kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Ahaztu baino lehen, ama / Mikel Etxaburu / Pamiela, 2021

Itsaso bete memoria Irati Majuelo / Berria, 2022-01-30

Ahanzturaren eta gogorapenen, zaintzaren eta absentziaren, galeraren eta edertasunaren koordenatuetan dabil Mikel Etxabururen azken lana, olatuen artean kulunkatzen. Amari eta amaren inguruan idatzitako poemak dira, memoria galtzen ari dela eta, haren prozesuaren inguruko gogoetak, irudiak eta oroitzapenak biltzen dituelarik. Ezin ezkuta daiteke idazlearen mina, are etsipena sarritan, ama zaintzeko babes oro eman, eta hala ere, atzerabueltarik gabeko bidean aurkitzen baitu bere burua. Bide horretan idatzitako poesia da liburuak jasotzen duena.

Horren haritik, ezin uka sentsibilitate handi batek biltzen duela bilduma osoa, delikatua da Etxabururen idazkera. Hiru ataletan banatuta, lehendabizikoak (Post-itak pareta zurian) amaren memoria berreskuratzeko lanak eta gaitzaren lehen inpresioek gidatzen dute, lirikotasun ongi landu batez bustiz poema gehienak. Mara-mara bigarren atalean, ordea, etsipen sentimendua nagusitzen doala esan daiteke, eta tonu ilunago bat hartzen duela idazkerak, nahiz eta badauden liburu osoan zehar esperantzarako deiak, itsasargi txikiak dirdirka. Azken atalak bide gehiago irekitzen dizkio argiari, mina egon badagoen arren, onarpenak goxatzen baitu unean uneko bizialdia. Bidaia batean murgiltzen da, beraz, idazlea, eta harekin batera irakurlea.

Bereziki ederrak dira poetaren beraren oroitzapenetatik abiatzen diren poemak, ama memoria galeraren aurreko garaietan kokatzen dutenak, ahanzturatik haragoko bizi bat gorpuztuz. Halaber, eguneroko gertakari, ohitura eta keinuetan oinarritutako aleek beste kolore bat eskaintzen diote bildumari, arnasa ematen diote metafora eta metafora artean. Edertasun, min eta maitasun egiatienak egunean eguneko etxekotasunean daudela transmititzen dute.

Alabaina, esanguratsuena da, hiru ataletan zehar, poema gehienak itsasoaren eta memoriaren iruditerietan mugitzen direla. Interesgarria da oso nola uztartzen dituen bi munduak, metafora horretan gauzatzen baitira joko liriko gehienak. Egia da agian zenbaitetan errepikakor gerta daitekeela, poema bera irakurtzen ari bagina bezala, lerro-arte desberdin batetik hasita. Itsasoaren irudi guztiak poema bakarrean kondentsatuko balira bezala. Akaso, horretan datza ahanztura, etengabe bariazioz bariazio errepikatzean irudi berbera. Ildo horretan, idazleak berak ohartarazten du, ez dago soluziobiderik poesian: “nazkatu naiz metaforen eta adjektiboen zurikeriaz/ hitz biribilen disimuluaz eta/ ondo jositako esaldien diktaduraz/ […] ez dut ausentzia disimulatuko/ metaforarik gabe bizitzea izango da niretzat erronka”.

Izan ere, poema-bilduma hau, finean, maitasun kantu bat da, Etxaburuk amaren belarrira xuxurlatutakoa: “baina ama,/ zein eder den zure begien mintzoa/ orain eta hemen baizik ez zaudenean/ isilik/ datorren bezala badoan brisa arina zarenean”.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak