kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Erresumaren ilunsentia / Mila Salterain / Txalaparta, 2014

Sentiberatasun orekatua Edorta Jimenez / Deia, 2015-04-25

Mendez mende arrakastaren ildoan dirau historia-nobela edo eleberri historikoa delakoak. Azpigenero legez, baita maisu-lanen bidez ere, idazle handi askori eman baitie gogoak halakoak idazteak. Halaxe, aipagarria da Margarite Yourcenar beraren Hadrianoren oroitzapenak, euskarari Jose Agustin Arrietak maisutanez ekarria, idazleari misteriotsu bezain kontagarri zitzaion Erromako Enperadore hartaz diharduena. Edo Ecoren Arrosaren izena, gizarte oso baten testigantza bestela narratu ezina omen zitzaiona kontatu ziguna. Pertsonaiak, aroak, bestela konta ezin direnak, horra historia-nobelarako zioetako batzuk. Mila Salterainek Erresumaren ilunsentia idazteko izan dituen zio berberak. Edo antzekoak.

Salterainek Bigarren Milurteko lehen mendeak ekarri dizkigu generoaren zaleoi. Aro oso bat, eta lurralde zehatza: Durangaldea. Nafarroako Tenentzia izan zen hura nondik nora galdu zuen Erresumak, nork nori traizio eginez, horixe kontatu digu. Ni naizen irakurle honi itzel ezezaguna izan zaio liburuan kontatzen dena, egia. Eta historia-nobelak arrakasta izaten segitzen baldin badu, lehenago aipatu dugun idazleen gogoagatik ez ezik, irakurleen gogoagatik ere dirau indartsu. Ezezagun zaigun hori erakargarri zaigulako. Alde horretatik ere Erresumaren ilunsentiak ez dio huts egingo irakurle gogotsuari.

Historia-eleberriaren koska nagusienetako bat, ostera, besteoi ezezagun zaigun hori zelan kontatuan datzalakoan nago. Idazleak dakienak ez ote gaituen itoko. Hara zergatik behar izaten diren, gehienetan behintzat, pertsonaiei buruzko argibideak eta kronologiak liburuotan. Honetan bezala. Beste koska handi bat hizkera da. Alegia, nola egin sinesgarri irakurtzen eta, beraz, hizketan aditzen ari garena. Salterain, burutsu jokatuz, ez da lar lerratu lexiko eta mintzaira historikoen aldera. Ez du egin, Etxaidek egin zuen legez, oso muturrerantz. Nolanahi ere ez dio uko egin hizkuntzaren erronkari.

Horiek horrela, eta literaturan azken batean zer zelan kontatzen den izanik gakoetan gakoa, esan behar dut Salterainek sentiberatasun ikaragarriz egiten duela aurrera bere kontaeran. Igarri egiten zaio garaiari, lekuari eta pertsonaietako zenbaiti —izan historikoak izan asmatuak— dien maitasuna. Beste batzuei dien herra igartzen zaion bezalaxe. Edonola ere, sentiberasun nahikoa orekatua da Salterainen testuari dariona. Idatzi duen historia zatia, istorio txikiz eta sarritan ederto kontatuez hornitua, negarrerako motibo ere izan zitekeen eta.

Emakumezko idazle baten izena aipatuz ekin diot liburua iruzkintzeari. Bada, Salterainen lanean emakumezko pertsonaia ugari dago, bekaizkeriaz diot. Idazleak haragizko erakutsi gura izan dizkigunak dira. Galeria oso bat, irakurleek zeintzuei alderatu izango dituztenak, ziur. Emakumezko horien bidez Salterainek bere eskualdeko emakumezkoen adizkiak berreskuratu ditu. Horiek bizirik iraun ez iraun, hiztunek dute hitza, ostera.

Erresumaren egunsentia izenburua ezarri dio egileak eleberriari, galde egin dezagun zein erresumaz ari den, beharbada, eta Nafarroaz ari bada, arestian esan legez, galde egin dezagun zer dela eta “egunsentia”. Galdera horrexen erantzuna, Salterainek kontatu diguna.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak