« Errealitatea transzendituz | Gerlaren eta bizitzaren arteko talka »
Poesia kaiera / Raymond Carver (Harkaitz Cano) / Susa, 2020
Maitatua izan nahi zuen “poeta” Hasier Rekondo / Deia, 2020-11-21
Haren moldean eta haren xedeari jarraiki idatzi ez arren, Harkaitz Cano, Susaren MPK bildumarako entrega berri honen itzultzailea, Raymond Carverren (Oregon, AEB, 1938 – Washington Estatua, AEB, 1988) zale amorratu eta aditua dugu. Gogoan dut oraindik orain, duela zenbait urte, Larrabetzuko Literatura Eskolan Carverren ipuingintzaren estilo lehor, zuzen eta liluragarriaren gainean eman zuen hitzaldia. Zeinean, besteak beste, azaldu baitzuen idazlearen editore batek, irakurle gehiago xede antza, Carverren prosa “edertu” nahi izan zuela estilo “landuago” eta “distiratsuago” bat lortu nahian: idazlearen prosa eta editorearena alderatu zituen Canok zirujau baten gisa: estiloa xumeagoa izanagatik, editorearena baino hobeagoa zen, Carver ez zegoen edertzerik. Carverrek bazuen zerbait inork ez zuena. Editore traditore. Bada, Canok Carverren poesiaren estilo zehatza, zuzena eta idorra mantendu du euskarara ekartzean, eta ez du edertu.
XX. mendeko ipuingile onenen artean dagoen Carverrek poesia ere landu zuen, oso modu narratiboan landu ere, eta haren poesia eta ipuingintza hari mehe batek lotzen ditu. Gaien antzekotasunaz harago, narrazioaren zein poemaren sustraitik bertatik giro itogarri eta era berean sentibera hedatzen da. Depresioak eta alkoholak kolpatu idazle baten itxurak itxura, gauza guztien gainean maitatua izan nahi zuen idazlea zen Carver. Azken pasartea poeman horrela mintzo da: “…Eta zer nahi zenuen? / Maitatua izatea, lurrean norbaitek / maite izan nauela jakitea.”
Alta bada, haren poesian ez da etxafuegoak botatzeko motiborik. “Zorte apur batekin, ospitaleko ohean, / kablez josita, hoditxoak sudurrean. / Baina adorea izan, adiskideok! / Esan dizuet, ez dago arazorik”, dio, Nire heriotza poeman. Heriotza, bizitzeko ahalegin antzua, idaztearen zergatiak, alkohola, arrantza, ehiza, maitasuna, bizimodu kontenplaziozkoa bizitzeko nahia… horra hor Carverren totemak. Baina Carver hori baino askoz gehiago ere bada. Carverri egotzi ohi zaizkion topiko guztiak egin ditu bere haren irakurleak: alkoholikoa, depresiboa, bizitzaren samina ezer esan gabe ederki azaldu duena, latza, egun idealizatutako garai hits eta triste baten kronista. Mugak poematzarrean horrela mintzo da, beste antzara batzuk erakartzeko gatibu hartutako antzara baten istorio tragikoa idazpide: “… Ulertu ahal izan nuen / edozertarako erabil zaitzaketela / edozertara ohitu zaitezkeela”.
Halere, Carverrek badu zerbait terapeutikoa, haren irakurlea errealismo zikin horretatik aldentzen duen bizitzaren alkimiaren testigua baita, eta badu, halaber, bizitzaz Hemingway-ren gisara gozatzeko grina. Bizitzaren saminari aurre egiteko modu bakarrak idaztea, kontenplazionea, arrantza, lagunartea eta maitasuna baititu. Eta irakurleak bete-betean egiten du bat haren unibertsoarekin, izan ere, erosotasunean iltzatuta bizitza ematen dugunok hobeto sentitzen baikara hondoa jo dutenen poema latzak irakurtzean. Carverren ondoan afizionatu hutsak baikara. Eta haren gisara, maitatuak izatea besterik ez baitugu nahi.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez