« Kontaera eraikitzea | Emakume burutsu eta ausartak »
Poesia kaiera / May Ayim (Garazi Ugalde Pikabea) / Susa, 2020
Eguneroko mikroerasoak Igor Estankona / Deia, 2020-12-19
Etiketa baino gehiago delako pertsona, azalaren kolorea baino sakonagoa auzia, May Ayimek idazten du ahaztu gabe nor den, baina batez ere ahaztu gabe zer eskematan sailkatu gura duten gizartea dominatzen dutenek. Poema hauek haserrearen poemak izan behar lukete, baina gozotasunarenak dira, zapalduek euren zapalkuntzaz jabetzeko egiten duten bide malkartsu eta berdeari buruzkoak.
Garazi Ugalde Pikabeak bizi, kartsu, zehatz itzuli du May Ayim (Hamburg, 1960 – Berlin, 1996), biziak, kartsuak eta zehatzak izan zirelako bere geziak ere: “Afro-alemana zara?/ … a, ulertzen dut: afrikarra eta alemana./ Nahaste interesgarria da!/ Badakizu, batzuek oraindik ere uste dute/ mulatoak nekez/ iritsiko direla/ zuriak bezain urrun// Nik ez dut uste hala denik./ Heziketa egokia jasota, jakina…”. Beñat Sarasolak hitzaurrean ederto definitzen ditu poema hori zein bere poesiaren zeharlerroak, alegia, errebeldia eta iritzi kritikoa: “Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat Ayimek, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago. Izan ere, irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena.
Izan ere, May Ayimek poeta zela bazioen, jendeak zioen, “o, ez”. Eta gutxiespen horren aurka egiteko harrotasunaren eta identitatearen bidea hartu zuen, marginalizatuen poesia: “arrazakeriaren, sexismoaren eta antisemitismoaren/ erritmora nahi gaituzte bakartu gure historia birrindu/ edo ezagutezin izateraino/ mitifikatu/ zuri-beltzeko blues bat da/ blues bat da”.
Niretzat aurkikuntza izan da idazle hau, arreba hau. Sustrai afrikarretatik erauzia, bere buruari buruz idazten du Alemaniako tabu handi bati buruz idatziko balu legez.
Agian horregatik iristen zaio irakurleari barru-barrura; esperientzia pertsonal konpartitu bat dakarrelako. Egunero-egunero emakume askok sufritzen duten egoera hartzen du ahotan, horren inguruko diskurtso konplikaturik eraiki gabe. Ez du leziorik ematen, ez du teoriarik lantzen. Lan akademikoetan sakondu zuen, bera pedagogoa izaki, mekanismo, eskema eta morrontza-egituren funtzionamendua. Dokumentazio eta politizazio zereginetan identifikatu zituen arrazismoaren eta sexismoaren mozorroak. Eta gero poesiara datorrenean ahotsa jartzen die horiei guztiei, baina sentimendu bihurturik, ibai bihurturik: “eskatu gabe/ ematea/ jabe egin gabe/ hartzea/ arrazoirik gabe/ partekatzea/ indartsu izatea/ askatasunerako”.
Begien bistakoa salatzen du May Ayimek; normal irizten diogun anormalidadea. Bere poesia irakurrita konturatzen da bat hizkuntzaren bi ahoez, baztertuei nola ebats diezaieketen hitzen biolentziaren bidez duintasuna eta nola, hitzen bidez, berreskuratu dezaketen ebatsitakoaren zati bat. Audre Lorderi (New York, 1934 – Saint Croix, 1992) diotso berari esker dakiela beltza, erresistentea eta “afro-alemaniarra” dela, hitza bera ere asmatu behar izan baitzuten borrokarako eta sentitzen zuten izatea definitzeko. May Ayim ez zen inongoa, bere aberria oraina izaki: “nire aberria/ oraina da/ atzokoaren eta biharkoaren/ arteko espazioa/ hitzen/ aurreko eta ondoko/ isilunea/ bizitzaren/ duda-muda”. Eta egun batez, hala, bere aberri normal batez, bezperaren eta hurrengo egunaren artean, buruaz beste egitea erabaki zuen, 36 urterekin.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez