kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Bertso ta lan guziak / Bilintx / Auspoa, 1962

Bertso ta lan guziak Luis Mitxelena / Egan, 1962

Aspaldi ez duela, kontuak hartu dizkidate -eta, jakina, ez diot horretarako eskubiderik ukatzen hartu dizkidanari- euskal idazle bakoitzari liburu batean opa nizkion edo ez nizkion lerroak direla eta. Dirudienez, ez baititut kontatu, 255 lerro utzi nizkion Larramendiri, cuya obra principal es un diccionario vasco-español (atzekoz aurrera irakur beza irakurleak) plagado de aberraciones, eta 38 Bilintxi, beste zenbaiten artean. Al P. Zabala-Arana y al P. Urrutia, dio aurreraxeago kritikariak, que entre otros trabajos muy meritorios se preocuparon de preparar libros de texto en euzkera para las escuelas vascas, ni se les cita en la obra; ah! pero si a “Vilinch” con 38 lineas”. Eta beherago oraindik: Mas creemos que el P. Manuel de Arriandiaga, solo por su labor literaria euzkerica conocida, merece en toda Historia de la literatura vasca un lugar destacado, algo mas que media linea, para citarle, y mucho mas que los Larramendi, Iparraguirre, “Vilinch”, etc, etc.”

Aitor dezadan, aurrera gabe, Aita Manuel handiaren omenez edo kaltez zertxobait itzuri zitzaidala luma(tik) liburu horretan. Berriz hasiko banintz, halaz ere, ez nioke deus kenduko: lerrorik ez, eta gainerakoan gaizki esanak barkatu. Besterekin, ordea, zorretan gelditu nintzenik ez dut ukatzen, hitz gogortxoak esan beharko nituelako ere bai, inoiz edo behin. Orain, alde batetik Bilintx eta elizgizon askojakin horiek bestetik ez ditut neure gogoz berdintzen. Gogo gaiztoz bederen, horratik, esango dut zerbait. Eskerrik onena agertu nahi diet jakintsu horiei idatzi dituzten irakas liburuak eta itzulpenak idatzi dituztelako. Baina nere eskasean uste dut, lan horretan abiatuko banintz, neronek ere molda nitzakeela Daneurtiztiak, Pisiak nahiz Goizparkiak; ez, jakina, haienak adinakoak, baina bai gizartean gehiegizko lotsarik gabe ager litezkeenak. Aitzitik, berriz, etengabe ari banintz ere bertsoetan, ez zait iruditzen Bilintxen zenbaiti alderatzekorik sortuko nukeenik.

Edale huna, kapaxarduna, zioten gure aurrekoek. Egiazko lirikarako joera ez dator ez jakitetik ez hizkuntza landutik. Barrendik dator edo, nahiago baduzue, goitik. Eta egiazko lirikaren urrearen aldamenean gainerako guztia, eta batipat jakituri ugariaren ume dena, ez da tupiki ozena baizik, gehienaz ere. Eta nik uste izaki, oker ala zuzen, badela horrelako urre izpitxo bat edo beste sakabanaturik Bilintx arlotearen bertso traketsetan. Aski merezimendu da hori hirurehun lerro merezi izateko, hogeitamar ez ezik.

Orain, Aita Zabalari eskerrak, eskuetan daukagu berriz Bilintx: bere obra osoa neurtitzak eta neurri gabeko itzak eta bizitza, baita ere batari nahiz besteari dagozkien argibide zehatz ugariak. Ederki egiten du beti bere eginbidea argitaratzaileak, Auspoan eta Auspoatik kanpo maiz erakutsi digunez, baina badirudi hemen bere marka guztiak urratu beharrean aritu zaigula.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak