kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Poesia guztia / Safo (Maite Lopez Las Heras) / Balea Zuria, 2020

Zaharrak berri Igor Estankona / Deia, 2020-07-11

Zuzenean grezieratik, eta estilo aski zuzenean, Maite Lopez Las Herasen itzulpenak eroan nau poesiaren sorlekura, mitoek eta benetako munduak eta lesbianen ezpainek elkar ukitzen zuten Saphoren garaira. Poema horien aurrien gainean jarri behar izan da zementu berria, eta erdi ezabatutako freskoetan norbere pintura. Jatorrizko dialekto aeolikotik behin eta berriro ekarriak, orain Saphoren poema guztiak dira hauts apur bat, esku ahurrean kabitzen dena. Poesia fragmentatu horri interpretazioak eta bukaerak gehitu zaizkio gerogarrenean. Grezia zaharreko tenplu ugari egongo dira tenplu poetiko hau baino hobeto kontserbatuak. Bederatzi liburuetatik, oda, epitalamio, abesti, elegia eta ereserkietatik, gutxi batzuk geratu ziren zutik, euretako asko doi-doi. Edizio honek atal bat badauka aparte non bildu diren Saphoren inguruko “aurkikuntza berriak”, hots, XX. mendeak ekarri dizkigun bi poema ezezagun eta olerki hondatuak hobeto ulertzeko balio izan duten zenbait ahapaldi.

Saphok predikamentu itzela izan zuen helenismo osoan, Erroman zein Bizantzion. Atenas zaharrean errezitatu egiten ziren poemok, eta antzinako Erroman Katulo, Horazio eta Obidiok itzulpenak egin zituzten.

Errestaurazio lan guztien gainean, beraz, beste zaharberritze bat ekarri digute orain Balea Zurikoek, Migel Angel Unanua, Jon Gotzon Etxebarria edo Maider Etxaidek han-hemenka sakabanatuak utzi zizkiguten pieza solteen osagarri. “Gaitzaren loreak” eder baten ostean oparitu digu argitaletxe honek, bigarrenez denbora gutxian, baitezpadako liburu horietako bat.

Maite Lopez Las Herasek dio, aitzin solasean, idazlea emakumea izaki, haren poemak “emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean”, orduantxe iritsiko garela “poesiaren edertasunaz benetan gozatzera”. Olerkiak “egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea”, horixe omen da poesiaren zinezko kutsua.

Niri, ostera, garrantzitsua iruditzen zait kontrakoa, alegia, jakitea Sapho Lesbosekoa politikan sartu zela, erbestea pairatu zuela, neskentzako literatura eskola fundatu zuela, han zirriak egiten zituztela, kalumnia jasan zuela, beretzat txarra ona zela: “Sugarrak lurraren gainetik hegan eginez/ guztia lehortzen duenean,/ txitxarrak kantu gozoa barreiatzen du hegoen azpitik”.

Sapho irakurtzea da lehen aldiz irakurtzea hainbat gauza gaur-gaurko. Batez ere bitalismoa dario. Dena da maitasuna, bizitza, desamodioa, eta bizitza atzera ere. Saphoren ezpainetan gauza bera dira eguzkiaren argia eta ilargiak itzultzen duen eguzkiaren argia: “Edo Zipre edo Pafos edo Panormos zu…”.

Gutxi iritsi zaigun arren Saphorena, eta asko zatika, eragin sakona izan du literaturan. Irakurlearen barruetan ere berdin funtzionatzen duelako izango da, agian: pausatua da, freskoa da, sinpletasunean da ederra. Milaka urte igaro dira eta oraindik iritsi gura dugu honaxe, Saphok okupatzen duen aldare pagano ederrera: “… neska-lagun samur baten bularrean lotan…”.

Mitileneko Alzeok ziotson: “Sapho garbia, trentza bioletaduna, irribarre gozokoa”. Maite Lopez Las Herasen itzulpenari esker itzuli egin da, irriñoarekin, feministen kolorearekin ileetan.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak