« Maskararen atzean | Literatura porturik gabeko itsaso baita »
Dolu-egunerokoa / Roland Barthes (Danele Sarriugarte) / Katakrak, 2025
Esan eta izan Asier Urkiza / Berria, 2025-04-20
Barthesek berak idatzia zuen, 1979ko Ça prend izeneko artikuluan, amaren heriotza izan zela Denbora galduaren bila obraren arrazoi abiarazlea. Alabaina, ama hil eta lau urtera ekin zion Proustek hura idazteari. Alegia, dolua bere horretan ez dela idazketarako akuilu, dolua liseritu beharra dagoela —haren inguruan hausnartu, nork bere burua munduan berriro ere kokatu—, baldin eta hustualdi hutsez paperera eraman nahi ez bada. Zer egin doluarekin? Hori da Dolu-egunerokoa-ren gai nagusietako bat, Roland Barthes kritikari handiak 1977ko urriaren 26tik 1979ko irailaren 15era idatzia.
Barthesen ibilbideko obsesio handietako bat izan zen Marcel Prousten obra. Liburu honetan ere entseatzen da À la recherche du temps perdu-ko egilearekin elkarrizketa intimoa osatzen. Amaren presentziak batzen ditu biak. Orobat biek partekatzen dute literaturaren ikuspegi funtsezko bat. Literatura bizigarria da, bizitzaren emozioak galbahetzeko eta horiek modu egokian bizi ahal izateko ezinbestekoa. Samina hitzetan jartzea, edo bestela esanda, hura esatea, hura pairagarri egiten laguntzen du. Mina integratzeko aukera ematen dio idazketak Barthesi. Literatura “nobleziaren eskualde bakarra” den neurrian, hots, amarengandik —bere purutasun eta benetakotasunetik— gertu egoteko modu bakarra, horri eustea baino ez zaio geratzen. Hura du doluari gain hartzeko modua: “Argi dago gaizki egongo naizela harik eta, beragandik abiatuta, zerbait idazten ez dudan arte”.
Sarrera laburrez osatuta dago egunerokoa. Esaldi bakar batekoak ere badaude. Halere, harrigarria da Barthesen zolitasuna sentipenez jardutean, nola gai den bere buruaren gorabeherei antzemateko. Aditasun zorrotza antzematen da sarreretan. Doluaren gaineko esplorazioa ere badago, jakina. Ez kanpotik eta hoztasun zorrotzez egindakoa, minaren barrunbeetatik baizik. Zentzuzkoa eta burutsua da, haatik. Gaitasun analitiko izugarria erakusten du horretan autoreak. Hortxe daude, hausnarketa suspertzaile ugariren artean, doluaren izaera denborazkoaren ukatzea, amaren bizimodua imitatzeko beharra, amak bere obran izandako garrantziaren aitorpena… Azken hori litzateke interesgarrietako bat. Esan nahi baita, bizitzaren eta obraren arteko harreman gatazkatsua, beti lausoa eta gutxitan argia, baina autorearen heriotzak heriotza —esanguratsua da, hain zuzen, Barthesek esatea hori—, oihartzun gisa ageri dena. Kritikariaren hitzetan, “Ontasun goren baten nahian” islatzen da bere liburuetan amak utzitako ondarea.
Liburuan beste hainbat gai kitzikagarri ere badaude. Esaterako, nola aurre egin heriotzari ikuspuntu ateo batetik? 1979ko irailaren 1eko sarrerak dakar gatazka hori, amaren Ahurtiko hilerriko hilobiaren aurrean Barthes, zer egin ez dakiela. “Otoitz? Zer esan nahi du horrek? […] Barnekotasun-jarrera batean jartzearen zirriborro iheskorra besterik ez”. Hainbatetan errepikatzen duen antzera, bere hilkortasunaren kontzientzia eragin zion amaren heriotzak. Egunerokoa bukatu eta urtebete eskasera hil zen. Esanez egin zuen bizitza bizigarri.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro