kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Gaitzaren loreak / Charles Baudelaire (Patxi Apalategi) / Balea Zuria, 2020

Asperra eta askapena Joannes Jauregi / Berria, 2020-05-31

“Europa osoan oihartzuna izan zuen azken obra lirikoa dugu Gaitzaren loreak“. Walter Benjamin pentsalariaren aipu hori irakurrita, badirudi Baudelaireren maisulana ilunabar baten harribitxia dela, akabera baten zigilua. Eta, neurri batean, hala da. Baina are gehiago da aurrera begirako mugarri bat, zeinak guztiz eraberritu baitzuen poesia pentsatzeko, irakurtzeko, idazteko dugun era. Poetaren figura ere zuztarretik eraldatu zuen: “Baudelaireren aburuz, zaharkitua zegoen buruan argi-koroa bat zeraman poeta liriko hura”, segitzen zaio Benjamin. Baudelaireren lanak hainbestekoa du balio historikoaren pisua, ezen kasik zama izan baitaiteke gaur egungo irakurlearentzat, beste hainbeste klasikorekin uzkurtzen garen bezala. Izan ere, XXI. mende honetatik, askotan ez da erraza halako lanen balio historikoa gozamen estetikoarekin uztartzea. Eta, irakurlearentzat gaitza bada, zer esan horri buruz idatzi behar duen kritikariaz, nekez erantsiko baitie ezer berririk obraren ibilgu luzean hari buruz esan direnenei.

Gutun batean, Baudelairek zera aitortu zuen: “Liburu honentzat eskatzen dudan laudorio bakarra da aitortzea ez dela sorta soil bat, eta badituela hasiera eta bukaera”. Gaur egun ez gara harritzen kontzepturen baten inguruan ardaztu eta horren arabera egituratutako poesia-liburu batekin, baina besterik izango zen orduan.

Gaitzaren loreak bizi-minetik abiatzen da, erromantizismoaren hondar den nahigabe existentzialetik, zeinak, XIX. mendeko hiritzar industrializatuaren ingurumarian, asperraren forma (spleen) hartzen baitu hemen: “Oro plazer zaidanez, ezin esan/ ezerk limurtzen nauenik aparte”. Liburuaren bost parte nagusietan barrena, poetak ihesbidea (askabidea?) bilatzen dio asper horri: lehen atalean (Spleen eta ideala), saiatzen da edertasunarekin eta arte-sorkuntzarekin (“Sisifo, zama hau eramateko gora/ zure adorea behar dut, alafede!/ Lanari ekiten diot baina, halere,/ luzea da Artea laburra Denbora”), baina perbertitu eta galbideratuak suertatzen zaizkio, idealaren eta asperraren arteko tirabiran. Parte horrek hartzen du liburuaren erdia baino gehiago. Jarraian, poetak bestelako ihesbideak saiatzen ditu: Koadro paristarrak partean, hirian eta jendetzan murgiltzen da, “Hiri zahar, zimur, bihurrietan bazterrik bazter”. Ardoa atalean, “paradisu artifizial” deituetara jotzen du, eta, hor ere alferrik: “zintzur bustian hark kantatzen ditu balentriak; / hark ditu benetako errege-atrebentziak”. Gaitzaren loreak partean, lehenbiziko zatitik tiraka, arte-amodioen perbertsio-barrunbe dekadenteetan barrentzen da (“Urkatu ergela, zure oinazea biona da!/ Zure gorpu zarratatuaren planta ikusita/ ahora igo zitzaidan, garratz, okada muzinka,/ oinaze zaharren lantua, behazun-zorrotada”). Jainkoaren kontra altxatzeko suhar bat aurkitzen du Errebolta atalean (“Aintza eta alabantza zuri, Satan, Zeru goietan”), baina, akaburako, behin betiko ihesbide bakarra aurkitzen du, Heriotza (“Herio, kapitain zaharra, goazen! Jaso aingura!”). Ibilbide espiritual eta poetiko horretan, Baudelaire dekadentzian, hiriaren itsustasun guztietan eta garaiko moral zintzoaren usteltze erabatekoan sakontzen da, eta paisaia, subjektu eta errealitate poetiko berriz erditzen.

Luze segi liteke liburuaz hitz egiten, baina, ezer nabarmentzekotan, nago gogoan hartu behar dugula zein urriak ditugun euskarara osorik itzulitako poesia-liburu beregainak, antologia-bildumetatik kanpo. Horretan ere bide-urratzaile izango dugu Gaitzaren loreak hau.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak