« Amodiozko poesia | Esnaera »
Bizi alegiazkoak / Marcel Schwob (Juan Garzia Garmendia) / Alberdania, 2002
Baina izan ote da inoiz Marcel Schwob-ik? Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-10-26
Marcel Schwob (1867-1905) idazleak bere-bere egiten ditu idazlearen patuaren bi modu: haren idazlanak hainbat zalerentzat berezko argi eta erakarmen iturri izatea, bateko, eta, besteko, idazlea eta obra bera guztiz ahaztuta egotea are literatura unibertsalaren gaineko obretan eta entziklopedia askotan ere. Schwoben mundua korapilatsua da, eruditua, irudimenez josia. Ezin bestela gertatu Borgesen beraren miresmena eta gurtza pizten zituen frantses horrekin. Euskaraz, zorionez, beste bi lan genituen lehendik itzulita.
Eta, ezin bestela gertatu, oraingoan Marcelek bere neurriko zapata topatu du Literatura Unibertsala bilduman: Juan Garzia. Borgesen lan batzuk bilduma horretantxe euskaraz era zoragarri eta gogoeta eragilean eman zigun itzultzaile ezaguna.
Mitxelenaren esaldi bat parafraseatuta —eta apurtxo batean aldatuta—, beldurrez abiatu naiz, besteetan ez bezala, liburu honen gainean kritika berba batzuk moldatzen. Beldurrez eta, halaz guztiz, gogoz. Ez zer esanik aurkituko ez dudalako, alderantzikoagatik baino: gaiari edonondik helduta ere, laburregi jardungo dudalako. Batetik, idazleak iruzkin luzea merezi duelako. Bestetik, itzultzailearen lanaren gainean hitz bitan aritzea lotsagarri delako. Azkena, baina ez mendreena, Schwob itzultzaile trebea ere izan zelako. Kazetaritzan, barren, dena mugakizun da. Gainera, Juan ezaguna da kritikari eta artikulugile moduan. Eta paperezko mingaina ahokoa bezain trebe dantzatzen du.
Juan Garziaren itzulpenak aztertzeak, berez, arrisku bide bi ditu. Lehenik, irakasle eta teorilari ezaguna denez gero, akatsa non topatuko hastea idoloa ere gizaki dela erakustearren. Kaikukeria hutsa, gizakia dena ondo erakutsia baitu, baina… Bigarrenik, lagun batek dioenez, Juanek hala idatzi badu, bikain dago, eta kito! Lan antzua, beraz, edonondik ere. Eta buru higieneagatik baino ez bada ere, gainditu beharrekoa inondik inora. Itzulpena gozamen hutsa dela jakitea asko eta aski du irakurle gosetuak.
Baina Juanen lan gehienon antzera, itzulpen hau lezioa ere bada. Itzultzaile-idazle horren estilo kezken agerpena. Bururako bazka. Liburuak balio bikuna du, beraz. Eta zer edo zer nabarmentzekotan, horixe, lehenengo lerrotik igarri-igarria dela Juanen eskua, haren ukitua, usaina eta zaporea. Ez du idazlea estaltzen, zintzo ordaintzen duelako jatorrizkoa, Schwoben ahotsa helarazten digu, garbiro. Halere, Juanen estiloa ezagutzen duenak etengabe nabarituko du hor dagoela, Marcelen euskal enbaxadore gisa.
Zer ematen digu Shwobek liburuan? Benetakoa den historia bakarra: historia asmatua. Hainbat pertsonaren eta pertsonaiaren biografia asmatuak. Zoragarriak, egiazkoak baino sinesgarriagoak; asmazioak, liburu honetan, errealitatearen akatsak garbitzen dituelako, zinetako jazoerak baino gertaera irensten errazagoak emendatzen dizkielako halakoei.
Schwobek batera itzulpengintzaren handia eta miseria barneratzen dituen autua erabili zuen berbagai: itzulpenean forma eta edukia biak biotara eta beren hartan eman ezina. Linguista aditua zen eta, hori dela eta, beste kezka gai bat erabili zuen, itzultzaileak unean-unean izaten duen erabaki beharra: zelan erakarri beste hizkuntza batera, bestelako garaira, harako hizkuntza hartako aspaldiko testua? Zer erabili, egungo hizkuntza eredua ala jatorrizkoa idatzitako garaiko ereduaren imitazioa? Auzia ez da oraindik ebatzi. Garziak proposamen interesgarria egiten du sesio hori garbitzen laguntzeko.
Baina benetan izan al zen Marcel Shwobik ala hainbat idazleren pertsonaia asmatua baino ez? Bai, Borgesek miresten zuen (eta horrek fikzio puntu bat eransten dio). Renard, Claudel, Colette, Jammes, Valery, Goncourt, Wilde, Stevenson eta enparauak gutun bidez egon ei ziren harekin harremanetan. Halere, halere… ez ote da izango hura ere liburuko bizidun alegiazko horietarik bat?
Mitoetatik edan zuen oparo. Baita errabinoen ondarea lepoan hartu ere. Shakespeare eta Stevenson bidaide eta gogaide izan zitzaizkion paperezko ibilgu literarioan. Behinola esan omen zuenez, burgesek —bera ere halakoxea zen— emandako ospeak handitutako itzala baino, guragoa zuen lurreko kondenatu alproja guztiei zien maitasuna. Gaixotasunak nahita inposaturiko patua izan zuen ordain, baina, heroien antzera, azken hatsa eman arte lehiatu zen. Apollinairek esan zuenez, “arrakasta lortu ostean, izurri bubonikoari barre egitea eta trikilika urre antzeko fruituetan abiatzea baino ez da geratzen”. Edo Juanen berben bitartez Marcelek dioskunez, biografiaren eremuan saiatzekotan, ez litzateke halakoren ezaugarriak zehatz-mehatz deskribatu behar, “baizik eta ardura beraz kontatu gizonen bizialdi berdinik gabeak; jainkozkoak, erdipurdikoak zein kriminalak izan gizonak”.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez