kritiken hemeroteka

8.693 kritika

« | »

Bihotz-begietan / Xabier Lizardi / Susa, 2021

Rimbaud etorri duk Igor Estankona / Argia, 2021-10-17

Arrazoi du Anjel Lertxundik hitzaurrean: “Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik (1932) eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe”.

Susakoek berrargitaratu dute Lizardi. Zarauzko argitaletxe batek izan behar zuen, noski. Tolosan ere badago, ordea, plaza bat Lizardirena —Oria ibaira ematen duen eguzkibegi eder bat—, eta Lizardiren leiho bat ere bai, Txillidarena. Eta euskararen inguruan hausnarketa bat egiten den bakoitzean badauka Lizardiren ukitu bat gure arrangurak, Euskal Herrian nahinon: “Leen-leendanik gure izkuntza landu izan ba’gendu, gogo-jardun ta bear guzietarako erabiliz, gaur berezizko jakintza baten, berezizko elerti baten bidez gizadiak begiratze ta aipatze’aal-ginduzten!”. Lizardik literaturaren esparrua gainditu zuen literaturaren bidez, urrezko orri bat utzi zuen idatzia gazte, sano gazte, hil aurretik. Espainiako gerra zibilak orbandu eta mikaztu gabeko biografia dauka, eta era berean gure euskal kontzientziaren zati da.

Jose Maria Agirre Egaña Zarautzen jaio zen 1896an, baina ia bizitza osoa Tolosan eman zuen. Bertako bankuan izan zuen lehenbiziko lanpostua, laguntzaile gisa. 1923an Perot enpresako gerente lanpostua eskaini zioten, eta sare metalikoak egiten zituen lantegi hartan jardun zuen lanean, hil zen arte. Pakita Izagirrerekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten.

Eta abar eta abar…

Eta orain Susakoek ekarri dute gaurko euskara estandarraren grafiara Bihotz-begietan. Ariketa zaila da: ezer ukitu barik zaharberritzea halako obra irudiz aberatsa, halako fresko sakratua gure letrentzat. Josu Landa aparta da horretan eta badaki itzulpenak egin ahala berridazten, badaki kentzen eta ematen baina badaki, baita, ez interbenitzen: “Zure bazter,/ gurazko aberria,/ doa zoro/ ta (bertan ni) bultzia…”.

Edizio hau lar ukitu gabeko Lizardi da. Kausitu zituen bide berriak, neologismoak eta jada ahaztutako esapide bikainak bere horretan utzita datoz. Memoria ariketa ederra da, inondik ere. Irakurtzen hasi eta ohartzen da bat zeinen garrantzitsua izan zen gure literaturan Joan Maragall, Manuel Antonio, Frederic Mistral gisako Lizardi hau.

Azken kritikak

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak