inguruko hausnarketarik, eta, partez, hori aldarrikatzeko ausardiarik ere. Ez da kasualitatea, gainera, azken hori performance forman sortu izana; ez al gara une oro ezarri dizkiguten arau hegemonikoak performatzen ari? Ez al gara performance etengabean bizi? Edozelan ere, galdera horiei tiraka, irakurleak ez du obra-multzo erridikulu batekin topo egingo, epikoak izan nahi duten jolas eta maskara irrigarriekin baino.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak