« Sentiberatasun orekatua | Aurrera, aurrera beti »
Adiskide paregabea / Elena Ferrante (Fernando Rey) / Igela, 2015
Bi adiskide haize kontra Danele Sarriugarte / Gara, 2015-04-25
Aukera polita eskaintzen dute Igela argitaletxekoek italiar literatura garaikidea ezagutzeko, euskarara itzuliak baitituzte, besteak beste, Natalia
Ginzburg-en eta Gianni Celati-ren lanak. Era berean, aukera polita eskaintzen dute, zehazki, Bigarren Mundu Gerra garaikoak eta ostekoak Italian zer-nolakoak izan ziren jakiteko, haurren ikuspegitik.
Sona handiko bi eleberri ekarri dituzte denbora gutxian: iparralde aberatsean kokatua bata (Toscana), hegoalde pobrean bestea (Napoli); bi ahizparen istorioa hizpide duena bata, bi lagun minen artekoa bestea; “Zerua gainbehera dator” bata (Lorenza Mazzetti; F. Rey eta X. Olarra itzultzaile), “Adiskide paregabea” bestea (Elena Ferrante; F. Rey itzultzaile). Bi-biak kaleratu dituzte Mintaka sailaren barruan, biak ere Belen Lucasen marrazki dotoreekin azalean.
Bigarrenaren jiran jardungo dugu hemen. Elena Ferrante idazle ezezagunaren (esan nahi baita prentsaren aurrean behin ere agertu ez denaren) laugarren eleberria dugu, Napoliko tetralogiako aurrenekoa, eta Europan eta AEBetan itzelezko izena eman diona. Lau liburuko sorta horretan Lila eta Lenu txikitako adiskideen bizitza aletzen da, Lenuren ahotik. Hasiera topatuko dugu honako honetan: haurtzaroa eta nerabezaroa. Halaber, istorioaren kontaketa ere zuritzen zaigu: Lila desagertu dela-eta, Lenuri garaia iritsi zaio bien bizitza azaltzeko.
Harremanak arretagune nagusi, Lila eta Lenuren artekoa ez ezik, horien bien eta beren ingurukoen arteko erlazioak hartzen ditu hizpide Ferrantek, pertsonaien gogoetei eta deskribapen xeheei tokia eginda, eta botere-hierarkiak gordin azalduta, baita gordinenean ere, indarkeria fisikoaz irakurtzen baitugu sarri: gurasoek seme-alabei emana, senarrek emazteei, nagusien familiek beren mendekoei. Eta, horien guztien iturburuan, miseria.
Testuinguru baten erretratu sakona ere bada, beraz, nobela: garai jakin bateko toki zehatz batena. Eta hortik ateratzeko ahaleginarena. Narratzailea izan ez arren, dudarik gabe eleberriko pertsonaiarik zirraragarriena denak, Lilak, azkar asko antzematen baitu zer beharko litzatekeen auzoko giro pozoitua atzean uzteko: dirua.
Aparteko pertsonaia da Lila, ohiz kanpokoa zentzu guztietan: adimentsua, ausarta, bere gainontzeko ikaskide nesken ez bezalako irizpideen arabera jarduten duena (polita izateari garrantzia handiegia eman ez eta indarra erabiltzeko gertu dagoena, bere burua defenditzeko). Ferrantek ederki islatzen ditu pertsona bikainek beren ingurukoengan sor ditzaketen sentipenak: erakarmena, inbidia-izpiak tarteka, ulertu ezina, miresmena. Era berean, onak baina apartak ez direnen segurtasunik ezak ere agertzen zaizkigu Lenuren ahotsean: bere zalantza propioak, Lilaren uberara gerturatuta ahalik eta onena izateko esfortzua. Zentzu horretan, eredugarri suertatzen da bi lagunen artekoa: muturreko egoera batean, zailtasunak zailtasun, inguratzen dituen herrari aurre egin eta erresuminezkoa beharrean elkartasunezko harremana sortzen dute bientzat, oasi bat itsustasunaren erdian.
Gogoetarako beste gai bat: bikaintasuna ez da beti arrakastarako giltzarri, zortea ere bada, ingurua ere bada. Lilaren dohainek ezer gutxi balio dute horiek garatzeko aukerarik izan ezean, horiek aintzatetsiak izan daitezkeen nonbait bizi ezean. Aukera-berdintasuna eta hezkuntzarako irisgarritasuna sartzen dira jokoan, diruak baldintzatuta horiek ere. Izan zitezkeenak baino askoz Shakespeare eta Beauvoir gutxiago iritsi direla gugana, alegia.
Unibertso bat osatzeko pertsonaia eta hari-mutur asko lotu behar dira, horixe akaso eleberri honek dakarren erronka handienetakoa, denei jarraitzea. Azkenean ere, liburuak gosez uzten gaitu, Lilak eta Lenuk, oro kontra eduki arren, elkarrekin aurrera nola egingo duten jakiteko minez.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi