kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

31 ipuin / Anton Txekhov (Iker Santxo Insausti) / Elkar, 2022

Errusiar errealismoa, euskaraz Pello Zupiria / Bilbao, 2022-05

Literatura errealitatearen mimesi bezala definitua izan da historikoki. Egunero gertatzen dena forma idatzian kontatzea, ordea, hamaika modutan egin daiteke. Gertaera horiek nola kontatzean datza korronte baten eta bestearen arteko ezberdintasuna. Korronteak modak dira, azken finean, eta estuki loturik daude tokian tokiko eta garaiaren egoera soziopolitikoari. Lantzen den gaiak ere definitzen du mugimendu literarioa. Badira batzuk benetan lehen eta orain bat markatu dutenak, eta horien artean dago errealismoa, erromantizismoarekin zeharo apurtu zuena.

Korronte estetiko honek idazleak bere buruari begiratzearekin apurtu zuen eta inguruan jarri arreta. Gizartea osatzen duen jendearengan. Detaile askoko deskripzioek hartzen dute garrantzia eta eguneroko gertakariak izaten dira istorioen trama nagusia. Herrialde askotan zabaldu zen errealismoa, baina mugimenduaren idazle esanguratsuenetakoak errusiarrak izan ziren. Horien artean, ipuingintzan eta antzerkigintzan, batez ere, Anton Txekhov dugu, ipuin modernoaren aitetako bat.

Literaturazale eta ikertzaileentzat aski ezaguna bada ere, zirkulu horietatik kanpoko askorentzat ezezaguna da Txekhov. Bada, euskal irakurleek aukera paregabea daukate orain autore errealistaren obraren zati handi batera hurbiltzeko. Izan ere, Elkar argitaletxeak Anton Txekhov. 31 ipuin liburua argitaratu berri du, Iker Sancho Insausti Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta itzultzaileak osatua. “Idazle baten jardunean bere bizitza pertsonalak eta errealitate sozialak nahiz historikoak zerikusi handia dutela esatea alferrikakoa eta begi bistakoa izan daiteke, baina Txekhoven literaturaren nondik norakoak azaltzeko sahietsezina da aipatutako elementuei erreparatzea”.

Literatura unibertsaleko klasiko mordoa euskaratu da, itzultzaile handien lanari eta obra horiek gure hizkuntzan irakurri nahi izateari esker. Baita Txekhoven lanak ere, baina aurtengo udaberrian argitaratu berri den liburua dugu artista errusiarraren bildumarik zabal eta osoena. Insaustik ipuin modernoaren aita euskaraz irakurtzeko motibazioa izan du lanari ekiteko motor gisa. Gasteizko Letren Fakultatean errusiar hizkuntzaren irakasle da, eta aurretik euskaratu izan ditu herrialde horretako beste hainbat idazle ere.

Insaustiren hitzetan, Anton Txekhov Errusiako bere garaiko gizartearen erretratu ezin finagoak egiteagatik nabarmendu zen, baina errealitate horren deskripzioak nonahiko eta noiznahiko irakurleek topatzen dituzte haren orrietan: pertsonaiak, ezaugarriak, egoerak… “Haren estiloa umoretsua eta irakurterraza da, baina kosta egiten zaigu irribarretik barrera igarotzea, umorez deskribatzen dituen egoerak sarritan ez direlako barregarriak, ezpada tristeak, itxaropenerako zirrikiturik uzten ez dutenak”, adierazi du Sanchok liburuaren hitzaurrean. Izan ere, ipuin guzti hauen gehiengoan, protagonistek sufritu egiten dute. Dela ezkondu berria den bikote bat, dela lanpostuz igo duten langile bat, denek pairatzen dituzte berekoikeriaren eta indibidualismoaren hoztasunaren ondorioak. Gizarte oso baten erradiografia da.

Badaude elementu batzuk garrantzi berezia daukatenak Txekhoven istorioetan. Adibidez, aita. Itzultzaileak zehazten duen moduan, irudi hori maiz agertzen da, “eta ia inoiz ez onerako, beti ezaugarri ezkorrekin loturik: autoritarismoa, laztasuna, porrota, frustrazioa, alkoholismoa. Badago ipuin bat bereziki argi ikusten dena, liburuan Familiaburua izenburua duena. Ipuin hau, hain zuzen, izan zen lehena euskaratzen. 1956an, Guraso zintzoa bezala itzuli zen, eta zantzu guztien arabera, Koldo Mitxelena izan zen horren itzultzailea. Aitarena, bere askatasuna erosi zuen gizaki baten istorioa da. Esklabo jaio zen eta bere buruaren jabe jaio ez zen pertsona baten semea izateak eragin handia izan zuen Txekhovengan.

Baina badira beste elementu batzuk ere ipuinetan maiz agertzen direnak, zeintzuk metafora gisa erabiltzen dituen bere garaiko injustiziak salatzeko: bizi-baldintzak, eskubideen urraketak, desberdintasun sozialak, funtzionarioen mundua, itxurakeria, hipokrisia, botere-gehiegikeriak, arrazakeria, emakume eta haurren egoera lazgarria… “Gizartearen miseria morala argitara ateratzen du: boteretsuen aurrean otzan eta menpekoekin harrokeriaz ibiltzen diren pertsonaiak aurkezten dizkigu; batzuetan gorrotagarriak egiten zaizkigu, baina beste batzuetan haiengatik nolabaiteko enpatia sentitzera ere iristen gara, ulertzen dugulako haien jokabidea beldurrak eragindakoa dela. Oso litekeena da horrelakoetan irakurle gehienek bere buruari galdetzea: egoera horretan banengo, Txekhoven pertsonaiek baino ausartago jokatuko ote nuke?”, iradoki du Insaustik.

Hiru fase

Insaustiren lana originala eta betea da. Txekhoven bizitzako fase guztietako ipuinak ageri dira, orain arte euskaratu gabeak izan direnak, bat izan ezik. Itzultzaileak azaltzen duenez, hiru etapatan sailkatzen da idazle errusiarraren obra: lehenengoa, 1880tik 1886ra tarte “epe emankorrak beteko luke, zeinean ipuin labur pilo bat idatzi baitzuen”, eta gehienak oso laburrak. Hautatutako 32 ipuinetatik, lehenengo hogeiak hastapen urte hauetakoak dira.

Bigarren fasearen hasiera “1886an kokatu ohi da, 1893ra arte luzatuko litzatekeelarik. Heldutasunerako jauzia hemen ematen duela esan genezake, literaturari dagokionez behintzat”. Garai honetan biziko dira haren gurasoak eta arreba liburuen salmentatik irabazitako dirutik. “Arrakasta dastatzeko aukera izango du, baina, aldi berean, osasun arazoek ez diote bakerik emango”. Txekhov medikua izan arren, badirudi ez ziola bere osasunari arreta berezirik eskaini, ezta tuberkulosiaren sintomak jasaten hasi zenean ere.

Bere sorkuntzaren azken fasean, bizitzarena ere izango dena, ipuinak guztiz alde batera utzi gabe, antzerkigintzan murgilduko da batez ere, Osaba Vania, Hiru ahizpa eta Gereziondoen baratzea bezalako antzezlanak idazten. Narrazioei dagokienez, garai honetakoak dira Txekhoven ipuinik gogoangarrienetako batzuk, “aurrekoak baino sakonagoak, hausnarketa serioagoei emanak eta bereziki luzeak”. 1897an, bere osasunak okerrera egingo du, eta zazpi urte beranduago hil egingo da Alemaniako Badenweiler hirian.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak