kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Jolasak / Agustin Paskual Iturriaga / Auspoa, 1963

Jolasak Luis Mitxelena / Egan, 1963

Klasikotzat hartua dugu aspaldidanik Iturriaga gure literaturan eta klasiko bati dagokion zoria eta patua izan ditu: zeru altuetaraino jasoa daukagu haren izena eta omena, baina ez ditugu haren obrak bakanki baizik irakurtzen. Bere lanen artean ere, ezagunagoak dira Ipuiac direlako alegiak eta gainerako bertsoak, gehiagotan argitara direlako noski, Jolas hauek baino.

Ez da hori gure zabarkeriaz bakarrik gertatzen, ezta klasikoei maiz egozten zaien irakurgaiztasunaz ere. Jolasak ez ziren erraz aurkitzen, ongi horniturikako liburutegietan izan ezik, nahiz bigarren aldiz, 1857an, zenbait euskalkitara itzuliak agertu ziren L. L. Bonaparteren arduraz. Aurrerantzean, ordea, ez dugu horrelako aitzakiarik: Auspoari eskerrak, irakur ditzakegu orain Iturriagarenak zeuden zeudenean, erdara eta guzti, liburu txukun, merke eta irakur-erraz honetan. Eta 1842ko Dialogos basco-castellanos haiek ez ezik, baita bertsoetan burutu gabe utzi zituen beste hiru Jolasak ere. Horrezaz gainera, hor dauzkagu bilduak Gregorio Mujika zenak hain ederki prestatu zituen Iturriagaren bizitza eta lanekiko berriak.

Gaurgero, beraz, ez da barkakizun izango Iturriagaren prosa ongi ez ezagutzea, guztiok ikus baitezakegu, besteren iritzien eske ibili gabe, nolakoa den, zertan datorren bat egungo eguneko ohiturekin eta zertan ez. Nolanahi ere, ez dut uste leku txarrean geldituko denik geroko gehienen aldamenean.

Galdera bat, bukatu baino lehen. Ohi ez bezalako irakaslea izana dugu Iturriaga, guztiok dakigunez, eta eskoletarako ondu zituen bere lanak oro: Jolas hauek, esate baterako, para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa egin zituen, berberak dioenez. Hori horrela izanik, bada, ez ote lirateke egokiak, egungo egunean ere, zeregin horretarako?

Nekazari haurrentzat idatziak dira, ordea, esango du beharbada norbaitek, eta orain kaletarrak dira gehienbat, ez baserritarrak, mota horretako irakurgaien beharrean daudenak. Baina aurki horri ere aurki dakioke bere ifrentzua: hiritarrak, kaletarrak, badira oraingo euskal eskoletako haurrak, eta kaletarrak direlako hain zuzen, guztiok mantentzen gaituen ama lurretik saihestuak eta aldenduak, are gehiago komeni zaie nekazaritza eta aberezaintzaren berri jakitea. Eta hori ikasteko nekez idoro dezakete Iturriaga baino gidari hoberik, bai gaiaren eta bai hizkuntzaren aldetik, Larramendigandik datozkion zenbait asmakari gorabehera.

Galdera honi, edo eske honi, bestek erantzun beharko dio, ordea. Guk zalantzarik gabe esan dezakeguna, eta hemen ipiniko dut azken puntua, beste hauxe da: ederki baino ederkiago dakitela Auspoakoek zertan ari diren eta nora doazen. Poliki-poliki, baina atertu gabe, hor ari zaizkigu gure eskuak euskal aberastasunez mukuru betetzen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak