« Berben pirotekniaz harago | Joko politikoa »
Elkarrekin esnatzeko ordua / Kirmen Uribe / Susa, 2016
Euskaldunon historiaren kakorratz-lan gaitza Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-04-26
Euskaldunon historiaren kakorratz-lan gaitza (Literat-a-rria, literat-e-rria, literat-i-rria, literat-o-rria, literat-u-rrea)
Erran dezadan deus aitzin, Kirmen Uriberen aurreneko bi nobelei buruzko iruzkinak egin ditut. Eta uste dut, ez egilearen gogoa, ez eta irakurle askoren oniritzia ere bereganatu zituztela biek ala biek. Baliteke ere, hirugarren honekin berdin izatea. Nire iruzkinak inpresionistak dira oro har, baina egiari zor, iritzia ematea ere saihestezina suertatu ohi zait.
Harira. Harian, nobelaren nondik norakoak azaldu beharko nituzke, irakurleari pistak eman aldera. Alabaina, zeregin hori bide-z-orretik eginen dut, izan ere, gura duenak webgune honetan dauka nobelaren tesia. Halaber, nobelari buruzko hainbat kritika irakurri nahi duenak, hona hemen.
Espainiako Sari Nazionala ezagutu aitzin eman nuen Bilbao-New York-Bilbao nobelaz nire juzkua. Funtsean, nobela horretan nobelagilea narratzailea baino poeta zela idatzi nuen, Bitartean heldu eskutik liburuaren poeta ageri zela, nolabait erranik
Mussche nobelaren karietara, “kurloiaganako ene pertzepzioa” azaldu nuen. Funtsean, aurrekoaren segidan, nobela oso “didaktikoa” begitandu zitzaidan. Hots, “literatura” baino “lengoaia” nagusitzen zela istorioan.
Elkarrekin esnatzeko ordua nobelan, berriz, —111 Akademiako kideek nobela berau saritu dutela jakin nuen unetsuan ari nintzen iruzkin hau idazten— nobelagilearen estiloa ez dela aldatu erran nezake. Uribek ederto idazten du, lengoaia ontsa menperatzen du, goxo idazten du. Elkarrekin esnatzeko ordua osatzeko lan gaitza egina du, bai iragan mendeko euskaldunon historiaz , baita orobat berean ageri diren pertsonei buruzkoaz.
Elkarrekin esnatzeko ordua 1936ko Espainiako Gerraz geroztiko euskaldunon historiaren kakorratz-lan gaitza da. Lan itzela, zinez. Betiere, edo alabaina, nobela izanagatik, erran behar da, protagonistak “pertsonak” direla eta ez “pertsonaiak”. Idazleak berak eman du horren arrazoia. Nobela generoa, bere jite eta aiurria, beti izanen da eztabaidagai. Nobela hau horren lekuko.
Alta bada, neronek estimatzen dudan “literatura” —literaturaren zantzua edota zentzua— nobela honen atal bakoitzaren hastapenean kausitu dut. Horrela izan zait komunzki Kirmen Uriberen literatura(enea)n—. Gainerakoan, ez naiz luzamenduan galduko, ez dut irakurle inoren gogoa zapuztu nahi ere, ezta Uriberen estiloko zein den gehien “hastiatzen” nauen ezaugarria azalduko ere. Hori egitea ez da goxoa izaten, ez da ongi ikusia ere, ez da “literaturalki korrektoa”. Hots, hori ongi egiteko Kirmen Uribek bezain ongi menderatu behar da lengoaia. Adeitsuki diot, idazlearekiko abegikor eta irakurlearekiko begirunez.
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua aintzat hartzen dut. Nik (ere) “elkarrekin esnatzeko ordua” hurren antza sentitu dut, alabaina, batzuek literatura ura gaia legez bizi dugu, gai liluragoa legetxe.
Ura, gaitzat harturik, literaturak lengoaiak eskas dituen koloregabetasun, usaingabetasun eta zaporegabetasuna helarazi behar dizkio irakurleari. Kirmenen nobelagintzan, Kirmen Uriberen ura (h)arria da, (h)erria da, (i)rria da, (o)rria da, (u)rrea da, alta bada, bere lengoaiak iradokitzen didan literat-urak asetzen nauen arren, ez nau liluratzen. Literatura nola ura, nork bere ahogozokoa.
Haatik, erran nezake, hirugarren nobela hau dela gehien harritu nauena. Harritu, harritzearen zentzu baikorrenean. Uste dut, aurreko nobelen aldean, hirugarren hau dela hobekien egokitzen dena idazlearen estilo eta dohainetara, edo besterik erranik, Elkarrekin esnatzeko ordua Uriberen estiloarekin eta dohainekin ongi baino hobeto ezkontzen dela.
Literat(a)rria, literat(e)rria, literat(i)rria, literat(o)rria, literat(u)rrea. Ttakun ttakun, txukun-txukun, goxo-goxo. Bilboko poeta Gabriel Aresti handia gogoan, Harri eta herri goretsiz, herri hau eta bere literatura aupatu nahian, Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak harritu ez ezik herriratu nau. Berriro diot, geure historiaren kakorratz-lan gaitza da Kirmen Uribek egindakoa.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi