kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Poesia kaiera / Forugh Farrokhzad (Miren Agur Meabe) / Susa, 2020

Lorategi bat poesiari Irati Majuelo / Berria, 2020-05-24

Iranera garamatza udaberri honetan Munduko Poesia Kaieren bildumak. Forugh Farrokhzad 1930eko hamarkadan sortu zen Teheranen, eta bere hitzei darien indar eta askatasunari esker, poesia modernoaren ikur bilakatu zen laster bere herrialdean. Miretsia eta arbuiatua aldi berean, Farrokhzaden lanak sentipenak eta pasioak jartzen ditu tradizioak ezarritakoaren gainetik. Bizi-intentsitate hori, ordea, fintasun eta lirismo handiz adierazten du, Miren Agur Meabek euskarara bikain ekarri duen gisan.

Lorategi bat da Farrokhzaden poesia, bere usain, kolore, argi eta ilunekin. Poema bakoitza hazten eta loratzen ikus daiteke irakurri ahala, idazleak darabiltzan erritmo eta lengoaia lirikoaren bidez. Errepikapenak erabiltzen ditu sarri, poemen azpian dirauten erresistentzia aldarrien oihartzun, eta testuari indarra emateaz gain, irakurketa-erritmo propioa ezartzen die, deklamaziotik gertu lerratzen dena. Irudi sinboliko sendoak sortzen ditu, ahaltsuak, betiere naturarekiko harreman estuan, baina ohiko metafora klasikoetatik itzuri doazenak: “Damutuko zara/ zure oinazeari kontra eginez gero./ Tristuraren lorea usaintzen ari zara,/ beste poema bat idazten hastear”. Lorategi bat eraiki zuen Farrokhzadek poesian, bere min eta esperantzak, amets eta nostalgiak erein eta zaintzeko.

Poeta irandarraren lan guztian zehar suma daiteke gizartearen epaiak bere bizitzan utzitako arrastoa. “Okerreko” bidea hautatzearen zamak talka egiten du emakume honen askatasun egarriarekin. Hala, bada, abandonuak, gaitzespenek eta baztertzeak eragindako samin hori garrasi baten indarraz zein lore baten hauskortasunez adieraz dezake. Gizarte tradizional baten pentsaeratik eta juzgu gaiztoetatik ihes egin nahi du Farrokhzadek, baita haren poesiak ere. “Denboragarrenera, haize-euriek/ nire izena ezabatuko dute hilarritik./ Nire hilobia, izenik gabe orduan/ desondraren ele-meletik geratuko da libre”. Min horretan, bereziki nabarmentzen da semea kendu izanaren zigorra (Poema bat zuretzat, Itzulera). Ez zaio, baina, kemenik ezta ironiarik ere falta epai horiei aurre egiteko (Panpina mekanikoa, Ai herrialde miresgarria…).

Zubiak eraikitzea da Munduko Poesia Kaieren lorpen ederrenetako bat, eta ezin uka dezaket Farrokhzaden askatasunarekiko grinak eta bizitzarekiko minak bilduma honetan itzulitako beste poeta bat gogorarazi didanik, Alfonsina Storni. Arauz jositako mundu batean emakume izatearen zigorra eta plazera dakarte biek ala biek poesiara. Kontzientzia horren baitan, gorputzak presentzia garrantzitsua hartzen du esku artean dugun liburuan: “Gorputza zer da, kartzela edo lur askea?”.

Antologia labur baina intentso honek ongi aitortzen digu Farrokhzaden poesiak haren bizitzarekin batera egin zuela bidea. Bidaide dira maitasuna, bereiztea, bakardadea, zigorra, erbestea, matxinada, itzulera, esperantza. Askatasunaren pasioz eta errealitatearen krudelaz loratutako lorategi batera doan bidea.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak