« Literaturari | Itsaso bete memoria »
Barkuen hilerria / Francisco Castro (Mitxel Murua) / Alberdania, 2020
Botere-gehiegikeriak Amaia Telleria / Deia, 2022-01-29
Ez da laburra Francisco Castrok Alberdaniarekin eginiko ibilbidea, eta eskutik emanda datoz Barkuen Hilerria misteriozko eleberrian ere. Jatorrizkoa galegoz idatzia izanik, Mitxel Muruak dotoreziaz ekarri du euskarara, hizkuntza aberatsean eta arreta kontakizunetik desbideratu gabe. Akaso, uneren batean irakurle gazteen profiletik urrun samar egon daitezkeen esamoldeak darabiltzala azpimarratuko nuke. Gazteak baitira, eleberri honen jomuga, besteak beste. Hala ere, helduentzako ere zer pentsatua ematen duten gaiak plazaratzen dituelakoan nago.
Oporrak aitaren jaioterri den herrixkan igarotzera doa David gaztea. Primerakoa da giroketa, bertako ohitura eta bizilagunen deskribapenek “gure udarako herria” daukagula sinestera eramango gaituzte, sekula izan ez dugunok ere. Kontuak kontu, udara aspergarriaren promesa zekarrenak ezusteko ugari emango dizkio mutikoari, eta sekretuz jositako trama handi batean katigatuta dagoela konturatuko da, bat batean. Irakurlearen jakinmina piztuko da hasiera samarrean, azkenera arte erabat harrapatuta mantentzeko moduan.
Argumentuaren atzean loratzen ikusiko dugu memoria historikoaren kimua, gerra zibilak presentzia nabarmena izango baitu. Egileak berak hainbatetan aipatu izan du beldurgarria dela iragan hurbilarekiko, orokorrean, dugun ezjakintasuna. Bestetik, oso modu natural eta errealean erakusten digu gazte bikote baten harreman toxikoa. Kaiola da haietariko batentzat harremana, baina idealizaturik dauka bikoteko neskak maitasun erromantikoa, hainbeste, ezen mutilaren jarrera bortitz eta jazartzaileak guztiz kontrako interpretazio batez justifikatzen dituen. Jeloskortasun basatia, kontrola, dependentzia… Maitasunaren ikur iruditzen zaizkio. Tamalez, gaur egun, oraindik, nahiko orokortua eta onartua dagoen ikuspegia da, eta argitara atera beharrekoa.
Bi dira Castrok erabiltzen dituen narrazio estiloak; batetik, narratzaile orojakilearen kontaketa lineala, zeinetan Daviden aldamenetik kontatuko zaigun istorioa, eta, bestetik, Luciaren egunerokoa. Lehenengoa izango da narrazioaren haria bideratuko duena, eta bigarrena, berriz, Luciaren sentimendu eta harremanen gorabeherak xehetzeko baliatuko da. Ez du tramarako ekarpen berezirik egiten egunerokoak, eta, are gehiago, azaleko samarra suertatu daiteke, jazoko zaizkion gertaerak ikusita, harreman sentimentalen inguruan baino ez idaztea bertan. Dena den, eleberrian funtsezkoa den gaian sakontzeko baliatu da, Luciaren azalean jarriko baikara, eta istorioan duen bilakaera ikusiko dugu.
Castrok aipatu du maskulinitate eredu ezberdinak ere erakutsi nahi izan dituela, eta protagonistaren izaera darabil, nagusiki horretarako. Mutil sentikor, enpatikoa da David, eta aurre egingo dio haren antagonista den eta guztiz kontrakoa sinbolizatzen duen Litori. Kontra egingo die, horrela, zenbait klixe zaharkitu, baina erroturi.
Idazleak sexismoaren alderdi ezberdinei begira kontzientziak astintzeko daukan asmoa eta, hortaz, gaiarekiko duen sentsibilizazioa ikusita, aipatu beharrean nago atentzioa eman didala narratzaileak Luciaren itxura eta janzkera etengabe deskribatzeko duen joerak, beste pertsonaiekin egiten ez duenean. Agian, narratzaile orojakilea protagonistaren bidaide da, eta hortaz, bere hormona-zurrunbiloen testigu izatearekin justifikatu daiteke joera hau. Azken finean, nerabezaroaren, maitasunaren eta sexuaren uretan igerian dabiltzan pertsonaien istorioa baita hau, gaur egungo kazikeez, ustelkeriaz eta botere harremanez arituko dena.
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga