« Existentziaren balantzak | Bizitzaz eta heriotzaz »
Hilda dago poesia? / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2016
Gaztelaniara ekarria, areago esanguratsua Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-02-09
1995. urteaz geroztik ez ei du idazle honek poesia idatzi. Nahiz eta poesia idazten jarraitzen omen duen. Joseba Sarrionandia da idazlea. Poemez beste saioa, nobela, errelatoa eta ipuina landu ditu Iurretan jaio eta Habanan irakasle ari denak. Alabaina, oroz gain, generoz genero, idazlearen poeta gailendu omen da orainoko literatura ibilbide oparoan.
Hilda dago poesia /¿La poesía está muerta? liburua elebitan ekarri du poetak, 1980-1995 urteen bitartean euskaraz ondutako poemak gaztelaniara itzulita. Hartara, begi-bistako konstatazio bat: Sarrionandiak poesia izkiriatzen segitzen du. ¿La poesía está muerta? horren lekuko. Poemok gaztelaniaz berridaztea poesia birsortzea baita.
Eva Linazasoro editorearen laguntza bitartez, 114 poema apailatu dituzte hamaika ataletan, liburu zinez txukunean. “Sarrionandiaren poesiaren antologia ote?”, galdetu lezake norbaitek. Neronek ezin arraposturik eman. Egileek ez dute horrela izendatu, beharbada, ohiko hitz fetitxeetatik aldendu aldera. Nik fetitxetatik aldendu ezinean, liburu antologikoa dela diot. “Nabarmendua izatea merezi duena” adierari kasu eginez gero, sikiera.
Alta bada, liburua oharkabean pasa ote den nago. Agian, izan duen oihartzun eskasak arrapostua ematen dio poetaren itaunari: “Bai poesia hilda dago!”. Agian, zeharo tronpatuta nago. “Aizak, poesia lau katu-ren kontua izaki, besterik espero al huen?”, dantzut jadaneko. Eta nik: “Akort, baina euskal lau katu zoro-ri beste lau katu batu zitzaiekeen, poesia hau gaztelaniaz heldu denez gero”.
Areago, Sarrionandiaren aitzinsolasa halaxe heldu zaigu, gaztelania hutsez, bikain eta magistral izkiriaturik.
Horrela hasten da: “La poesía murió en el siglo XIX, poco más o menos cuando murió Dios, y cayó también el Antiguo Régimen, y a a la gente no le quedó más remedio…”. Anartean, gure garaiko Inperioa eraitsiz doan honetan, poetari jarraikiz, sekula baino esanguragoak dira poetaren berbok: “Leer poesia es ir a contracorriente”.
Poetak liburuaren galdera nagusiari erantzun dio: “Poesia hilda eta bizirik dago”. Poesiaren paradoxa da, horixe! Poesia ez da hilda, gauza galdua da, eta galdua denez gero, idazlea haren xerka dabileino… bizirik dago. Sarrionandiaren ibilbidean tortura, kartzela, erbestea edota deserrotzea gailentzen dira, eta horietan poetak maitasuna ekarri digu berez: herria, burkide, lagun edota senideekiko maitasuna.
Garai epiko bateko isla dira, berariazko lirismoz paratuak. Poema asko kantari anitzek musikatuak izan dira, aro honetako lehen belaunaldikoak hala nola azkenekoak. Guztiak ez dira musikatuak eta musikatuta guztiak ez dira liburu honetan, obra poetiko oparoa baita Sarrionandiarena, hainbat musika estilotara ederto egokitu dituzte haren poemak.
Nago, poesiaren kausa ez dela hilda, haatik, euskaldunon gauza kausa galdua ez ote den erdaldunentzat, gaztelaniadunentzat kasuon. Ez denontzat, prefosta, ¿La poesía está muerta? liburutik edan(go) dutenek poesiaz asetzeko parada ukan(en) dute eta. Poesia lau katu zoro-ren kontua dela ohartuagatik.
Hara, euskaraz idatzita izanagatik Sarrionaindiaren poesia “galdu” dutenek ez dute estakururik. Poesia are eta lengoaia gehiagotara ekarria areago esanguratsua baita. Gaztelaniara, kasu. Poeta emankor honetaz profitatzea merezi du poesiak. Poesiak, eta guk —euskaldunok— eta haiek —gaztelaniadunek— horren zoria!
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi