« Oroitzapenak haizatzen | Aztarna artistikoak »
Mari-mutil handi baten bluesa / Leslie Feinberg (Fermin Zabaltza) / Katakrak, 2018
Erresistentzia sortzaileak Ibon Egaña / Deia, 2018-09-01
Gogoan geratu zitzaidan aurtengo ekainaren 28ko Donostiako manifestazioaren amaieran irakurri zen manifestuaren esaldi bat: “Gure bizitzak —LGTBQ jendearenak— interesgarriagoak dira familia nuklearraren inguruan ardaztutako heterosexualenak baino”. Edo halako zerbait. Eta Leslie Feinbergen Mari-mutil handi baten bluesa irakurtzean, esaldiak probokaziotik harantzago duen egia agertu zait protagonista transgeneroaren bizitzan.
“Neska ala mutila da?” galderarekin gogaitzen zuteneko haurtzaroa labur jaso ostean, Jess Goldbergen gaztaroko urteek hartzen dute kontakizunaren parterik handiena. Gurasoen etxetik alde egin ostean, Bufallo hiriko fabriketan lan egiten hasten da Jess, luze gabe borroka sindikaletan parte hartzen, eta bere moduko mari-mutilak, lesbianak eta drag queen-ak batzen diren tabernetara joaten. Identitatearen bilaketa eta eraikuntza baten kronika da Mari-mutil handi baten bluesa. Protagonistak ez du, ordea, identitatea “aurkikuntza” gisa edo A-tik B-rako linealtasun gisa bizi; aitzitik, generoaren konplexutasun osoa ekartzen du nobelara Feinbergek Jessen zalantza, ezinegon eta desirekin, eta baita generoaren eta beste identitate edo pertenentzien arteko lotura ezin alboratuzkoa ere.
Identitate indibidual hori besteekiko eta besteekin, komunitatean, eraikitzen du protagonistak, gizon/emakume edo homo/hetero binarismoetatik harantzago dauden ñabardurak eta generoa bizitzeko moduak irudikatuz, eta nobela koralago bihurtuz. Jessek eta bere lagunek 1960 eta 1970etako hamarkadan osatzen duten komunitatearen deskribapena egin zait liburuaren alderdirik ederrenetakoa: butch/femme azpikulturaren arauak, gizontasun edo emakumetasuna ulertzeko modu diferenteak eta biolentziaren aurrean elkar babesteko sortutako komunitate-zentzu sendo eta trinkoa, gaur egunetik halako nostalgia batez ere irakurtzen dena.
Komunitatea eta transgenero identitatea ez dira, beraz, aukerako bizi-estilo bat, biolentzia fisiko, estruktural eta sinbolikoaren aurrean bizirauteko estrategiak baizik. Feinbergek goxatu gabe ematen ditu paperera 1960 eta 1970etako LGTB komunitateak jasandako biolentziak, fisikoenetik kulturalenera: poliziaren sarekada, tortura eta bortxaketak, ugazaben esplotazio eta nagusikeria, kide izandakoen mespretxua eta errekonozimendurik eza… Klase zapalkuntza, arrazakeria, patriarkatua eta LGTBfobia elkarrekin gurutzatuta nola dauden ezin argiago jasotzen du nobelak. Baina horrela esanda narrazioak ideien etsenplifikazio bat irudi balezake ere, besterik da nobela hau: Feinbergen lanak bizi-esperientzia baten benetakotasuna eta zehaztasuna eskaintzen ditu; idazleak ezagutzen ditu pertsonaiak, beren errealitate material eta emozionala, eskuzabal partekatzen du irakurlearekin haien (eta, hein handi batean, bere) mundu-ikuskera.
Egilearena bezala, Fermin Zabaltza itzultzailearen eskuzabaltasuna ere eskertzekoa da, urtetan eta borondatez egindako lan finari esker klasiko garaikide garratz hau euskaraz gozo irakurtzeko aukera jarri baitigu eskura.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro