kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Infinitua ihi batean / Irene Vallejo (Fernando Rey) / Pamiela, 2021

Literaturari Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2022-01-23

Irene Vallejo idazlearen liburu hau 2019an argitaratu zen gaztelaniaz. Interes gutxikoa izango zelakoan aritu zela esan izan du autoreak elkarrizketaren batean, eta harriduraz hartu duela izan duen arrakasta. Hainbat sari jaso ditu; besteak beste, Espainiako Saiakera saria eman zioten 2020an.

Saiakera bat da Infinitua ihi batean. Literaturaren historia bat. Literatura maite duen autore baten lumatik idatzia. Ikasketaz filologo klasikoa da Vallejo, eta saiakera idazteko erabili dituen tonuan eta estiloan nabari zaio proposatzen duen horrekiko interesa eta pasioa. Tonu akademikoa darabil, beroa eta goxoa; estiloa ahozkotasunetik gertu dago. Bidaia liluragarri eta abenturazkoa Alexandrian hasten da, bertako liburutegia nola sortu zen kontatuaz. Literaturaren ertz ugariez ari da hainbat kapitulutan: idazleak, liburu objektua, liburutegiak, ipuin kontalariak, irakurleak, literatura irakasleak, liburu saltzaileak, kontu asmatzaileak, editoreak, liburuzainak, liburu dendak eta abar luze bat. Ekintzaren garaiotan behatzearen, hausnartzearen, pentsatzearen beharraz ere badihardu liburuak. Literatura den mundu zabal horri izugarrizko omenaldia egiten dio Vallejok. Maitasun erakustaldi handia da.

Ematen dituen datu, bertsio eta informazio guztiak irakurrita, Vallejok ikerketa sakon eta zehatza egin duela eta liburua urteetako lanaren emaitza dela ondoriozta genezake.

Konbinazio orekatua eta harmoniatsua lortzen du autoreak: saiakera batek eman behar dituen datuak ematen ditu eta ikerketa baten zehaztasuna du, alde batetik. Asko ikasten da 450 orrialdeetan barrena. Eta, bestetik, ahozkotasunaren magiak eta gertutasunak limurtu egiten gaituzte, Xerezaderen kontakizunek egiten duten bezala.

Fernando Reyk bikain itzuli duen liburu hau urte aldaketarako zubi izan dela aitortu behar dizuet. Liburu honekin ibili dut 2021etik 2022rako bidea. Urteko azken liburua eta urteko lehena izan da. Pena izugarria eman dit bidaia amaitzear zela ohartzeak, eskumako aldean gero eta orri gutxiago izateak, liburuaren pisua ezkerreko eskuarekin eutsi behar izateak. Letra hauen lerroetatik infinituki bidaiatzen jarraitu nahi nuke. Irakurketa itxaropentsua izan da, zalantzarik gabe.

Irakurketa ugariko urtea izan dadila 2022a, urte berri on!

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak