kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Jainkoa izan nahi zuen autobus gidariaren istorioa eta beste batzuk / Etgar Keret (Itziar Otegi) / Pasazaite, 2013

Bai mundu xelebrea! Iraitz Urkulo / Berton, 2014-05

Etgar Keret (Tel Aviv, 1967) gaur egungo hebreerazko narratibak duen ordezkari garrantzitsuenetako bat da. Hauxe da bere lanetako bat euskaraz irakurri dezakegun lehen aldia, Pasazaite argitaletxea eta Itziar Otegi itzultzailearen eskutik.

Liburua lau ipuin eta eleberri labur batek osatzen dute. Istorio horietan guztietan, Keretek errealitatearen mugetan kokatzen gaitu irakurleok; zenbaitetan, egoera absurduetan murgilduz, beste batzuetan, aldiz, protagonistak beraiek dira fantasiak (ala eromen goxo baten ondorio hutsa ote?) jota agertzen zaizkigunak. Izan ere, idazle honen pertsonaiak etengabe galtzera kondenatuak daude, baina ez dute horregatik bere burua galtzailetzat jotzen; alderantziz, borrokan jarraitzeko tema agertzen dute, zoriontasunaren bilaketari behin eta berriro, atsedenik gabe, ekinez, esfortzu oro alferrik dela eta are patetikoago (baita, irakurleon begietara, sinpatikoago ere, aitortu dezadan) bihurtzen dituela jakingo ez balute bezala.

Are gehiago esango nuke, autorea benetan trebea da bizitzaren alderdi tragikoari tonu umoretsu eta ironikoz aurre egiten, ia pentsaezina litzaigukeen modu xelebre batean giza-tragediak arintzen eta, oro har, horiei garrantzia kentzen, eguneroko drama txikiak zein kontu askoz transzendenteagoak izan. Dena estilo zuzen eta hizkera ezin garbiagoan kontatua.

Liburuari izenburua ematen dion lehen narrazioa, hots, “Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa” da, ziurrenik, bildumako ipuinik errealistena. Kontaketari fantasia izpirik falta ez zaion arren, bestearekiko errukiak bultzatutako bi gizon ezezagunen arteko enpatia du oinarri. Ageriko hoztasunaren aurrean, sentimendu eta emozioen mailako iradokizuna nagusitzen da, istorio hunkigarria osatuz.

“Nimrod-en pitzadura” izeneko bigarren ipuinean erlijio, arraza eta ideologia ezberdineko hiru lagunen istorio eroa azaltzen zaigu. Narrazioak badu exotismo puntu bat, batez ere deskribapen eta inguru hartan baino gerta ezin zitezkeen hainbat egoerari dagokienez. Istorio eroa dela diot, bestalde, hirukote protagonistak eroaldiak pairatzen dituelako, hain zuzen. Baina kontuz, pertsonaiak ez baitira egiatan eroak, gaitzak txandaka eta boladaka jotzen baititu, behin betiko edota denboran zehar luzatuko den pitzadurarik sekula eragin gabe. Eromenak, esan gabe doa, umorerako eta pasarte barregarrietarako ateak zabaltzen ditu.

“Infernuko oroigarri bat” eta “Uteroa” ipuinen irakurketak apur bat nahastuta utzi nau. Eta ez bakarrik, interpretazioa hain modu agerian ez eskaintzeagatik, tonuan nahiko ezberdinak direlako. Lehena infernuaren irteeraren aurrean denda bat duen neska baten narrazioa dugu. Nahiz eta egoera soberan absurdua eta, hortaz, ironiari eta bestelako bide maltzurrei lekua egiteko aproposa den, ez nago batere ziur, nahasmenaz gaindi, interpretazio-hutsunea betetzen, edo berdina dena, ezkutuko esanahia deskubritzen asmatu dudanik. Akatsa mezu ilunegian egon daiteke zein irakurle honen trebezia faltan, auskalo. Utero baten inguruko bigarren istorioak, ordea, denetan surrealistena izateaz gain, ukitu grotesko nabarmena du. Hori dela eta, ziurrenik horretarako preseski idatzia izan ez arren, teoria feministen argitan aztertzeko oso egokia iruditzen zait.

Azkenik, “Kneller-en kanpamentu alaia”-rekin egiten dugu topo liburuaren amaieran. Kapitulu labur-laburretan banatutako eleberritxo honen abiapuntua ezin originalagoa da: suiziden mundua, hara iritsi berri den mutil baten ikuspegitik lehen pertsonan deskribatua. Aurreikus zitekeenez, guztiok bizi garen mundua baino apur bat etsigarriagoa dena, baina aldi berean abentura zentzugabeenetan barrena abiatzeko toki bikaina bilakatua. Azken narrazioan aurreko istorioetan tantaka isuritako osagaiak uztartzen dira eta, une jakin batean, eztanda egiten dute: pertsonaia xelebreak, egoera absurduak, ideia eroak, umore beltza, gertaera surrealistak, ironia barra-barra, irudi groteskoak… Amaiera borobila, zalantzarik gabe, istorio harrigarriz osatutako liburu honetarako. Irakurketa dibertigarriak eta genero fantastikoa maite dutenentzat zinez obra gomendagarria.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak