kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Dorrearen eta penduluaren arteko ituna / Amaia Iturbide / Erein, 2016

Existentziaren balantzak Iratxe Retolaza / Argia, 2017-02-05

Dorrearen eta penduluaren arteko ituna poema-liburuan ugari dira Amaia Iturbideren poetikaren arrastoak: tematikari begira, giza existentziaren zauriak eta ezinegonak ditu hizpide nagusi; sinboloen esparruan, izan badira erromantizismoan maizturiko imajinarioak (desertua, itsasoa, ibaia eta zuhaitza), baina badira abangoardiak xehaturiko irudiak ere (ausiabartza, hondakinak, harea eta espazio urbanoak). Halaber, komunitate zein nortasun hautsiak bihurtu ohi ditu poesia-gai Iturbidek. Baina, liburu honetan puskek edo atalek ez dakarte gogora osotasun galdu bat, edo errealitate hautsi bat, baizik eta mundua antzemateko modu jakin bat: “Mundua iragarriz bezala atalez atal antzeman”. Puska edo ataletan arreta jarriz, ikusmen angeluak biderkatzera jotzen du. Azken batean, puska urratuekin mosaikoa osatzeko deia egiten du, puskak sormenerako osagai funtsezko bihurtuz.

Iturbidek kezka existentzialak gorpuztera jo du berriro ere; baina, oraingoan nortasun ibiltari, zalantzati zein balantzakorrak hauskor baino sortzaileago irudikatu ditu. Zentzu horretan, itunaren eta orekaren ikuspegi berriak eraiki ditu. Ituna puskak josteko edo elkartzeko ariketa sortzailea da, baita orekari eusteko etengabeko borroka ere: oreka ez baitu zerbait egonkor eta estatiko gisa irudikatzen, balantzaka sorturiko gune ezegonkor gisa baizik. Balantza horretan, munduaren formetan bilatzen ditu bere ibiliak, bere urratsak, bere nortasuna eraikitzeko apurrak: nork bere urratsekin espazioan utzitako arrastoez dihardu, eta baita espazioek zein objektuek jendearengan utzitako arrastoez ere. Ibilbide horretan paisaia urrunak irudikatzen ditu (esaterako, Egiptoko paisaiak zein mitologia egiptoarra ere bihurtzen ditu nortasunean arakatzeko bide); baina, baita paisaia hurbil eta garaikideak ere (besteak beste, Bilboko arkitektura garaikidea ispilu du poetak).

Halaber, poema-liburu honetan behaketan zein ikusmenean oinarrituriko ezagutza-bidean arakatu du: “Bizitza arkatzez idatzitako eskuizkribua bailitzan/ irakurtzen duten begiez”. Ikusmena gailentzearen ondorioz, arte bisualek garrantzi handia hartzen dute poema hauetan, eta esaterako, ugariak dira pinturaren inguruko erreferentziak (joera artistikoak, marrazketa-teknikak…). Are gehiago, nortasunaz eta existentziaz aritzeko, mapa bat edota kartografia bat eraiki du, barne-ezinegonak ikusgarri eta ukigarri bihurtzeko asmoz. Min eutsiei forma eman die, eta hain zuzen ere, existentziaren oinazeak arkitektura eta kartografia bilakatzeko trebetasuna erakutsi du beste behin.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak