kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Gerrak ez du emakume aurpegirik / Svetlana Aleksievitx (Iker Sancho) / Elkar, 2017

Gerrak ez du emakume aurpegirik Ekaitz Zabala Iturbe / Begitu, 2019-10-17

II. Mundu Gerran, miloe bat andra joan zan frontera Armada Gorriaren lerroetan. Euretako asko zirujauak, erizainak, telefonistak, sukaldariak eta erropa garbitzaileak izan ziran. Baina izan ziran be frankotiratzaileak, tankistak, pilotuak, artilleriako soldaduak, partisanoak, irrati operatzaileak, zulatzaileak, minatzaileak… Sakrifizio itzelak egin ebezan gerra fronterik gogorrenean (Sobietar Batasunak 27 miloe hildako izan ebazan militar eta zibilen artean gerra haretan), baina ezinbestekoak izateari itxi eutsienean, ahaztu egin zan euren ekarpena eta euretako askok bazterketa soziala jasan eben.

Andra adoretsu hareek ahanzturatik erreskatetako asmoagaz Svetlana Aleksievitx-ek liburu hau idazteari ekin eutsan 1978an. Orduan, euren etxeetan agertzen hasi zan, grabagailua besapean. Holan ezetu ebazan Vasilievna Korzh aiztak, Zalditeria Kosakoaren erizain ausartak; eta Valentina Pavlovna Txudaieva, alemaniarrak hildako aita mendekatzeko, aire-erasoen aurkako bateria baten komandante egin zan siberiarra; eta Maria Ivanovna Morozova 75 alemaniar hil ebazan frankotiratzailea; eta minak desaktibetan jardun zan Appolina Nikonovna Litskevitx-Bairak tenienteordea; eta Maria Timofeievna Savitskaia-Radukevitx, titiko umea aldean, partisanoentzat mezulari ibili zana alemaniarrak okupautako eremuan; eta Maria Petrovna Smirnova, 481 zauritu salbau ebazan osasun-langilea, gudu zelaitik, tiro eta eztanden artean, banan-banan aterata; eta, Sofia Adamovna Kuntsevitx, Berlineraino iritsi, eta Reichstag-eko hormetan “Ni, Sofia Kuntsevitx, gerra hiltzera etorri naz honaino” idatzi eban sarjentu-burua… Eta beste asko eta asko.

Gudari izandako hareek bihotza zabaldu eutsien istorio lazgarriak, hunkigarriak eta batzuetan barregarriak kontauz: zelan joan ziran gerrara, oindino 17-18 urteko neskak zirala, ilusinoagaz eta xalotasunez, eta zelan bueltau ziran ez ezetuteko moduan aldatuta; zein gogorra dan beste persona bat hiltea; zelan egin jakien antojugarria gorri kolorea, horrenbeste odol ikusi eta gero; zelan ernetzen zan maitasuna lubakietan; zelan gorrotatzen eben etsaia eta zelan errukitzen ziran berataz; zelan pozten ziran andrazkoen barruko erropak lortzean, hilabeteetan gizonezkoen kantzontziloak jantzita ibili ostean, eta zelango ahalegina egin eben, infernu haretan, andra eta persona izaten jarraituteko. Azken baten, beste gerra bat kontau eutsien, historia liburuetan agertzen ez dana.

Ikuspegi humanista hau ez zan izan agintari sobietarren gustukoa. Bere liburua irakurrita inork ez ebala gerrara joan gurako arpegiratu egin eutsan zentsoreak Aleksievitx-eri; aberriak heroiak eta ideal handiak behar ebazan, ez persona txikiak. Halanda be, Gorbatxov-ek Sobietar Batasunean bultzatutako irekidurari ezker, liburua 1984an argitaratu zan… sano mutilauta baina. Horregaitik, 2002 eta 2004 bitartean Aleksievitx-ek berridatzi egin eban liburua, zentsurak (eta autozentsurak) kendutakoak liburuan barriro sartuz. Eta lana bere osotasunean ikusita, baietz esan beharra dago, zentsoreak sakonean errazoia eukala, liburu hau irakurrita, gerrea zure indar guztiakaz gorrotatuko dozulako, eta personak maite.

Svetlana Aleksievitx-ek Literaturako Nobel Saria irabazi eban 2015ean.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak