kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Zero / Aitor Zuberogoitia / Jakin, 2024

Hutsa, Erdi Aro berria eta transhumanismoa Jon Jimenez / Gara, 2025-04-20

XII. mendean, Tuterako Abraham ibn Ezra filosofo eta matematikari judua izan zen Europan zero zenbakia erabili zuen lehenetarikoa. Matematikaren oinarri mendebaldarren aurka, “galgal” edo “gurpila” terminoa erabili zuen zifra gisa, eta baita hutsunearen kontzeptua ere astronomian eta astrologian. Indiar eta arabiar jatorriko zenbakien bidez egindako kalkuluetan funtsezkoa bihurtu zen zeroaren erabilera eta harekin loturik zihoan infinituarena ere. Katalunia aldean ibili zen Ezra, Kalagurrisera hiltzera itzuli aurretik, eta han ere ibili ei zen, urte batzuk lehenago, Gerbert Aurillacekoa, Silvestre II.a Aita Santu bihurtu aurretik. Zero zenbaki berri arraro eta demoniako hartaz eta aljebraz, algoritmoez, blaitzen ibili ere. Iluntasunez bete diguten Erdi Aro hartan, kulturartekotasunari eskerrak, ekialdeko mundu ikuskera horretaz jantzi gabeko kontzeptua bihurtu zitzaigun zeroa. Eta, antza denez, Aitor Zuberogoitia Espillak “Zero. Transhumanismoa ate-joka Erdi Aro berrian” (Jakin, 2024) liburuan, Gerberten arrastoari segika kontatzen digun eran, berriz ere ate joka dugu. 1000. urte inguru hartan bezala gaur ere garai apokaliptikoak bizi ditugu eta zeroak —eta batak— ezerezaren eta infinituaren artean kokatzen gaitu berriz. Baina, post eta transhumanismoaren ideien zabalpenarekin batera, oraingoan tramankulu robotiko berri edota software eran agertzen zaigu akabera-edo, ikusi bertzerik ez dago “Black Mirror” eta antzekoekin batera nola hedatu diren Netflix-en Erdi Aroko eta Errenazimentu giroko telesail historikoak.

Jakin Irakurgaiak bilduman plazaraturiko lana dugu hauxe. Lehen batik bat akademiara begira argitaratzen ziren horiek irakurleria zabalago batean dute jomuga orain. Tankera anglosaxoiago batean emanik diren orotariko gaiak. Zuberogoitiaren kazetari estiloa da horren adibide, historia eleberri jostagarri baten eran kontatzen baitu. Baina “Zero”-n ere ikuspegi filosofikoki jantzia eta historiko zorrotza uztartzen dira, Xabier Eizagirre editoreak azpimarratu bezala, “Goi Erdi Aroaren argazki osatu” bat eginez. Hau ez dugu, beraz, panfleto teknofobikoa edo ludismo berritu baten aldekoa, gizakia eta unibertsoa bera egungo aldartean birpentsatzeko bide egoki batzuk ematen dizkiguna baizik. Bertzeak bertze, Byung-Chul Han, Rosi Braidotti, Donna Haraway, Joxe Azurmendi eta Joseba Gabilondo azalduko zaizkigu orriotan, teknofeudalismoaz mintzo garen honetan —non korporazioek Erdi Aroko jaunek lurrak bezala kontrolatzen duten teknologia—, Erdi Aro berri baterantz ote goazen galderari erantzuteko asmoz. Izan ere, zeroak hutsunea kalkulatzen digu, baina algoritmo batek bete ote dezake?

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak