« Bi adiskide haize kontra | Galderak, paradoxak, poliedroak »
Atertu arte itxaron / Katixa Agirre / Elkar, 2015
Aurrera, aurrera beti Iraitz Urkulo / Berria, 2015-04-26
Kitzikagarria da beti, idazle baten ibilbideari hastapenetatik jarraitu eta haren hurrengo pausoaren zain luzaz egon eta gero, azkenik lan berri bat irakurtzeari ekitea. Ilusioz eta beldurrez ekin ere, biak neurri berean. Hala gertatu zait Katixa Agirreren azken obrarekin: Atertu arte itxaron. Bi ipuin liburu kaleratu ondoren —Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009)—, egileak eleberrigintzara jauzi egin du.
Euskal Herrian barrena BMW batean egindako road movie bat literaturara ekarria, horixe proposamen berezia. Ulia izeneko protagonista (eta aldi berean narratzaile) euskaldunak, udako oporrak baliaturik, sorterria erakutsiko dio Gustavo bikotekide madrildarrari. Istorioaren oinarrian gizakiok gatazka mota ezberdinen aurrean dugun jokaera dago, eta kezka horren garapena benetan bikaina da. Diskurtsoak trebeki konbinatzen ditu bi pertsonaien arteko kutsu intelektual nabariko solasak eta neskaren bakarrizketa luzea osatzen duten gogoeta mamitsuak. Bidaia hurrenkera kronologikoa errespetatuz kontatzen den arren, Uliaren gogoak denboran atzera egiten du jauzi, hura behin eta berriro etenez. Baliabide arras zinematografikoa, of course. Egitura zatikatuak oroitzapen batetik bestera saltoka dabilen narrazioa uzten du agerian.
Telegramen ohiko estilo sintetikoa eta kontatzeko molde tradizionalagoko pasarteak txandaka aritzen dira, erritmoa kudeatzeko teknika eraginkorra suertatuz. Tonuak zintzotasunaren eta ironiaren erdibidean aurkitzen du maiz neurri egokia. Intentsitateak, amaierako apoteosi gozagarria prestatuz, in crescendo doa, gorantz beti, kilometroz kilometro areagotua, pertsonaiak kutsatzen digun larritasuna bezala. Ez dira gutxi, bestalde, irakurketa aberasteaz gain, monotonia eragozten duten ezaugarriak. Obra hibridoa izatera iritsi gabe, tarteka testu-mota ezberdinak (egunkariko artikuluak, bibliografiarekin lotutako oin-ohar argigarriak, kantak…) bereiz daitezke, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez idatziak. Eleberria erreferentziaz josita dago: literatura eta historiako garai ezberdinetakoak; nazioartekoak nahiz gertukoak; literatura, zinema eta musikaren ingurukoak… eta opera, batez ere.
Anitz dira istorioaren hariak ere, jorratzen diren gaiak adina. Horien guztien erdigunean, Euskal Herria dago. Hemengo paisaia, txoko enblematiko, gastronomia eta ohituretan zeharreko tour tipikoaz harago, bidaiak gure egiazko esentzia atzemateko asmoz egina dirudi. Autoreak gure herriaren lotsak eta harro egoteko arrazoiak neurri berean aurkeztu nahi izan ditu, topikoetatik ihesi. Inori atsegin ematea bilatu gabe, batzuen eta besteen ikuspegiak errealismo osoz islatu —hobe nuke uztartu esan? Ala kontrajarri, akaso?— ditu. Euskal gatazka aurrez aurre jarri digu.
Hastapenetako lanen arintasun eta ludikotasun arrasto oro baztertuta, egileak literatura helduago bat eskaintzen digu orain, konpromiso askoz handiagokoa, gai delikatuei ausart eta sakon heltzeari uko egiten ez diona. Ziur nago, nik bezala, zuetako askok plazer handia hartuko duzuela Katixa Agirre eleberrigilea ezagututa.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez