« Bilbo marjinatua | Ferrante gehiago »
Odolaren mintzoa / Xalbador / Elkar, 2016
Nun zaude? Igor Estankona / Deia, 2017-02-04
Urepeleko artzaina hil zela eta Odolaren mintzoa (Auspoa, 1976) argitaratu zutela berrogei urte joan dira. Amets Arzallusen hitzaurreaz hornitua eta CD batekin dator berrargitalpen hau, baitezpadakoa ulertzeko bertsoaren lirika, lirikaren neurtitzak. Beharbada egundo bildu diren bertso idatzien gailurra genuke liburu hau, herrikoitasunaren eta poesiaren arteko uztartze miragarri bat bizitzari kantatzeko, familiari, baserriari, hizkuntzari.
Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen Xalbadorrek. Euren eredu da. Mattinekin egindako plazek eta txapelketetako jardunek arrastoa utzi dute bertsozale eta are euskaltzaleengan orokorrean. Nola ez nabarmendu, gainera, 1967ko Euskal Herriko txapelketa nagusiko Donostiako finala, non ikuslegotik txistu jo zioten, eta berak bertso gogoangarri batez txistuak txalo bihurtu. Mitoaren alde gizatiarrera hurreratzeko aukera ezin hobea da liburua irakurtzea eta grabazioak entzutea.
Amets Arzallusek aitzin solasean kontatu digu Odolaren mintzoa zinez izan zela odolak ur eginda uztekoa, askotan Xalbador sufritzen erretratatu baitzuen bere emazte Leoni Etxebarrenek, oraintsu arte ezkutuan egon diren bertso batzuetan: “Kantu egin eta egin ari da Xalbador,/ liburua betetzen eder eta sarkor,/ baldin gure etxera jenderik badator/ irria kario du bera dago mokor”.
Gauza bat da bertsoa bota eta haizeak eroatea, giro jakin baterako ontzea umore errimatua, lirika lodi xamar bat, malenkonia lantzea… Beste bat da, ostera, estetikari eta eiteari hainbeste garrantzi eta esanahiari hainbeste errespetu dion Xalbadorrek idatzita ikusi beharra bere lana, eta orduan ikaratzea. Arzallusek dio: Xalbadorrek ez zuen jakin ahal izan bere kostatako liburuari zein harrera egin zion jendeak. Ziur aski asko harrituko zen. Izan ere, liburua publikatzeak ikara ematen ziola aitortua utzi zuen hil aurreko elkarrizketan: “…lotsa bat bezala ematen dit ni jendearen aurrean hola azaltzeak, askok ezagutzen ez nauten bezala. […] Nire akats asko, nire aitortza asko egitan zatitua bezala”.
Bertsolari, landa giroko eta euskaldun zen Xalbador. Bidegileak sailean Mikel Atxak deskribatzen duen eran, Seiak bat kantatuko du beti Xalbadorrek, eta ez du sekula onartuko frantsesa deitzerik: “Euskaldun da Xalbador eta kitto. Txikitan eskolara joan zenean maistra edo errients euskaldunarekin topo egiteko zoria izan zuen. Eta harekin hor nonbait konpontzen zen, behar orduan euskaraz mintzatzen zitzaionez. Baina eskola haundira heldu zenean maisu edo errient fransesarekin ez zen ongi konpondu”. Errientaren eta bera artean, “frantses hizkuntzak egiten zuen harresi bat ikaragarria”. Berak esana da: “Gaur ere nahiago dut erdaldun jakintsu bat baiño euskaldun ezjakin bat naizen. Irakurtzen doi doia ikasi nuen, bainan horri esker ikasten ahal dut munduko berri”.
Emil Larreren lehen antologiako hitzak konplitzera dator beraz berrargitalpen hau: “Egiazko poeta batek hola ditu gauzak eta jendeak bere baitako edo amentsetako sendimendu goxoenez jaunzten, eta hori egiten duelakotz liburu honek, gure amentsa ere litake beti eskumenean egon dadin hau euskal sukalde ta irakur tokietan”. Hartu eta edan beraz iturritik, entzun bertsook eta irakurri hitzok, mendian bizi izan zen arren Xalbadorrek berak ere ez baitzuen ikusi egundo gaztainaren aldaxkez jantzia pagoa.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi