kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Gelditu zaitezte gurekin / Ana Malagon / Elkar, 2017

Gelditu beharrekoak Mikel Ayerbe / Berria, 2017-04-23

Ana Malagon Lasai, ez da ezer gertatzen mikro-ipuin bildumarekin estreinatu zen 2014an eta, berriki, hamalau ipuinez osaturiko Gelditu zaitezte gurekin kaleratu du. Ipuin errealistak dira guztiak, eta hamarna orrialde ingurukoak ia denak.

Lehenengo pertsonan kontaturikoak dira ipuin guztiak eta, halere, gehiegikeriak saihestuz, Malagonek ederki asmatu du pertsonaien ertzak hitz gutxi eta ekintza urriekin perfilatzen. Izan berrogeiak bete berri dituen protagonista, abentura bat izaten ari den berrogeita bost urteko telebista esataria, edo adinean oso aurrera eginiko emakumea, pertsonaia gehientsuenak harritu egiten dira arruntak izan beharko luketen zenbait gertakizunekin; kontrara, aldiz, beste hainbatetan harrigarriak eta nekez gertagarriak diren ekintzekin erabateko patxada edo neurritasuna erakusten dituzte pertsonaien ekintzek. Era berean, ipuinetako protagonista ia guztiei halako apatia dosi homeopatikoa darie, esan nahi baita, galtzaile izan arren, irabaztera ohituta ez daudenen ohikeria antzeko sentimendu bat transmititzen dutela.

Ipuinen tonua ere halakoxea da. Musikaz ariko bagina, mi minor-eko tonua gailentzen dela esan genezake. Protagonistak ataka handi nahiz txikietan barneratuta egon arren, beraien ikuspuntu zoliak ez dagokio etorri handinahia dutenen ahotsari, eta ezaugarri horrek are interesgarriago bilakatzen ditu pertsonaien nortasuna eta nolakotasuna. Eszena gogoangarriak asmatzeko ere abilidadea erakutsi du idazleak. Eta ipuinen barne oreka ere sarritan horrekin lotuta dator, gakoaren muina gertatzen denean baino gehiago, zein elementu eta esamolderen bidez kontatzen den, hots, zein zehaztasunen bidez deskribatzen den horretan baitago. Ipuinotan nabaria da kenketa zein ezabaketarako joera, eta horrek irakurleari behar duen arnasa ematen dio, norberak osatu behar baititu ipuinetako pasadizoek planteatzen dituzten hutsuneak.

Baina-ren bat aurkitzekotan, sarritan egoerak xehekiago azaltzeko edota protagonisten jarduna islatzeko erabiliriko metafora gisako irudietan egon daiteke, kontakizunarekin lotura hertsirik ez duten eta tarteka handiegi gelditzen diren irudiak erabiltzen baitira. Edonola ere, beste zenbaitetan irudi horiexekin indartu egiten da protagonisten eta egoeren izaera eta, beraz, hortxe legoke gisa honetako baliabideen paradoxa; sarritan asmatu egiten duela, eta, beste batzuetan, agian, pasatu egiten dela.

Nolanahi den, hamalau ipuin oso konpaktu eskaintzen ditu Gelditu zaitezte gurekin liburuak, eta, hori horrela, aldikako irakurketa pausatuak mesede egiten dio ipuinen kalitateari. Beste hitz batzuekin esateko, ipuin bakoitzak mundu ikuskera propio bat eskaintzen duela, eta ipuin bat bestearen atzetik arrapaladan irakurtzeak kalte egin diezaiokeela irakurketari berari.

Ipuin liburu duina osatu du Malagonek, eta aurrez mikro-ipuinekin egin zuen bezala, gutxirekin asko esatea lortu du oraingoan ere, eta ipuin erabat biribilak idatzi ditu hamalau aleko bilduma honetan. Bilduma guztietan bezala, gustu guztiak ez dira bat etorriko, baina ziur ipuin gogoangarri bat baino gehiago geratuko dela irakurlearen memorian. Zer gehiago eska dakioke ipuin liburu bati?

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak