« Identitatea garatu | Oroitzapen traumatikoak »
Poesia kaiera / Al Berto (Joxemari Sestorain) / Susa, 2018
Ilunabarrekoa Igor Estankona / Argia, 2018-07-29
Joxemari Sestorainek euskarari ekarri dio poeta atipiko bat, Beñat Sarasolak hitzaurrean gaztigatzen digunez, goi-zeruetako poesiaren aldean nahiago duena gorputzarekin esan esan beharreko poesia: “Oihalak zabalik animalia hilen gainean/ lainoa/ ezkutatuz paisaia non dabilen gorputza/ atzo goiz-hastean ahaztu zenuena”.
Zaila eta bazterreko maitasunen zalea, Alberto Raposo Pidwell Tavares, (Coimbra, 1948 – Lisboa, 1997) eskultorea izan zen, animatzaile kulturala, arte komisarioa, Antonio Madeira edo Sergio da Costa e Silvaren editorea, hippya Europan barna, ikasia eta desikasia. Al Bertok hitzetara ekarri zuena barru-barrutik bizi izan zuen lehenik, eta bizitzaren gainean idazteko —gauza ederrak, gauza zatarrak— forma berriak behar zituen derrigor: “Oli, txapero ikusezina, alfonbran luze etzan eta oihuka hasi da: ez, ez sartu niri, suitzarra nauk eta suitzarroi ez zigutek ipurtzulotik ematen! tira ba! sartzak poliki, poliki… eta atzealdera jartzen zuen ipurdia, hortzak karraskatzen zituen esperma egarri den zakur-eme altak bezala”.
Iduri luke Al Bertoren idazkera dela desmasiaren poesia. Dena dela, ez da artifiziala. Benetakoa da odola, benetakoak izerdia, hazia, listua. Esan dezagun desmasia dela munduak poetari sortzen dion enpalagua, errealitatearen ispilua. Al Bertok bitariko sentipen bat zeukala ematen du batzuetan: absurdua egiten zaio existentzia, baina absurduan soilik aurkitzen du zentzua. Artearen bidez konpontzen du itxuraz kontraesana dena. Eta izarren arteko gizakiaren bidaia meteorikoa soilik defini daiteke idazkera agil, konplexu bako eta jator horrekin: “Gelatina-neoizko harizpiek hartzen dute katedrala/ gaueko filmaren zeluloidean: hegoen arkitektura/ haizearen bobedak zaborrezko txoriak”.
Expresso egunkariak jaso zituen bere hitzak, hil baino hilabete eskas lehenago. “Todos os meus livros tiveram um carácter de urgência”. Dena azkar, dena bene-benetan. Antologia honetan hurreratzen denak ez du urmael lasairik kausituko, oinazera eta plazerera pega-pega eginda dagoen arimak idatzitako berba gordin eta eleganteak baino. Gustatuko zaizu. Ez zaizu gustatuko. Desengainurik behintzat ez duzu hartuko egia dioen poeta batengandik.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi