kritiken hemeroteka

6.894 kritika

Azken kritikak

« | »

Nola heldu naiz ni honaino / Kattalin Miner / Elkar, 2017

Nola heldu naiz ni honaino María Unanue / pikaramagazine.com, 2017-03-27

Kattalin Miner idazle trebeak broma serioen artean aktualitatearen erretratuaren deskribapen zehatz bat egin du. Oso dibertigarria egin zait ibuprofenoak egunero gozokiak balira bezala jan, erre, kafea edan, bere kotxea gidatu, tabernaz taberna joan eta ‘best sellerrak’ irakurtzen dituen bere protagonista ezagutzea. Lagun berri bat egin duzula sentituko duzu.

Gertatu da. Azkenean gertatu da! Kriston luzeak egin zaizkigun hilabete mordo horien ostean… hainbeste aste, egun, ordu, minutu, segundu… zain egon ondoren, azkenean Kattalin Minerrek bere lehenengo eleberria argitaratu du Elkarren eskutik! Zer egiten duzu oraindik hau irakurtzen??? Azkar! Jantzi jaka pijamaren gainean, ez zaitez orraztu, orain horrek ez du garrantzirik!! Zoaz zure auzoko liburudendara eta erosi!! Ez daukatela? Ba orduan eskatu!!! Eta izan daitezela bi: bat zure lagun min horri edo agian bikote ohiari oparitu nahiko diozulako!!

Nik neuk berri ona jaso bezain laster, pizza labean erretzen utzi, txankletak galtzerdi zurien gainean jantzi eta korrika batean joan nintzen aldapan behera irrintziak botatzen, urteko gertakaria nire begiekin ikustera. Handia edo txikia izan da? Tapa gogorra edo biguna du? Zenbat kapitulu? Azalaren kolorea? Letraren estiloa? Ai ama, ai ama, hunkitu ere egiten naiz oraindik gogoratzen dudanean. Entzunda neukan web orrialdean otsailetik omen zegoela salgai, baita klikatu ere, baina liburuak erosterakoan protokolo bat daukat eta hau pausoz pauso jarraitzea gustatzen zait. Ez naiz liburu bereziak etxera bidaltzen dituenetarikoa, nik zerbait nahi dudanean nire ipurdi lodi eder hau mugitzea gustoko dut eta esperientzia osoa disfrutatu.

Beraz, Alde Zaharrera jaitsi, Elkar liburudendara heldu, atea pauso finkoz gurutzatu eta ezkerreko aldera, liburu berriak egoten diren atalera, begiratu nuen. Han zegoen. Apalategian txukun txukun niri begira. Ikusi bezain pronto, azaleko arrainak kautibatu egin ninduen. Hain kolore bizia, hain inguru mugatua. Bi begi ilun horiek hor. “Hemen nago!” —ahotsik gabe oihuka. Arrain gaixoa. Galduta. Azalpen bila. Beste nonbaitera joateko gogotsu. Estresa ere nabaritzen zaio. Hor dabil kafean igeri egin nahiean, nora jo jakin gabe, bere rutinan flotatzen, konfort zona famatu horren gerizpean edo. “Nola heldu naiz ni honaino” metafora ezinhobea.

Zu! Irakurle potentziala! Zenbat aldiz sentitu zara lekuz kanpo zure existentzia madarikatu horretan? Zenbat eta zenbat bider galdetu diozu zure buruari ea nola hostia egunetik gauera lotuta, eta oso-oso estu lotuta gainera, zeneukan guzti hori galdu duzun? Eta ez naiz gauzei buruz ari! Dena ez da materiala bizitza honetan! Askotan, “segurtasuna”, zure buruan duzun segurtasun hori, errezegi joan eta etorri egiten zaizu, inolako azalpenik gabe. Hau da zure liburua!

Euskal literaturaren diamante hau, bi eskuekin hartu behar duzun horietakoa da. Liburu berdeurdina, urdinberdea, altxor honen bilgarriak ere polemika sortuko du irakurleen artean! Atzeko partea gorria da, hor zalantzarik ez. Badakit hau ez dela egin behar, edo behintzat esatea ez dagoela ondo ikusita: baina nik beti ezberdindu izan ditut liburuak eta “gure” liburuak. Ez galdetu zer esan nahi dudan “gure” horrekin. Nik ere ez daukat argi. Pertsonak ez gara monodimentsionalak eta “nire” azpimarratzen dudanean, identitate anitzak ditudanez, gauza asko sartzen dira jokoan. Baina zalantzarik gabe azaldu dezakedana da, badaudela pertsona konkretu batzuek idatzitako istorio batzuk, plazer bikoitza, hirukoitza eta laukoitza ere ematen didatenak. Sarritan, idazleek motibatzen naute, baina beste askotan, ezezagunak zaizkidanen esaldiek nire bizitzan horren zentzudunak izateak K.O. uzten nau. Hemen hasten da irakurri osteko fan fenomenoa. Ziur nago Kattalin Miner ezagutzeko gogoak sartuko zaizkizuela bere eleberria irakurtzerakoan. Niri behintzat gertatu zait. Beti sentitzen dut lotura kurioso bat beren barrunbeak nonbaiten husten dituztenekin. Kuxkuxeatzea betidanik izan dut oso gogoko. Eta bai bai, noski, badakit, ez naizelako berria, fikzioak ez duela zertan idazlearen bizitza erakutsi, baina nolabait, sorkutza orok, nahiz eta egilea protagonistatzat ez izan, beti kontatzen digu zerbait idatzi duenari buruz. Baita irakurleari buruz ere noski! Adibidez: nik ez dut bukatuko iiiiiiiinoiz gogoko ez dudan libururik. Zergatik? Hagatik. Ez nauzue sekula santan in fraganti aurkituko, atsegin ez dudan liburu batekin autobusean. Eta era berean, ez dut inoooooooooiz gogoko izango, barruan ezer mugitzen ez didan idatzirik. ‘Nola heldu naiz ni honaino’ arte lanak ez zaitu epel utziko. Egidazu kasu. “Baaaaaina, baaaaaaaaaaina, neeeeeeeeeeeeeeska!” (N-e-s-k-a, to, lau ahapaldi arnasarik hartu gabe idatzi dituen —adi!— neska…) —esango didazue— “Hasiko zara faborez edukiari buruz hausnartzen behingoz??” Bai, baaaaaaaai, banoa!!

Miner, 1988. urtean Hernanin jaiotako idazle trebe honek, primerako lana egiten du broma serioen artean, gaur eguneko aktualitatearen erretratuaren deskribapen zehatz bat eginez. 122 orrialdetan antolatutako 19 kapitulutan, Jezabel izeneko emakume gaztearen bizitzaren narrazioa daukagu, lehenengo eta bigarren pertsonak nahastuz. Kuriositate moduan, gehituko dut, kapitulu bakoitzak letra larriz idatzita dauzkala bere lehenengo hitzak, eta aitortuko dut, nik guztiak idatzi ditudala orri solte batean, mezu sekreturen bat egongo zelakoan. Aldez aurretik abisatzen dizuet ezetz. Edo mezua egotekotan, nik behintzat ez dut ulertu. Hona hemen puzlea: “oso interesak ofizialki bakarrik ez dut inoiz gehiago edango kaleak atzo funtzionarioak asaldatuta kafea etxean lekua ez aurreko hotelera erromaren mozkortu ostatura eltxoen atzo duela zoro lantokian.” BINGO! Norbaitek? Liburuan agertzen den patetismo bortitza nire baitan sentituko dut, nik ulertu ez dudan zerbait bada. Orain beldur naiz!!! Zuei zer iruditu zaizue??

Beno, joan gaitezen harira: edonor identifikatzeko moduan sortutako pertsonaia sakon honek, 30 urte inguru izan arren, gure klase ertain eroso honetako edonor izan liteke. Zu zeu, adibidez. Edo agian ez zara zu, baina beharbada zure auzokoa izan liteke. Zure ahizpa. Zure laguna. Zure izeba. Zure amama. Zure autoeskolako irakaslea. Auskalo! Baina imaginatu une batez, zure lankideren bat dela erabakitzen duzula eta bere pila bat kuriositate jakiteko aukera eskeintzen zaizula eleberri bikain hau irakurtzeari esker! Hau bai planazoa asteburu honetarako, ez??? Dena den, nik esango nuke, denak garela, izan garela edo izango garela noizbait Jezabelen parteren bat.

“Norberaren gela” hori bereganatzea erabakitzen du gure protagonistak halako batean. Hipoteka dela medio, bere lan finko eta herentzia bati esker, etxebizitza erosten duten horietakoa bihurtzen da. Berak ez du inoiz bere burua etxea erosten duten horien taldean ikusi, baina erabakiek askotan bidea markatzen digute, gure bide planifikatuak gure eguneroko erabakiak markatu beharrean. Nork ez du zerbait aukeratzerakoan beste zerbait alde batera utzi? Zeinek ez du zalantza existentzialtzat klasifikatu kafetera edo telebista bat bereganatzea? Nik egunero dauzkat honelako dilemak, lanean tea edo txokolatea aukeratuz gero, zeharo egun ezberdinak izango ditudala uste dudalako. Beno, uste ez, ziur nago!

Ez dut spoilerrik egin nahi, baina gehienetan ikustezina den gaia, bakardadea, oso presente dago liburu honen lerroetan. Bakardadean bizitzeko bi era erakusten dira: bakardade aukeratua eta nolabait, bakardade inposatua. Ez dakit gehiegi esatea den, baina gehituko nuke, lehenengoa erabakitzen dugunok, besteen beldur garela maiz. Bigarrenean bizi direnak, aldiz, batzutan, beren buruei diote beldurra. Jezabelek “inor zain ez izate” hori, zerbait ona izango balitz bezala kontatzen digu, eta poztekoa da! Oso bakardade soziala antzeman dut narrazioan. Beti inguruan jendea duen, baina bere gogoetetan sartuta dagoenaren bakardade hori. Baina ez al da konpainia nahikoa norberaren pentsamenduen existentzia? Bakarrik bidaiatzearena ere liburuan oso presente dago.

Beste gai bikain bat, sexua da. Masturbazioa, bikote ohiarekin eta ezezagun batekin. Publikoki oso bogan ez dauden hiru modalitate. Badirudi beti oheratu behar garela ezkontzeko zorian gauden gure bikote ofizialarekin… baina ez! Askotan irakurri ditut pasarte sexualak literaturan, eta uste nuen oso puritana nintzela, normalean azkar pasatzen ditudan orrialdeak izaten direlako. “Pin pan pun bocadillo de atún (de tofu)”, esaten dena. Tramite bat. Gauza da, ez galdetu zergatik, liburu honetako sexu pasarteak birritan irakurri ditudala eta baita azpimarratu ere. Egia da kuriositatea ematen didala sexua euskaraz izatearen xarma horrek, ez bitxia egiten zaidalako, baina bai ni euskal maketa peto-petoa izanda, ez dudalako sekula santan izan orgasmo bat Arantza Urretabizkaiaren hizkuntzan. Beraz, morboa kontakizunak eta kontakizunaren hizkuntzak eman zidala onartzen dut. Dena den mesanotxean utzi dut liburua, pasarteak postit-ekin markatuta, bada ez bada… batek daki noiz egingo zaizkidan erabilgarri!

Honez gain, bukatzeko, esan beharra daukat, oso eramangarria eta dibertigarria egin zaidala, ibuprofenoak egunero gozokiak balira bezala jan, erre, kafea edan, bere kotxea gidatu, tabernaz taberna joan eta best sellerrak irakurtzen dituen pertsonaia hau ezagutzea. Oso benetako izaera sortu dio idazleak, eta nobela bukatzerakoan, zure bizitzako momentu askotan Jezabel burura etorriko zaizula zin dagizut. Niri behin baino gehiagotan gertatu zait dagoeneko. Aurreko egunean, esate baterako, testuinguru kurioso batean nengoela, ikaragarri pozik sentitu nintzen….eta bat-batean… “burua kabroia da (…) orain hain gustora banago, lehen hain gustora ez nengoelako d[a]“… kaka zaharra… Jezabel, zer demontre egin didazu??? Akabatuko zaitut!

Barrekadak bota nahi badituzu, lagun berri bat egin duzula sentitzen duzun bitartean, hau da zure liburua! Eta ez bazaizkizu hemen idatzi ditudan hitz hauek gustatu edo/eta ez bazara nire iritziaz fidatzen, minus bider minus plus: irakurri ezazu zuk zeuk!! Ez zara damutuko!

Azken kritikak

Golgota
Xabier Montoia

Amaia Serrano Mariezkurrena

Begirada
Jean-Paul Sartre

Joannes Jauregi

Mina edo libertatea! / Biba Mina!
Kepa Larrea

Aiora Sampedro

Ametsondoa
Peru Magdalena

Estibalitz Ezkerra

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Igor Estankona

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Peru Iparragirre

Ametsondoa
Peru Magdalena

Igor Estankona

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Aiora Sampedro

Nagusia kanpoan bizi da / 1928ko martxoaren 15a
Takiji Kobayashi

Joannes Jauregi

Ero hiria
Javi Cillero

Aritz Galarraga

Itzulera
Martin Bidaur

Miren Lizarralde

Maite ditut maite
Ismael Manterola

Iratxe Esparza

Artxiboa

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Hedabideak