« Ametsaren erotasuna | Zein demontre da John Fante? »
Galbidea / James M. Cain (Xabier Olarra) / Igela, 1991
James M. Cain: Galbideak sexu usaina Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-09-11
“Ongi burututako hilketa guztietan behar-beharrezkoa den ausardia” (“Galbidea”, 73 or.) zerk ematen ote duen aztertuz, ondorio bitxiak aterako genituzke nobela beltzaren historia labur bezain trinkoan: grina, inbidia, diru-gosea, eskizofrenia, izkutuan mantendu beharreko zerbaiten lekuko suertatu dena isilarazi beharraren larria, mendekua. Alderdi guztiok eta gehiago lirateke zilegi ausardiaren zergatia argitzeko tenorean. Baina ez dute literarioki aise funtzionatzen baldin ez bazaio ingrediente berri bat, garrantzitsuena, eransten koktelari: amodioaren zioak bihurtzen ditu sinesgarri gainerantzeko eragin guztiak.
Gogoratu besterik ez daukagu “Postariak beti deitzen du bi aldiz” (Elkar, 1988) Xabier Olarrak euskaratua James M. Cain-en (Annapolis, 1892-Maryland, 1977) nobela famatuena den hau ere.
Cain-en pertsonaien ibilgoa ezin da ulertu diru-gosearen inguruko arrazoi sikologista hutsez. Sexurik ez balego, uda beteko arropetako izerdiak ez balekar gorputzak elkartzeko gogor barezina, errutinaren harrak jana ez balu eta zerrauts bihurtua bikote jakin baten maitasun ezpala, ez legoke tentsiorik.
Ez behintzat James M. Cain-ek nobela famatu hartan erakusten zigunik.
Berdintsu gertatzen da “Galbidea” izeneko nobela euskaraz argiratu berri honetan ere, Billy Wilder-ek zinera eramana Raymond Chandler-ek egindako gidoian oinarrituz eta Barbara Stanwyck aktoresa kontsakratu zuena, gero hain usua izan den hiltzaile ilehori-aren prototipo gisa (“aurpegi gozoa, begi urdinak eta ile horiska argia” 13 or.). Filme honek “Perdición” izenburua darama espainolezko bertsioan, Xabier Olarrak ere segitu duena itzulpen honi titulua emateko. Frantsesez, berriz, “Assurance sur la mort”.
Bi nobelen itzulpenek lortu dute halako testu batek eskatzen duena: hizkerak estorburik ez egitea narrazioaren erretena ikustezin gerta dadin.
Cain-ek berak behin idatzi zuenari fidel zaio Xabier Olarra: zuzena, “eskolan ibilia, perpausak bukatzen dituena eta gramatika tajuz erabiltzeko moldatzen dena”. Gogorkeria isladatuko duen hizkerak labanaz ebakitako estiloaren trinkotasuna behar du.
Ainguraren zama
Adulterioa ez da, hemen ere, helburu eta ez da onargarri erdiko bide gisa ere. Abiapuntu soila da tragediarako, amodio biztu berriak muga-mugako erabakiak eskatzen bait ditu bikote berria trianguluko hirugarren angelu baten zamaren aingura astunetik aska dadin. Hartarako ausardia behar da, ordea, hilketa ongi planifikatzera eraman behar dituena protagonistak.
Garbitu behar dena ia gehienetan da, nobela honetan ere bai, sua biztu duen trianguluko hanka berria baino aberatsago. Baita inozoago ere. Hala, bigarren ingredienteak tentsiogai berri bat erantsiko du: dirua. Senarra hil nahi lukeen emazteak zergatik hilko lukeen galdetzen dio kontakizun guztia lehendabiziko pertsonan harilkatzen duen Walter Huff aseguru saltzaileari. Honek erantzuten du:
—“Zugatik, hasteko.
—Besterik?
—Diruagatik”. (32 or.)
Motibazioren bat gehiago Walter Huff-ek leukakeena hilketara heltzeko? Huff berak aitortzen duenez “burutik eginda nagoela pentsatuko duzu. Bai, agian hala da. Baina pasa itzazu lan honetan hamabost urte eta ea ez zaren erotzen” (40 or.). Aitorpen honetan aseguru-etxeen kontrako alegato zuzen eta gogor bati ere ekingo dio Walter Huff-ek.
Ingrediente guzti hauekin, eta batez ere Phyllis-en alabordeak eskainiko duen bidegurutze berriarekin, anekdotak erraz burutuko du kunplimendu gihartsua.
Perfekzioa non?
Baina hilketa perfektoaren mitoa gurari geldituko bada, ez da izango ikertzaile abil bati esker edo hiltzaileen deskuido barkezinen baten erruz, inon perfekziorik ez dagoelako baizik. Nola izango da, ba, perfektoa hilketa bat, hartara behartu direnen amodia bera ere perfektoa ez denean? Hala, salatzen den ezkontza konbentzionalaren errutinatik odolaren itunez izenpetutako amodiorantz ez dago erdibiderik, maitasuna bera ez da posible, errukia ere posible izango ez den modu berean.
Odolaren itunak ez du ziurtatzen garaipena.
Bestalde, ez dago modu egokiagorik korrupzioa estalzeko korrupzio berri bat baino aseguru-etxeak bere izena zipriztindu ez dadin elkartuko dira Walter eta Phyllis bapore batean Mexicoko anonimatorantz. Mutilak galdetzen dio neskari ea zertaz ari den pentsatzen eta Phyllis-ek:
“—Ezkon gintezkeela, Walter.
—Ezkondu ezinik ez dago. Eta gero zer?
Ez dakit zenbat denbora egon ginen itsasoari begira. Berriro bera izan zen hitz egin zuena:
—Etorkizunak ez digu ezer gordetzen, ezta, Walter?” (171 or.)
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez