kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Abizen berriaren historia / Ihesi doana eta gelditzen dena / Elena Ferrante (Fernando Rey / Miren Iriarte) / Igela, 2016

Ferrante gehiago Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-02-05

Igela argitaletxea 2015ean hasi zen Elena Ferranteren Napoliko tetralogia, Bi adiskide izenez ere ezaguna argitaratzen, eta joan den urtearen amaiera aldera kaleratu zituen bigarren eta hirugarren parteak.

Ezer baino lehen, eta irakurlea kokatze aldera, esan dezagun guztira pare bat mila orri hartzen dituzten liburuez ari garela, eta ez duela merezi bigarren edo hirugarren parteari heltzeak lehen atala irakurri gabe. Lehen parteak, Adiskide paregabea-k, haurtzaroa zuen hizpide, eta bigarren eta hirugarren atalek protagonisten gaztaroa eta helduaroranzko bidearen historia kontatzen dituzte.

Ferrante fenomeno handia bihurtu da Mendebaldean. Horretan, alde batetik, egilearen anonimotasuna traizionatzea izan da eztabaidaren pizgarri —ezezaguna ezkutukoa baitzen orain gutxi arte—. Beste alde batetik, tetralogiaren beraren literatur maila da eztabaidagai. Arte literarioa da, ala literatura komertziala? Ez da diplomatikoa izateagatik, baina nik hain beharrezkoa den erdibidean jarriko nuke, Mikel Ayerbe adiskideak midcult deituko lukeenean. Izan ere, ezin da esan Ferranterena literatura ez denik, baina, hala ere, batzuetan folletoi tankera dauka, eta nobela sentimentalen ohiko topiko melodramatikoetan erortzen da hainbatetan.

Eragin posibleen artean, zenbaitek Elsa Morante eta Christa Wolf aipatzen ditu, besteak beste, baina nobela erromantikoaren izen klasikoagoak ere aipa litezke, hala nola Austenena, bereziki pertsonaien sentimenduek eta alderdi psikologikoak daukaten garrantziagatik.

Protagonisten barruaren ikerketa sakona eta errealitatearen erretratu aberatsa ezkontzea da Ferranteren liburuen meritu nagusia. Batetik, pertsona mugiarazten duten hari ilunak bistaratzen ditu egileak: egoismoa, beldurra, inbidia, arrakasta gosea eta abar. Bestetik, multifokalizazioaren bidez, fokua batean eta bestean jarriz, gizarteko gai kolektiboak ere lantzen ditu. Pertsonaien bizitzek beti daukate alderdi soziala, eta, haiei jarraituz, hainbat gai agertzen dira: sexu askapena, ikasle mugimenduak, politika eta abar. Adibidez, hirugarren liburuaren hasieran, narratzaileak Lilari ematen dio hitza, eta honek bere bizimoduari buruzko xehetasunak kontatzen ditu. Lilak hestebete fabrika batean egiten du lan, egoera miserablean. Pasarte horretan lan egoerak, langile mugimenduak eta sindikalismoak hartzen dute, besteak beste, garrantzia. Baina, hortik aurrera, fokuak Elenarengana jotzen du berriz, eta amatasuna, bikote harremana, idazle bizitza… etortzen dira lehen planora.

Asko orokortuz, bi osagai klabe daude. Indarkeria da bata: bikote harremanak, familia eta gizarte antolamendua blaitzen dituen bortxa; indarkeria matxista, mafia, jipoiak, hilketak eta abar. Bestea emakumearen egoera da, eta honek eremu guztietan daukan posizio azpiratua. Bi gune nagusi horiek gurutzatzen dituzte liburuok eta, adiskidetasunarekin batera, etengabe sakonean dauden gaiak dira.

Goi literaturaren eta literatura komertzialaren arteko eremuan, Ferranteren tetralogiaren bigarren eta hirugarren liburuek —laugarrena euskaraz ager dadin zain gauden artean— Elena Grecoren mundua gorpuzten eta biziarazten jarraitzen dute.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak