kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

Azken zakatzak / Martxel Mariskal / Susa, 2017

Berben pirotekniaz harago Hasier Rekondo / Berria, 2017-04-23

Xabier Montoiari entzun nion aspaldi ez direla gauza bera poeta eta kantuetarako letrak paratzen dituen egilea, bata bestearen baitan, edota iruntzitara, elkarkidetzan edo borrokan bizi daitezkeen sortzaileak izan arren. Ditxosozko musikaltasunaren auziaz harago, badira beste ezberdintasun batzuk ere; laburbilduz, esan liteke bi genero erabat ezberdin direla. Martxel Mariskalek, iruzkintzera gatozen poema bildumaren kontrazalean nabarmendu erdarazko nobelaz gain, Me llamo Ezequiel, y así será siempre (Hiru, 2002), zenbait letra onduak zituen euskal musika talde ezberdinentzat. Dut eta Lisabö taldeentzat idatziak ditu letra asaldagarriak, eta horrez gain, aurrerago, Beti Mugan taldeko baxu jotzaile eta egile izan zen. Oraingo Azken zakatzak (Susa, 2017) estreinako poemarioa du. Letra-egileaz gain poeta ere badela erakutsi nahi izan du. Nago hitzen pirotekniaz harago soiltasunik sakonenera jo duenean lortu duela.

Mariskalek iruditeria du ardatz nagusi, batzuetan larregizkoa baldin bada ere, epatatzeko joera nagusitzen zaionean batez ere. Poemak eztanda semantiko amaigabeetan hedatzen dira. Irakurle honi demasezkoak gertatu zaizkio zenbaitzuk, soiltasunera jo ez duenean. Izan ere, bada beste desberdintasun bat hitz-piroteknia eta poesiaren artean: narrazioak ezin lezakeena iradokitzea baitu xede poesiak, eztanda hutsaletan tronpatu barik halere. Gauzak horrela, hobeak iruditu zaizkit pentsamendu soilaren basamortua xede duten poemak: “…geldoa eta pixkanakoa da benetako ulermena/ horrela ehuntzen da garen unibertsoa/ geure esentziak berak babesten gaitu/ orain haritzezko kutxa batean/ atseden hartzen ari da isiltasuna”.

Mariskalek existentzia hutsalaren aurkako borroka antzua du xede. Poeta, edota gizaki askea, baldintzarik gabekoa, izan nahi duen poeta ez da inon ondo egokituko, bizitza lakarraren eremu marjinalean ez bada. Partidaren une honetan jada ez dago ezta Godot itxaroterik ere. Ostrukaren lepoa poema ederrean, zentzurik zabalenean, horrela mintzo zaigu poetaren ahotsa: “…ostrukaren lepoak/ neurtzen du mundua/ eta ezin gizakiaren eskizofreniarekin asmatu/ eta ezin burua lur azpian barrurago sartu”. Poetak eskizofrenia horren testigu bilakatu behar du, Mariskalek testigua du xede.

Gai nagusia existentziaren hutsaltasuna izanik, Mariskalek molde ezberdinak aukeratu ditu poemak idaztean. Oso bereak ditu poema narratiboak, akaso gutxien gustatu zaizkidanak, hala nola Behin eta berriro ikusiko dituzun pelikuletako posterrak, non ukatze ezberdinen bidez baieztatze bat eraikiko baituen: “Hau ez da tipo tristea eta enigmatikoa naiz…”, bizitzaren topikokeriak urratu nahi izate horrek topiko bilakatuko du, apika.

Arestian esan bezala, soiltasunaren moldea eta edukia aukeratzen duenean egiten du talka Mariskalek bere benetako ahotsarekin. Mikro-poemetan aurki daitezke harribitxi gozagarrienaren zantzuak, Caro putridas es lortuan esaterako. “Untxi zuriari jarraitzeko/ ez keinurik/ ez ahaleginik/ sekulan egin ez eta/ konturatzerako/ oinak ez ezik/ guztiz belztu zaizu bihotza”. Hortaz, berben jarioa baino gehiago, surrealismo automatikoaren mugetan barna, isiltasuna aukeratu beharrean da poeta, eta hortik bertatik abiatu poesiari heltzeko. Umatutako letra-egilearen atzean zakatz-irudi boteretsuak badirela egiaztatzeaz gain, poeta arnas mantsoz agertu beharra da.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak