kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014

Erraien mintzoa Ibon Egaña / Deia, 2014-05-10

Pertsonaia nagusi baten eta haren ahots narratiboaren gainean eraikia da Danele Sarriugarteren lehen eleberria, Erraiak. Nobela abiarazteko aitzakia narratiboa, aldiz, bikote-haustura du. Izenik gabeko narratzaileak, hogeitaka urteko neska gazteak, etxera heldu eta bikotekide izandako mutilaren agur-oharra aurkitu du.Horrek abiaraziko du narratzailearen barne-bakarrizketa, bikote-harreman horren sorreraren eta gainbeheraren zein aurretik gazteak izandako harremanen gaineko gogoeta eta disekzioa.

Berlin, Denver, Gasteiz eta sorterriaren artean ibilitako narratzailearen bakarrizketa neurotikoak denboran atzera-aurrerak egingo ditu, orainaldi zentripetu batetik abiatuta, eta bide horretan Z-rekiko harremana, Y-rekikoa edo U-rekiko adiskidantzaren akabera aletuko ditu, ikuspegi eszeptiko, batzuetan ironiko eta anti-erromantiko batetik, Bukowskiren eta Mari Luz Estebanen arteko halako balizko talaia berezitik, gorputza norbere buruaren eta harremanen ezagutzarako bitarteko gisa hartzen duen ikuspegitik. Trebe dabil narrazioaren atzera-aurreretan narratzailea, eraman egiten du irakurlea denboran atzera, berriro ere ezinegonezko orainaldira itzultzeko; tartean, sinesgarriro birsortzen ditu zenbait eszenatoki eta giro, gauekoak eta urbanoak nagusiki.

Hogeita hamar urteak oso urrun ez dituen narratzailearen nortasunaren sorrera dateke eleberriaren gaietako bat, artistaren gaztetako portreta gisakoa; herritik, Berlin eta Denverretik barrena, Gasteiza egindako ibilbidean narratzailearen inguruarekiko aldaketa (lagunekiko, sendiarekiko, mutilekiko) ezagutzen dugu, baina batez ere artista identitatearen sorrera. Hala, berezitasunaren eta normaltasunaren arteko dikotomian, konbentzio sozialetatik kanpo baina aldi berean barnean dago protagonista gaztea, eta kontraesan horiek arakatzen ditu egileak. Orobat, idazle eta musikarien aipu ugariek pertsonaiaren artista izaera hori azpimarratzera datoz. Ordea, narratzaileak artistaren pose hori inoiz autoironiaz hartzen badu ere, inpresioa izan dut ironia azalekoak ez duela erabat deusezten posea eleberrian zehar eta horrek urrundu egiten duela pertsonaia eta haren ahotsa irakurlearengandik.

Ahotsa da, dena den, eleberriaren lorpenik eta ezaugarri-markarik esanguratsuenetakoa ziurrenik. Estilo hotza, arrazionala, gordina, bihurria eta aldi berean jolastia, diferentziak diferentzia, Uxue Apaolazarena edo Iratxe Esnaolarena gogora ekar dezakeena. Beldurrik gabe ibili da Sarriugarte sintaxia bihurritzen, gauzei bere izenez deitzen edo hiztegia bera berritzen, aldi berean hoztasun analitikoa eta pertsonalitate bakana lortuz. Haatik, eleberriaren hasieran estilo hori narrazioari ongi egokitzen bazaio ere, inpresioa dut oro har estiloaren bortiztasuna eta gordintasuna ez dela kontakizunaren edukiei dagokiena. Alegia, idazkeran bertan dagoen tentsiorik ez dagoela narratzen den horretan (edo neuri behintzat ez zait iritsi) eta, hala, une batzuetan kontakizunari estilo-ariketaren traza hartu diot, estiloa handiegi etorriko balitzaio bezala, gaina hartuko balio bezala kontatu nahi den istorioari. Edonola ere, ahots berri indartsu eta arras pertsonala ekarri du Sarriugartek euskarazko nobelara, oso kontuan hartzekoa inondik ere.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak