kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Erabili goldea hilen hezurren gainetik / Olga Tokarczuk (Amaia Apalauza Ollo / Sonia Kolaczek) / Elkar, 2020

Hezur hilek hitz egingo balute Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2021-05-16

Izenburua ondo esatea ezinezko egin zait liburua esku artean izan dudanetik. Luzea izateaz gain, inpaktuzko ideia dakarrelako edo, batek daki. Egilearen izena ere ez dut behin ere ondo idazten asmatu. Letrak jan edo lekuz aldatu ditut etengabe, 2018an Literatura Nobel saria irabazi zuen arren.

Hasi aurretik aitortuko dut ikaragarri gustatu zaidala: liburuan sartzea bat-batekoa izan ez den arren, modu sotilean eraman nau basoraino. Egiten dituen deskribapenak ez dira luzeak, baina bai oso bisualak eta esanguratsuak. Detaile txikietan bilatzen du esangura eta sentsazioz betetako momentuak deskribatzea lortzen du.

Protagonistaren eskutik garamatza autoreak. Pertsonaia argia, aktiboa, desiraduna eta indartsua da. Ofizioz ingeniaria eta irakaslea eta afizioz astrologoa. Horoskopoaren bitartez pertsonaiaren pentsamendu sakonenak kontatzen zaizkigu. Jendea, mundua eta bizitza ulertzeko nahi handia duen norbaiten psikea ikus dezakegu horrela. Izaki bizidun oro maite duen pertsonaia sentsiblea da. Gure jendarteak zorotzat hartzen duen emakume heldua. Nahiz eta bera den enpatikoena, zentzudunena eta osasuntsuena.

Inguruan bizi den ehiztari baten heriotzarekin hasten da liburua. Intrigaz irakurtzen dira jarraian gertatzen direnak ere. Negua, elurra eta bakardadea sumatzen badira ere, Janinaren barne munduak harrapatu nau gehien; ahots narratiboa protagonistarena da eta lehenengo pertsonan egoteak gertutasuna eta indarra ematen dio liburuari. Iluntasun zantzuak txikitu dira eta mundu magikoan murgildu nau irakurle gisa. Hausnarketa sakonak eta konplexuak gauzarik sinpleenekin konbinatzen ditu, esaldi eta ideia bikainak lortuz: “Iluntzean gertatzen baitira gauzarik interesgarrienak, orduan ezabatzen baitira desberdintasunik txikienak ere. Ni bizi ninteke ilunsenti betiereko batean”.

Itzulpenaz Amaia Apalauza Ollo eta Sonia Kolaczek arduratu dira. Esker onen atalean irakur dezakegun moduan, konplexutasunez betetako itzulpena izan da. Polonierazko eta ingelesezko bertsioak erabili dira, eta gainera, gai zehatzez hitz egiteko erabili diren hitz teknikoak ugariak dira. Baina sentsibilitatea helaraztea lortu dute eta izenburua gogoratzen lanak izango baditut ere, soinu berezia gordeko dut burmuinean. Itzulpen landua, konplexua eta bikaina da.

Euskaraz autorearen beste liburu bat irakur dezakegu: Arima galdua. Arte liburu bezala sortua, ederra, goxoa eta indartsua da. Gozatzen jarrai dezagun.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak