« Alderdi iluna | Maskulinitate toxikoa »
Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak / Nikolas Kazantzakis (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 2017
Burutik dagoen arima handi bat Hasier Rekondo / Deia, 2018-02-24
Luis Berrizbeitiak ederto baino hobeto ekarritako Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak iragan urtearen hondarretan argia ikusitako nobela dugu. Tractatus estetiko-filosofiko goren hau euskaraz ikusteak harriduraz hartu ninduen lehendabizi. Zertara zetorren partidaren altuera honetan Kazantzakis ia ahaztua gurera ekartzea? Ez al zeuden obra inportanteagorik oraindik euskaraz argia ikusi gabeak? Denok genuen gogoan Anthony Quinn mexikarraren Zorbak dantzatu galeraren aurreko azken zirtakia, lar azalekoa eta folklorekeriaz betea. Filmak ezin izan zuen nobelaren altuera erdietsi. Kazantzakisen artefaktu literarioa geruza narratibo ezberdinez eraiki artelana baita. Inongo filmak ezingo zukeen liburuak ibilitako bide anitzak jorratu. Bizitzaren eta pentsamenduaren arteko borroka, txinpartaz betetako elkarrizketen bidez, non bizitzak aise irabazten baituen.
Nobela bati eska dakiokeen oro du Zorbak, handinahirik gabe zizelkatu estiloaz gain, existentzia idealizatu baten joan-etorrian errotu eszena kilikagarriak, metaforak, naturaz eraikitako poesía, irakasgai filosofikoak (Nietzsche-ren super-gizona gogoan), gerren kontrako eta sexuaren aldeko diatribak eta ekintzaren gorazarre etengabea. “Hasieran ekintza izan zen, eta azkenean ere bai”. Horrela bada, Kazantzakisen alter-egoa izan litekeen gizon batek (harriduraz hartuko du apika irakurleak nobela idatzitako garaian berdin irakurtzen zituela Danteren Jainkotiar Komedia-z gain, Budaren bizitzako pasarteak), Zorbaren bizitza kaotikoan murgiltzeko erabakia hartuko du, Kretako hegoaldean lignitozko meategi bat zabaltzeko xedez, nobelako mcguffin handiena.
Hortaz, liburuen artean galdutako bizitzaz jabetuko da nobelaren ahotsa, bizirik izatearen balioaz hausnartuko, Zorbaren eta Kretako naturaren eskutik. “—Hik zer esango duk baina? —begiradaz ni haztatuz—. Ageri denez, Berorren Mesedea ez da egundaino gose izan, ez du behin ere inor hil, ez du ostu, ez da inoren emaztearekin etzan. Zer jakingo duk hik bizitzaz?”
Horrez gain, garai hartan oso errotuta zeuden zenbait gaien gaineko pentsamendua eraldatuko du Kazantzakisek, hala nola, gerra edota aberria, Balkanetako gudetan jasan sarraskiak gogoan. Zorbak aitortu arren bere bizitzako egunik zoriontsuena Kretak libertatea eskuratu zuen egun ahantzia izan zela —lehen bakezaletzat jo dezakegu, izan ere—, bulgariarren edo turkiarren kontra egin sarraskien berri krudelki eman ondoren Zorbak aberriaz askatua sentituko du bere burua, gizaki ororen gaineko enpatia hedatuz.
Zenbaitzuk misoginia leporatu diote Kristoren azken tentaldia ere idatzi zuen Kazantzakisi, nagusiki Zorbaren pertsonaian haragiztatua. Puntu batean arrazoi izan arren, horrelako kasuetan testuinguru historikoa eta pertsonaiaren ezaugarriak kontuan hartzea komenigarria izan ohi da. Zorbak bizitzak eskaini gozamen guztiak ditu xede, eta esanguratsua da oso Kretan galdutako eta bizitza libertinoa izan duen Hortenseri dion miresmena eta atxikimendua, herriko gainerako biztanleek ez bezala. “So egiok izarren ibiliari herori ere haiekin batera bahebil bezala…”, Marco Aurelioren aipua profitatuko du egileak bizitzaren xedea maisuki laburbiltzeko.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez