kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Pulp / Charles Bukowski (Josu Lartategi) / Txalaparta, 2002

Pulp Leo Kirch / Putz, 2002-10

Zure emazteaz edo senarraz ez zara fido? Ez dakizu non ibiltzen den zure semea zure dirua xahutzen? Gauza zehatz bat bilatu nahi duzu? Hara, detektibe bat behar duzu. Detektibe on bat. Jack Belane, adibidez.

“Bulegoan eserita nengoen, errentamendu kontratua bukatu egin zen eta McKelveyk hasiak zituen ni etxetik botatzeko izapide administratiboak. Egun hartan bero demonioa ari zuen eta aire girotua izorratua zegoen. Euli bat osteraka zebilkidan idazmahaiaren gainean, astirotsu. Esku ahurra zabalik luzatu nuen besoa eta jokoz kanpo utzi nuen. Eskua galtzen eskuin zangozuloan igurzten ari nintzen telefonoak jo zuenean. Hartu egin nuen”. Zortea baduzu Belane bere bulegoan aurkituko duzu, baina ez da ohikoa. Detektibe onei dagokien bezala, kalean egoten da egun osoa, galdezka, arrastoei jarraika.

“Amas pisua jarri zitzaidan. Kremailera jaitsi nuen. Orduantxe hasi zen lurrikara. Argazkia lurrera jaurti eta idazmahaiaren azpian babestu nintzen. Eder horietakoa zen. 6. indarrekoa, hbr nonbait. Minutu pare bat iraungo zuen, diot nik. Gero gelditu egin zen. Lau hankatan atera nintzen idazmahaiaren azpitik, artean kremailera jaitsirik. Argazkia jaso nuen, karteran berriz sartu, kremailera igo. Sexua amorrua zen, gezurra. Animalientzat zen. Zentzuzkoegia nintzen kaka mota horretarako. Telefonoa bere tokian jarri nuen, atea ireki, irten, giltzaz itxi eta igogailua abiatu nintzen. Botoia sakatu eta igogailu puta hori noiz agertuko zain geratu nintzen.”

Egia da nortasun berezikoa dela, baina onenetan onena da Jack Belane. Bera da esentzia Hollywoodianoa, inongo glamourrik ez duen benetako Kaliforniaren esentzia. Eta orduko 6 dolar ordaindu ahal badiozu, bera da zure gizona.

“Sake japoniarrak bero eusten ninduen. Bero, baina zer? Ezertxo ere ez. Hona ni, 55 urterekin eta euria batzeko tramankulu ziztrinik ere gabe. Aitak abisu egin zidan, azken egunak ezezagunen baten atzealdeko atari pean emango nituela idia jotzen, Arkansasen hor nonbait. Eta oraindik ere egiteko garaiz nabil. Bertaratzeko autobusak egunero irtetzen dira. Autobusek, ordea, idorreria eragiten didate eta beti izaten duzu ondoan britainiar agure bizar ozpinduren bat zurrungaka”.

“Talentuduna nintzen, oraindik banaiz. Batzuetan eskuetara begiratu eta pianista handia edo antzeko zerbait izan nintekeela konturatzen naiz. Baina zer egin dute nire eskuek? Potroak marruskatu, txekeak sinatu, zapatak lotu, komun-zuloetako kateei tira egin, eta abar, eta abar. Alferrik galdu ditut eskuak. Baita burmuina ere.”

Agian ez da momenturik onenean egongo, baina talentua daukanak talentua dauka eta kito. Hor ez dago eztabaida posiblerik. Izan ere, bera da Jack Belane superdetektibea.

Eleberri bikaina da, Bukowskiren beste . harribitxi bat. Alkohola, detektibe depresibo bat, txolarre gorria, Céline, Herio Andrea, estralurtarrak… Hamaika elementu nobela dibertigarri eta bikain batentzat. Putzeko jarraitzaile guztiek irakurri beharko lukete birritan pentsatu gabe.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak