kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Molloy / Samuel Beckett (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2014

Porrotaren atzaparretan Hasier Rekondo / Berria, 2015-02-01

Samuel Beckettek (Dublin, 1906) Irlandako ingeles ama-hizkuntza bidean utzi eta frantses “hustuan” eraikitako trilogiaren lehen harria dugu Molloy (1951); ondoren etorriko ziren Malone meurt (1951) eta L’innommable (1953). Hizkuntza eta hizkera berri baten sorkuntza bere mailarik gorenera eraman zuen aipatu trilogia horretan; “estilorik gabe” idazteko aukeratu zuen frantsesa, miresten zuen Marcel Prousten hizkuntza hain zuzen ere, baina arrasto nabarmenagoa utzi zioten James Joycek eta Franz Kafkak, azken horrek Molloy-ren lehen partean bereziki.

Godoten esperoan (Alberdania, 2001, Juan Garzia itzultzaile) antzezlan ospetsuaren aurrekari narratibo gisa hartu izan den arren, Molloy (Meettok, 2014, Gerardo Markuleta itzultzaile) artefaktuan berezko hizkuntza narratibo sailkaezina aurkitzen dugu: arketiporik gabeko “pertsonaia-hizkuntzaren” sorrera, gizakiaren porrot metafisikoaren zirimola antzua. Azaleko kontakizuna edo honako hau liteke: bi pertsonaien, Molloy eta Moran, bidaia bikoitzaren antzeko zerbait aurkezten zaigu. Molloyk bere amaren etxeko gelara edo ibiliko duen itzulerako bidaia eta Moranek, detektibe lanetan, Molloyren bila edo, baina hori ere ez, burutuko duena. Ez dira testu konbentzionalak irakurlearentzat. Zenbaitzuek “absurdoaren” idazle nagusitzat jo duten arren, ama-hizkuntza errumaniarra laga eta frantsesa aukeratu zuen Ionescorekin batera, Beckettek porrota du hizpide, absurdoa baino, gizakiaren erabateko porrota errealitate ulertezinaren aurrean.

Testuaren ulergarritasunaren gaineko eztabaida antzuetan erori baino lehen, testuak berak erakusten duen “potentzia ulertezinaz” kiskaldu beharko ginateke. Molloyk egiten duen bidaia edo ez-bidaia zoro horretan, non hitz-jarioak gutxitan aurkituko duen atsedenik, bizikletez eta turutez hitz egiteko ez bada, urrunetik ikusten dituen bi gizonek markatuko dute bere bidaia. Ingurumenak baldintzatzen du Molloyren kontakizun kafkianoa. “Basora itzultzeko gogoz nago. Tira, ez benetako gogoa. Molloyk iraun zezakeen zegoen lekuan”. Irakurleak egin dezakeen gauzarik onena irakurketaren zurrunbiloan galtzea da, Molloy amaren etxeko bidean noraezean galtzen den modura. Bigarren zatian, Moran detektibea dugu kontalari-protagonista. Bere semearekin bidaiatzen du. Paragrafoak Molloyrenak baino koherenteagoak dira. Detektibea izan arren, gizartearen aurkako sentimenduak agertzen ditu, ezkutatzen saiatuko bada ere. Esanguratsua da oso bere bakarrizketaren amaiera: “Orduan etxera itzuli, eta idatzi egin nuen: ‘Gauerdia da. Euria joka dabil kristaletan’. Ez zen gauerdia. Ateri zen”. Molloy zein Moran edota Beckettentzat esatea asmatzea da. Gerardo Markuletak estilo gardena, artifiziorik gabekoa, taxutu du Becketten ustezko estilorik eza frantsesetik euskarara ekartzeko. Azken finean, forma eta edukia gauza bera baitira, Joycek bere idazkari Becketti ondo irakatsi gisa. Guri, porrotaz gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Edo ez.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak