kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Maleta / Sergei Dovlatov (Amaia Apalauza Ollo) / Erein - Igela, 2015

Sobietar giroa Iraitz Urkulo / Berria, 2015-06-21

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bultzatutako Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanean, Sergei Dovlatov (Ufa, Errusia, 1941-New York, 1990) idazle eta prentsa kazetari errusiarraren Maleta narrazio-liburua euskarara ekarri du Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak.

Dovlatovek bizitza gehiena orduko Leningraden igaro bazuen ere, 1970eko hamarkadaren amaieran AEBetara emigratu zuen bere familiarekin batera, sorterrian bere obrak argitaratzeko ezintasuna zela eta, besteak beste. Maleta-n, Dovlatoven gainerako lan guztietan bezala, oso nabarmena da kutsu autobiografikoa. Izan ere, liburuak biltzen dituen zortzi istorioetan egilea Sobiet Batasuna utzi baino lehenagoko bizipenetan oinarritzen da. Erbesteratu batek lehen pertsonan kontatuak dira denak.

Maleta bera da zortzi narrazioak lotzen dituen objektua, aldi berean, haren barruan zortzi objektu gordetzen dituena. Objektu bat darabil ipuin bakoitzeko —hiru galtzerdi pare, bota batzuk, traje gurutzatu bat, gerriko bat, jaka bat, atorra bat, txano bat eta eskularru batzuk—, batzuetan abiapuntu gisa, helburu gisa besteetan, baina halere oroitzapenak ekartzeko aitzakia huts baino ez dira narrazioetan. Maleta hura eskuan erbestera joandako protagonistak bere bizitzaren zenbait pasarte kontatzeko zortzi aitzakia bikain, jakina.

Sobiet Batasunean idazle debekatua izanagatik ere, Dovlatov ez zen sekula sobietar sistemaren aurka aritu, ezta salaketa edo mendeku asmorik agertu ere. Horren ordez, nahiago izan zuen garai hartako errealitatea ironiaz islatu. Maleta-n egunerokoa arautzen duen absurdoaz eta zentzugabekeriaz ohartuko da irakurlea. Behin ere modu zuzenean kexatu gabe, egunerokoa osatzen duten txikikeriei eta esfera pertsonalari berebiziko garrantzia eskainiz, autoreak sobietar gizartea eta haren funtzionamendu askotan aldrebes xamarraren berri ematen du. Zeregin horretan, esan gabe doa, errusiar umore garratzaz baliatzen da vodkaz bezainbeste. Dovlatov ziztakaria maisua baita sarkasmoa erabiltzen hartzaileari mezua ahalik eta modu eraginkorrenean igortzeko. Ipuinak, bestalde, estilo arin eta gardenean idatzita daude, horrek kontatzen denari batere zorroztasunik kentzen ez diola.

Amaia Apalauza Ollok liburuari idatzitako hitzaurre argigarrian adierazten duenez, errusiarren ustez ez dago Dovlatoven obra beste hizkuntza batzuetara itzultzerik. Oztopoa, alderdi literarioan ez, baizik eta testuinguruan omen datza. Itzulpenengatik ez balitz irakurle gehienek ezagutuko ez lituzketen paisaia, ohitura eta izaera arrotzei Sobiet Batasunaren garaiko baldintza berezi eta guztiz ulertzen zailak batzen zaizkio irakurketa honetan. Aldi berean, Dovlatoven istorioekin asko ikas daiteke, informazio-iturri aparta izanik, koordenatu urrunetara bidaiatu eta orduko giroan murgiltzeko aukera eskaintzen baitute. Euskal irakurleak elkarren aurkako bi tentsio horiei eutsi beharko die, esfortzuaren ondoko saria bereganatuko badu. Azken batean, ez al zen hori literatura itzulpenen izateko arrazoi nagusietako bat?

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak